« Azken afaria | Plath, poesia oihukatua »
Benito Cereno / Herman Melville (Jose Ramon Vazquez) / Alberdania-Erein-Igela, 2012
Itsas bidaia Iker Zaldua / Gara, 2014-01-26
Plazera da Herman Melville irakurtzea, are gehiago euskaraz irakurtzea. Hemeretzigarren mendeko idazlea, batez ere, Moby Dick maisulanari esker dugu ezaguna. Hura itsas eleberri bat da. Bertan Ahab kapitaina baleontzi baten buruan jartzen du inoizko bale ezagunena harrapatzeko asmo obsesiboan. Baina, Melville ez zen ale bakarreko idazlea izan. Itsasoari lotuta bizi izan zen idazlea bera, hemeretzi urte zituela itsasoratu zen lehen aldiz, New Yorketik Liverpoolera zihoan merkataritza-ontzi batean. Handik gutxira baleontzi batera igo zen ia lau urte iraun zituen bidaldi bati ekiteko. Horrenbestez, ez da harritzekoa bere obretan itsasoa protagonista ezinbestekoa izatea, ez da harritzekoa bere lanak itsas kutsua izatea.
Aipatu dugu bere obra entzutetsuena. Kasu honetan, ordea, Benito Cereno dugu esku artean. 1855. urtean argitaratutako obra bat da. Datu horrek, berez sortzen du zirrara. Bere garaian batzuek goretsi egin zuten, beste batzuen ustez, aldiz, akatsa izan zen Melvillen ibilbidean (Moby Dick bera ere oharkabean joan zen argitaratu zenean). Izenburuak Benito Cereno aipatzen du, baina esango nuke, Delano kapitaina dela egiazko protagonista, irakurlearen begiak Delanoren begirada baitu.
Delano merkataritza-ontzi batean porturatuta dago, urrunean, lauso, beste ontzi bat porturatu nahian, noraezean, behatzen duenean. Berehala, itsasotik lehorrerantz mamua bailitzan hurreratzen ari den ontzi hari laguntza eskaintzera abiatzen da Delano, eta hara iritsita ezagutzen du Benito Cereno kapitaina, misteriozko ontzi horretako kapitaina.
Misterioa lausopean sortzen du Melvillek, Benito agertu aurretik giro hori sortzen du bere deskribapen zehatz eta burutsuekin. Misterioak lagun egingo digu bide osoan. Delano ohartuko da ontzi horretan ikusten duena eta “Santo Domingo” ontzi iritsi berriko kapitainaren ahotik entzuten duena ez datozela bat. Delanok gauza bat pentsatu orduko beste susmo bat datorkio, nahasi egiten da. Nahasi egiten da irakurlea eta hori da, hain zuzen, Melvillen asmoa, irakurlea bera nahastea. “Santo Domingo” ontziaren egoera tamalgarriaren arrazoia topatu dugula uste dugunean, beste azalpen batek argudio hori zapuzten digu, egia itsasoan galdu dela pentsatuko dugu azkenean, eta ez dugula altxor hori ontzi horretan topatuko.
Bilaketa hori erritmo mantsoan egingo dugu, deskribapen ugari eta zehatzak erabiltzen ditu Melvillek, itsas giroko terminologia asko, zehaztasun gehiegi akaso, giro hori ezagutzen ez dugunontzat. Zenbaitetan itsasontzi zahar baten planoa irudikatu behar da buruan, egoera kokatzeko, protagonistak ontzian finkatzeko. Beharbada irakurleak hor topatuko dugu misteriozko eleberri honetan trabarik handiena, erritmo mantsoan. Horregatik, luzea ez izan arren, irakurraldi bakarrean ez irakurtzea gomendatuko nuke. Deskribapenek informazioa ematen digute eta, besterik gabe, aurrera jarraitu beharrean, irakurritakoa irudikatzea da nire aholkua, irakurraldiaz gehiago gozatzeko.
Ildo horretatik, itzulpenaren kalitatea aipatu nahi nuke. Jakina, idazteko estilo edo molde horrek zaildu egiten du irakurketa, bada, pentsa itzulpena. Jose Ramon Vazquezek ez zuen buruko min gutxi izango eginkizun horretan, baina bere ahaleginak merezi izan du, natural irakurtzen da, ez da antzematen forma beharturik eta, horri esker, arestian aipatu bezala Benito Cereno euskaraz irakur dezakegu, natural.
Azkenik, aipatu Alberdania, Erein eta Igelak elkar hartuta argitaratutako liburuan ez dela Benito Cereno soilik, gordetzen. Billy Budd, marinela, Herman Melvillen beste itsas abentura bat, ere barneratzen du liburuak, baina hurrengoan ekarriko ditut hari dagozkionak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres