kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Udazkenaren balkoitik / Joan Mari Irigoien / Erein, 1987

Belaunaldi esperientzia baten irudi etereoa Josu Landa / Egin, 1988-03-15

Literaturak batzutan belaunaldi baten oroimen kolektiboa interpretatzeko balio badezake, Udazkenaren balkoitik irakurri ostean hainbat konklusio atera litzake batek: 50. urtearen inguruan jaiotako euskaldunek askatasun egarriz bizitutako udaberria pasatu zutela inoiz (erlijioaren kontrako erreakzioa, marxismoa, udaldia etorri zela (68ko maiatza, ETA eta ingurukoak) eta gaur egun prozesu horren udazkenean aurkitzen direla (ametsak erlatibizatuz, irakaskuntza patxadatsuagoak atereaz aurreko belaunaldiekiko loturak deskubrituz). Belaunaldi horretako batek udazkenaren ikuspegitik idatzia dirudi nobela honek, eta ez dakigu zein puntutaraino Joan Mari Irigoienen ikuspegia belaunaldiarena ere izango ote den, baina azken hau erabakitzeak ez lituzke lerro hauek hitzez edo zentzuz irauli beharko gero.

Udazkenaren ikuspegitik idatzita dagoela esan dugu (hortxe dago nobelaren izenburua, Sherloch holmes izan behar gabe) baina negurik gabeko udazkenik ez dagoen neurrian, nobela guztian zehar neguaren presentzia etengabea ere bada. Neguaren presentzia edo, hobe esanda, aurreirudipena heriotzari buruzko gogoetetan gauzatzen da batik bat. Heriotzak, areago, gauzatze zehatzago batez kutsatzen du nobela guztia: amaren sabela eta azken orduko hil-kutxaren arteko kontrastea. Neguaren sinboloa artzen duen heriotza, halere, ez dugu berria Irigoienen nobelagintzan, eta Poliedroaren hostoak kontutan hartuta, egilea puntu honetan tratamentu obsesibora iristeko zorian dirudi. Berrikuntza edo aurrerakada, beraz, beste alorretatik letorke gaien aldetik, azken honetatik baino.

 

Bi belaunaldi zortzi istoriotan

1950. urte inguruan jaiotako zazpi gazteren eta beren gurasoen historia kondatzen zaigu nobelan “Amaren sabelean” izeneko lehen erdian gurasoen lau bikoteren historia bana azalduz, eta “Mundu zabalean” izeneko bigarrenean egilearen beraren belaunaldiko gazteekin beste lau historia osatuz. Egia da historia horietako bakoitza bere aldetik irakur daitekeela, baina hariz eta mamiz oso ahul gertatuko liratekela horrela. Nobelaren osotasunak oinarri sendoago ematen diete historia solteei, bakoitza bere aldetik baino.

Nobelan zehar aurkezten zaizkigun pertsonaien multzoak Joan Marik berak bere esperientziatik baitaratu duen nortasun konplexuaren elemenduak telegrafiatzen dizkigu. Orohar pertsonaiek egileak ezagututako jendearen oroimenez osatuak dirudite. Ematen du pertsonaiak osatzeko orduan fikzioa oso neurri txikian erabili dela, eta aski fikzionatzeari muzin egiten zaionean, dokumentazio lanak ikaragarria behar du. Batean zein bestean ez aritzeak pertsonaiak behar bezala ez eraikitzera darama, eta Udazkenaren balkoitik nobelan pertsonaia gehienak hankamotz suertatzen direla iruditu zaigu. Batzutan egilearen gogoetak agertzeko bitartekotza betetzea da beren funts nagusia. Bestetan, anekdota edo bitxikeria murritzegi batzuren inguruan osatzen dira (adibidez, errefrauak barra-barra botatzen dituen Joxepa, edota ahal duen guztietan latinez mintzo den Alejandro). Zenbait alditan kondatzen diren gertaera politek orekatzen dute gehienetan pertsonaien nortasun edo definizio falta hori.

Bestalde, pertsonaien geografia hamabost pertsonaia nagusietara gehiegi mugatzen da. Protagonisten unibertsoa bigarren mailako pertsonaia hain gutxiz umezurtz gelditzen dira.

 

Nolakoa da Ollaran?

Ollaran da nobela honetarako Joan Marik aukeratu duen kokaleku nagusia. Ollaran hori Altza herri donostiartuaren beste topoheteronimo berri bat besterik ez da. Horretara ohituta gauzka Irigoienek, eta nobela honetan ere oso nabarmena da Itzurun izeneko hiriak Donostia baino ezin duela izan, eta Altza Ollaran den bezala, errealitatean Herrera auzoa dena nobelan Txerreka dugu, e.a. Kointzidentzia asko eta asko daude. Hori bai, Altza eta Donostia ezagutzen ez duenak lasai-lasai pentsa dezake geografia imajinario bat dela, baina orduan zehaztasun eta deskripzio falta nabarmenagotzen da. Geografia imajinarioak ezin du aitzakia izan pertsonaiak zein tokitatik mugitzen diren nahikoa ez azaltzeko. Nobela fantastiko-sinboliko batean ere, ingurune fisikoak deskribitu egin behar dira, eta Udazkenaren balkoitik-en zehaztasun gutxi jasotzen dira alde horretatik. Gauza dezente sujeritzen dira Ollarango populazio-hazkundeaz, ingurune-hondamenaz eta Itzurun hiri nagusiarekiko morrontzaz… baina errealki, nolakoa da Ollaran?

Liburu honetan egunek, orduek eta minutuek ez dute agerpen zehatzik, askotan ezta urteek ere. Denboraren tratamenduak konnotaziora jotzen du bete-betean. Urte-sasoiak, jaiotza-heriotzak eta antzeko elemenduak dira akzioaren denbora-koordenadak markatzen dizkigutenak, denbora maila poetikoan kokatzen da, eta elemendu horietako bakoitza esanahi sinboliko ugariz horniturik ageri da. Idazleak aukeratu duen narrazio filosofiko-poetikorako ongi egokitzen da, eta irakurleak askotan pertsonaiak airean dabiltzala inpresioa jasotzen du. Oso gutxitan jakiten da ekintza batetik bestera zenbat denbora pasatu den, erreferentzia anbiguo eta orokor batzurengatik ez bada.

 

Poesiaren eta gogoetaren arteko ezkontza

Orain artekoa esanda, garbi gelditzen da Udazkenaren balkoitik nobela gogoetarako eta kondakizun bibentzial batzu agertzeko bide bezala planteatua dagoela. Hori da gure ustez bere kokapen erreala, eta ez dakigu Joan Mariren asmoa urrutirago joatea ez ote zen izango.

Bide batez, liburu honetan Joan Mari Irigoien poeta birdeskubritu dugu, duela hamar bat urteko Hutsetik esperantzara poema-bildumatik ezagutzen ez genuena. Poesia asko eta asko ageri dira orrialdeetan zehar, nobelaren narrazioak duen hari poetikoaz gain, eta honetan ere gehiago dirudite Joan Mariren beraren poesiak, pertsonaienak baino.

Baten batek pentsa dezake alderdi negatibo gehiegi nabarmendu ditugula. Jakin badakigu akats antzean aurkeztu ditugun hainbat gauza egilearen beraren aukera konszienteak direla. Zaila da 300 orrialdetik gorako nobela bat egitea, baina are zailagoa gertatzen da nobela hori tradiziorik gabeko estilo berri eta guztiz pertsonala erabiliz egin nahi bada. Zaila idaztea, eta are zailagoa irakurlearekin konektatzea.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak