kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Bizitza amets / Calderón de la Barca (Xabier Paya) / Alberdania-Erein-Igela, 2013

Itzulpena amets Ainara Maia / Gara, 2013-12-08

Lan itzela hartu du Xabier Paya itzultzaile eta bertsolariak XVII. mendeko Espainiako literaturaren Urrezko Aroko maisulan bat euskaratzeko, eta gozaraztea lortu du, nigan amestera ez ezik, zenbait gai filosofikori buruz eta, azken batean, bizitzako oinarrizko gaiei buruz hausnartzera eraman nauena, jatorrizko gaztelaniazko bertsioa irakurri gabe mundu horretan nahi gabe ere sartu naizelarik.

Shakespearen garaikide zen Calderon de la Barca poeta eta antzerkigilea, eta hark ingelesez bezala, berak ere espainieraz bertsoen bidez antzerki eragilea egin nahi zuen orduko gizartean, denbora-pasa soil izateaz haratago, bihotzak hunkitu nahi zituen Segismundo protagonistaren bitartez; Danimarkako printze zen Hamlet hura gogora ekarriz.

Espainiatik aldendu eta Poloniako printzearen bizitza tragikoa kontatzen digu bertsoz bertso Calderon de la Barca antzerkigile bikainak, eta bikain itzultzen ditu euskarara Xabier Paya bertsolariak. Gizabanakoen patuaren eta askatasunaren arteko talka du langai antzerki barroko honek, eta ameslariak zer amets egiten duen ez dakien bezalaxe, gizakiak ez du bere bizitza erabakitzen. Hori dio hitzaurrean itzultzaileak beste gauza askoren artean, idazle barrokoa goraipatzen duen Biktoriano Iraolaren bertso pare batekin hasten dena.

Ongi sortutako bertso errimatu eta neurtuetan filosofia edo bizi-hitza dugu hemen, gaztelaniazkoa fin itzultzen du kexatu gabe filosofo baten ustez, kexua/ ezen kexaren kexaz/ zorigaitza aurkitzen ei den erraz. Bertsolerroz bertsolerro aurrera egin dut irakurketan, eta ez dut gogorik izan ihes egiteko, nahiz bazen asmorik hasiera batean, baina bukaeraraino iritsi naiz amets batean bezala bildurik.

Segismundo protagonistarekin batera pairatu ditut penak eta zorigaiztoko minak, konprenitu gabe jaiotza dela gizonaren deliturik handiena. Hark botatako erantzunik gabeko galderetan galdu naiz, erantzunik aurkitu gabe, orain ni adimen gehiago izanik ere, ez naiz ni hain askea. Nolatan ni biziago izanik, ez naizen ni hain askea? Segismundo baino zorte txarragoarekin ni ote naizen galdetu diot neure buruari, ohartu naizelako oso maitemindurik nagoela eta ez naizela harekin bizi, eta horregatik ene bizitza itzaltzen ari dela pixkanaka bizipozik gabe. Ohartu naiz neure poztasun bakarra ene maite andalusa dela. Segismundoren desditxa neure azal-bihotzetan sentitu dut eta negar ere egin dut, batetik, neure sentimenduengatik eta, bestetik, nire leialtasunarengatik. Baina antzezlan tragiko honen bukaera zoriontsuak itxaropenez bete du nire bihotza errealitatean. Bizitza ametsa bada, ez nazazue esnatu, arren, bizi nadin zoriontsu ene maitearekin. Antzekoak direla diost Segismundok jaiotza eta heriotza, eta tarteka bizitza dagoela, amestutako bizitza zoriontsua, loriaz eta maitasunez beterikoa. Handienen liburuok, paperok, koadernook bizitzeko jakintza eman didate, nahiz eta jakiteak mintzen duen eta norbere burua, irakurleon burua, hiltzen duen.

Letren eta ametsen Res publica honetatik amets egiten duen orori gomendatzen diot Espainiako literaturako klasiko hau euskaraz irakurtzeko, klasiko bat izanagatik, gaurkotasun handiko gaiak, betiko gai iraungigaitzak daudelako bertan, legea ez bada zilegi Erregeari ez segi! Zer da bizitza? Ospela, desira? Oro da bizitza amets eta ametsak amets dira. Zer iragan ez da amets?

Izan ala ez izan, hori baita kontua. Edo bestela esanda, amestu ala ez amestu, hori da bizitza. “La vida es sueño” edo orain euskaraz “Bizitza amets” antzezlana bertsolerroz lerro ongi josita dago, eta neurtitzetan emandako antzerki-lan filosofiko bat jasotzen da bertan. Bertsotan egindako itzulpen arriskatu arrakastatsua dela iruditzen zait, hori esaten dit bederen nire euskal irakurle senak. Eta eskerrik asko, Xabi, bizitza eta ametsa bihotzak elkartzen dituela erakusten laguntzeagatik itzulpen lan honekin.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak