kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz / Lois Pereiro (Joxemari Sestorain) / Denonartean, 2013

Castelao akrata balitz Igor Estankona / Deia, 2014-02-01

Joxemari Sestorainen itzulpenari gustua hartu ezinik ibili naiz Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz (Denonartean, 2013) irakurtzen, noizbehinka printza bat, noiz­behinka poema eder bat: “Penetan bizi naiz zu gabean/ neketan diraut ukatzen gaituen urrunean/ nabilano bi munduren ertzean,/ ebatzi gaberik zu maitatzeko sosegua/ bietako zeinek damaidan,/ mindu gaberik ez zaizulako axola/ ni badaezpada gibelatzea/ borroka jada galdutik,/ erabakirik zugan ez sartzea jagoitik,/ ez, ordea, samintzea ihesi zugandik”.

Baina, ulertu egidazue, Monforteko ikonoaren eta Galiziako poesia erradikalki kontrakulturalaren ordezkaria ez dut aurkitu hemen, erritmoa galdurik eta lar hanpaturik euskara, korapilaturik datorrela iruditu baitzait itzulpen hau. Pereirok bi poema liburu utzi zituen. Bata izan zen Poemas 1981/1991 (1992) eta bestea Poesía última de amor e enfermidade (1995) itzel hau. Hil zen urtean, 1996an, Poemas para unha Loia argitartu zen, bere Madrileko bizipenen dekantazioa. HIESak jota hil zela uste du askok, baina bizitzak hil zuen, alde guztietatik eraso egin baitzioten ajeek. Lugoko Auzitegi Probintzialak ofizialki ebatzi zuen koltza olio desnaturalizatuaren kontsumoak eragindako intoxikazio batek eroan zuela.

Oren guztiek zuten gizona kolpatu, baina zoriontsu eta bizizale gogoratuko du literaturak; bota ttua: “Cuspídeme enriba cando pasedes por diante do lugar onde eu repouse, enviándome unha húmida mensaxe de vida e de furia necesaria”. Freskoa da Pereiro, hasiberriaren gorrotoa zein maitasuna barruntatzen zaizkio, ziztu bizian doa kontrolatzen ez dituen autopistetatik, eta horregatik maite dute hainbeste galegoek. 2011ko Día das Letras Galegas eskaini zitzaion, eta itzela izan omen zen atxikimendua, agian Pereiro katalogatu ezinezkoa zelako, inork beretu ezinezko izena. Badauka Thomas Bernharden lehorretik zer edo zer, badauka Rimbauden argitzapenen antzeko halako zorakeria eder bat. Espainiako kritikoek “latindarretatik urrun” zegoen tradizio bateko ordezkaritzat daukate, agian ahazturik Galiziaren arima zeltaz, Atlantikoaren xiringez, eta finean laurogeigarren hamarkadako Vigoko nahas-mahas aberatsaz.

Pereiro ez da ezinbesteko horietakoa, baina garai jakin bateko kronika existentziala egiten du. Berea poesia pertsonal bat da ez daukana bat ere bokazio unibertsalik, eta hain zuzen horregatik bihurtzen da noranahiko. Lois Pereirori egokitu zitzaion punkaren irudia eroatea punk izan gabe, belaunaldi kolpatuaren bozgorailua izatea hain modu intimoan idatzi arren. Autostop egin zuen Flauberten Roueneko etxera, poliglota amorratua izan zen —aipatutako Thomas Bernard zein Paul Celan irakurtzeko—, eta bere burua jarri zuen artisteoaren Madril arean azal haretatik aparte, nahiz eta Madrilen bizi eta han bertan sortu zuen Loia aldizkaria, esperimentala inondik ere, bidaide izan zituelarik Antón Patiño, Menchu Lamas, Manuel Rivas, Xosé Manuel Pereiro, Fermín Bouza eta Vicente Araguas. Lau zenbaki eman ziren argitara, 1978koa azkena.

Garratzak dira beraz irakurleak liburu honetan kausituko dituen iluminazioak. Konbentzioen kontrako Pereiro. Ados ez zegoena. Ahaztua eta gogoratua. Gutxi idatzi arren arrasto sakona utzi zuen jenioa. “Benetako poesiak beti dio egia, nahiz eta garratza izan”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak