kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Pedro Páramo / Juan Rulfo (Juan Garzia Garmendia) / Ibaizabal, 2002

Hildakoen bizipenak Oier Guillan / Gara, 2002-07-13

Ez da edonolakoa Juan Garzia Garmendia itzultzaileak esku artean hartu duen erronka. Ezein itzulpen lanek izan ditzakeen berezko zailtasunei Juan Rulfo idazle mexikarrak sortutako lan konplexu eta berezkoaren izaera gehitu behar zaio, tartean mexikarren hizkera propioaren isla eta Pedro Páramo honetan bereziki landutako prosa indartsua, alde askotarikoa eta neurri handi batean lirikoa.

Bi lan eman zituen argitara Juan Rulfo idazleak, Lautada sutan (1953) eta Pedro Páramo (1955), ostean isiltasunari lekua utzirik. Garai bertsuan argitaratutako bi lanek eragin bizia sortu zuten haien inguruan, bereziki “errealismo magikoa” deitu izan denaren oinarriak nabarmen bermatuz.

Haustura kausitzen ahal du irakurleak uneoro lerro artean. Liburuaren egituraketak nahiz edukiek ez dute agian bere garaian sor zezakeen harridura ekarriko egun, baina liburua berrogeita hamarreko hamarkadan Mexikok bizi zuen egoeraren testuinguruan hartzen badugu, aintzat hartzekoa da oso bere ekarria. Alde batetik gabeziaz beteriko herri xeheari zuzenean hitz egiteko aukera ireki zion liburuko pertsonaien bidez, berrikuntza garrantzitsua garai hartan. Aipagarria da Juan Garziak haien hizkera euskarara ekartzen egin duen ahalegina, zuzentasunari uko egin gabe ahozko bizitasuna eta originalarekiko gertutasuna ere bilatuz. Haustura, bestetik, denboraren trataera eta narrazioaren egituraketari dagokionez, jauzien bidez iragan eta ustezko orainaren arteko mugak behin eta berriz apurtzen baititu, liburu osoak transmititzen duen onirikotasuna lagunduz. Baina ez dira denboraren mugak apurtzen diren bakarrak. Juan Preciado hasierako narratzaileari erreala denaren eta ez denaren arteko muga lausotuko zaio, hildakoak agertuko zaizkio hitz egiten, eta, azkenik, Preciado bera agertuko da lurpeko dimentsio propio batean bizi diren arima erratuekin elkarrizketan.

Narrazioak aurrera egin ahala, hildakoen kontakizunaren bidez ezagutzen ahal da iraganean kokaturiko errealitatea, eta ez alderantziz. Hildakoen bidez barneratzen ahal da irakurlea Comala herrixka misteriotsuaren eta hango biztanleen historia baldintzatuko duten gertakizunetan, Mexikoren beraren historian, lurrarekiko lotura eta maiztergoaren dramatismoan, egunerokotasunean hutsaren hurrena izanik ere sentimendu eta istorio propioz beteriko herri xehearen mundu ikuskeran.

Klasikoen indar osoaz abailtzen da Pedro Páramo esku artean. Egitura eta formaren ezaugarrietatik harago, pertsonak topatzen ditu autoreak hildakoengan. Pedro Páramo pertsonaiarengan topatzen ahal da krudeltasunik handiena nahiz liburuko lirikotasunik agerikoena. Izan ere, Pedro Páramok sekula guztiz eskura izanen ez duen maitasun bakarra izanen baitu gogoan, bere botererik handiena ahul bilakatuz, dramatismo mingarriaz zipriztinduz haren ekintzak. Alderdi honek haustura nabarmena dakar beste guztiarekiko ere.

Pedro Páramo lerroz lerro, zatiz zati arretaz eta gogotsu barneratu beharreko liburua da, garaiko eta Mexikoko testuinguruan kokatuz gero dimentsio berezia hartzen duena, baina, edonola ere, egituraren berezitasunetatik harago eta giza ezaugarriei dagokienez, klasikoen gaurkotasun indartsua gordetzen duena.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak