« Kaosaren logika | Erraiak agerian »
Poesia kaiera / Maria Merce Marçal (Itxaro Borda) / Susa, 2014
Hiru bider errebelde Igor Estankona / Argia, 2014-04-06
Hiru bider errebelde egin ei zuten zirkunstantziek eta gizarteak Maria Merce Marçal (Ivars d’Urgell, 1952 – Bartzelona, 1998). Aitortu ere berak aitortzen du mentura deitzen duen horri zor dizkiola hiru dohain: emazte sortu izana, klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. Katalan Herrietako feministen enblema izan ziren eta dira oraindik hitzok, kaiera hau irekitzen duen Dibisa poemakoak, bere asmo guztien lehen liburua izan zen Cau de llunes (1977) ederretik hartua. Aipatzen duen herrialde zapaldu hori da Katalunia, bertan izan baitzen emakume Marçal. Batez ere emakume. Eta emakume katalan gisa zen, halaber, munduko proletarioen batasun ikusezinezkoaren parte.
Munduko Poesia Kaieretako bigarren antologia hau beraz, hitzaurrean Beñat Sarasolak dioen legez, politikoki da pertsonala: “Dimentsio intimo nabaria dute ale ugarik, baina dimentsio txiki horretan, (…) gizarteko eta giza-harremanen arteko auzi handiak azaltzen zaizkigu ezbaian”.
Marçal gai da xumeenetik egiteko poesia gorena. Edo agian gorena xumeena dela gogorarazi baino ez digu egiten. Erratza, trapua, lixiba eta xaboia armak dira beretzat. Xamurtasuna atributu. Poesia mailu bigun bezain sendo. Eta, bat-batean, murgil zaitzake dilema zailenean, kontraesan abstraktuena planteatu: “Nor dabil nitarik kanpo?/ Nola pentsatuko zaitut/ ni zu ez banintz bezala?”.
Poetaren sekretuak eta poesia paraleloan doaz hortaz. Nortasun artega baten bristada itsugarriak euskaratu ditu Itxaro Bordak. Ematen du katalanezko berezkoaren perfekzioa gordetzen dutela itzulpenek. Deskuiduan katalanezko berezkoak ez balira perfektuak, euskarazko hauek badira. Itxarorentzat seguru izan dela abentura bat berriro bizitzea lez, literarioki hain dira pertsonalak-eta aleetako asko… Yourcenar edo Ajmatova gogorarazten dute.
Oinatzak ezkutatzeko ahalegina egiten du Marçalek, eta era berean biluztasun guztiak jartzen ditu agerian. Egia esateko konpromisoa bere gain hartu zuen idazlea izan zen inondik ere, irudi eta efektu aldetik fina eta benetakoa. Niretzat aurkikuntza izan da, ezustea, oparia: “Su hartu genuen, hedoien sagardian./ Fruta bizia belarrera erori zen”. Mediterraneoko zelai leunak gogorarazi dizkit, halako batean lainoz estali eta euri biolento batek bustiak. Ama baten sabela etorri zait burura, umea barruan ostikoka daukana. Eskuzabala iruditu zait Maria Merce Marçalen poesia. Dena ulertuko ez banio legez utzi nau, gehiago irakurtzeko gogoz.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi