kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Euli-giro / Uxue Alberdi / Susa, 2013

Matrioxka asaldagarriak Hasier Rekondo / Berria, 2013-10-27

Gosea, bakardadea eta sumina dira, narraziootako pertsonaia baten hitzetan, literaturaren hiru zutabe behinenak. Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) narratzeko gose-grina sumindua eta trebezia naturala erakusten ditu Euli-giro (Susa, 2013) bere hirugarren ipuin liburuan. Klase ertainaren errealitate asfixiagarritik askatu ezinik gabiltzan honetan, narrazio labur epatanteak sortuz, errealismoa, surrealismoa zein errealismo magikoa konplexurik gabe uztartzeko gai dela erakusten digu Alberdik. Kameleoiaren antzera alkimizatzen ditu edukiak eta koktelera erakargarria eskaintzen digu: edozein unetan eztanda egiteko prest dauden “matriuska narratibo asaldagarriak”, sexuaren alderik perbertsoena taburik gabe jorratzeko joera tematia, xehetasun estetikoak, metafora boteretsuak eta egoerarik kafkiarrenetan sarkasmoa tentuz erabiltzeko maisutasuna.

“Txakurra bere gonbitoarekin lotzen duen enbarazua da ohitura” dio Beckettek Prousten lana hizpide duelarik. Uxue Alberdiren prosa ez da batere proustiarra, estilo zuzen eta arin baten jabe baita, baina bere pertsonaiak bat datoz txakur horrekin. Narrazioaren abiapuntua den mugaren bat dute pertsonaiok, ohitura etsigarriak are lazgarriagoa bihurtzen duena, ezintasun fisiko edo psikologiko baten jabe dira: haur bat etsituta izan nahi duen baserri misteriotsuan lekutzen den bikotea, familia zapaltzailearen arnasa jasaterik ez duen emakume haurduna, bikote adinduarekin elkarrekin suizidatzeko erabakia hartu duen idazle afizionatua, besorik gabe geratu den biolontxelo-jole ospetsua, alabaren aurrean txakur basati bihurtzen ari den ama… Narratzaile gisa lortu heldutasunak berezko estiloaz haraindi zerbait gehiago dagoela sumarazten digu hirugarren entrega honetan; elipsi finak, estiloaren freskotasunak eta narrazio ildoetan lubaki gisara erabilitako digresioen erritmoak erabat menderatzen dituela erakutsiz. Narraziorik ahulena, goiz batean bere bulegoko lankideek ezagutzen ez duten abokatuarena litzateke, Kafkaren metamorfosian oinarrituta, nonbait; ez du mantentzen gainerakoek eskaintzen duten tentsioa eta erabat aurreikus daiteke, liburuaren kalitatearen kaltetan sartu den narrazioa dela esango nuke.

Kasualitateak kausalitate bihurtzen dira, nonbait, literaturan zein bizitzan. Hortaz, ez da kausalitatea izango Alberdik omenalditxoa eskaini izana Alice Munrori (eta are kausalitateago izan liteke liburua argitaratu eta gutxira idazle kanadarrak Nobel Saria lortzea). Hortaz, ez da kausalitatea izango Munrori saria eman ziotenean komunikabideetan “Kanadako Txejov” ezizenaz izendatzea eta sare sozialetan galdera hau agertu izana : “Vargas Llosari eman ziotenean zergatik ez zioten ‘Peruko Pardo Bazan’ deitu?”. Eta ez da kausalitatea izango gure literaturan nolabaiteko misoginia hedatu izana azkenaldi honetan, emakumeen begirada berriak gutxiagotu nahian edo. Hortaz, ez da kasualitatea izango Alberdiren emakumearen begiradak kaleidoskopio baten gisara argiztatzea gizon zein emakume etsituen ahotsak. Eta begirada horrek narratzaile oso intuitibo baten forma hartzen du.

Kausalitatez ere, istoriootako zenbait protagonista idazle-afizionatuak dira. Distopia literarioak izeneko kontakizunean, Chestertonen kutsua antzeman izan diot, editore “porno-masokista” batek ideiak eskatzen dizkie indarrez idazle nerabeei : “Idatzi mundua zuen gorputz biluziei begira balego bezala. Zeren beldur zarete?” egiten die oihu. Ez gaude Rilkek poeta gazteari idatzitako gutunaren aurrean. Alberdik argiro erakusten du, euli-giroak ez diola enbarazurik egiten narrazioaren tramoia eraikitzean, ez dela ezeren beldur ohituraren gonbitoari aurre egiteko, matrioxka narratiboz jositako liburu eder hau lekuko.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak