kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Ezer ez / Janne Teller (Juan Mari Mendizabal) / Alberdania, 2012

Ezerk ere ez du axola Karlos del Olmo / eizie.org, 2012-09-17

“Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea; hori ikasi berria naiz” erronka jotzen die gaztetxo batek ikaskideei, eta fabula filosofiko moduko honetako gainerako protagonistak gogoz ahaleginduko dira, nor bere alorretik, bizitzak merezi duela erakusten, hartarako sakrifizio handiak egin beharrean badaude ere. Urte batzuen bueltan, irakurleek eta adituek eurek erakutsiko dute idazlan hau ondo sailkatuta dagoen ala ez gazte literaturatzat, uste eta espero baino balio handiago eta sakonagoak dituenez gero.

Janne Teller idazkuntzara heldu zen Nazio Batuetan hainbat aldetako gizarte gatazkak ebazten lan egin ostean; eta, horrexek, aldez edo moldez, argiro azaltzen du zergatik oratzen dien, idaztean, gazteen bizi itaun muntadunei, guztiak bakar batera bildu badaitezke ere: zertarako da gizakiaren bizitza? Bestela esanda, zerk du, bene-benetan, garrantzia? Kezka eta galdera unibertsal horietako batzuk modu errazean aurkezten ditu Jannek, gaztetxoen egunean eguneko bizitzako gainerako gertakarien antzera; emaitzak, ordea, oso munta handia lortzen du, eleberria ahantzezin bihurtu arte.

Egungo gizartean gazteei sinetsarazi nahi diegu zoriontsu izateko ezinbestekoak direla ospea, dirua, glamoura eta arrakasta, arrakasta lortzen duten bakanek ere, sarritan, amildegi hutsa besterik ez badute topatzen aurkez. Gazteak gero eta behartuago egoten dira lehiatzera, “izar” bihurtzera, ospetsu horietako bakoitzak harroinean tropel handi bat galtzaile baino ez duen arren. Hala, gaur egun populazioaren ehuneko handi bat oinarri psikologikoa duten trastornoen mendean dago, eta gazte ez gutxi gero eta hurbilago fanatismo itsutik.

Danimarkan, liburuaren gaiagatik, irakasle batzuek uko egin zioten eleberria ikasgeletan erabiltzeari, irakurle nerabe eta gaztetxoei depresioa eta suizidatzeko gogoa eragin zizkielakoan. Denborak, ordea, ederto erakutsi du txarren dauden irakurle gazteek liburuaren orrialdeetan bizi kezken gainean gogoeta egiteko aukera paregabea izan ohi dutela. Liburua zentsuratu egin dute, baina ideiengatik, batez ere, ez darabilen hizkeragatik, eta horrek beste ezerk baino argiago erakutsi du egungo gizarte europarrean dena ez doala behar bezala ezinezko gertatzen bada bizialdiren gaineko uste zabalduak zalantzan jartzea, 14 urteko batek kolokan jartzen badizkie ingurukoei onaren, gaitzaren, diruaren, erlijioaren, ospearen, boterearen, familiaren eta enparauen gaineko uste errotuak.

Giza gatazka gehienak globalak dira, tokian-tokian eta garaian-garaian oso bestela mamitu daitezkeen arren, ezaugarri historiko, geografiko edo kulturalen arabera. Herri bakoitzak bere modura erantzuten die kezka unibertsalei, eta bere erara antolatzen ebazpideak. Egilearen arabera, egiak besterik ezin ditu herriak eta gizakiak aske egin egoera gatazkatsuetan. Literaturak, berez, ezin ei du ezer aldatu, baina itaun nahiz gogoetagai egokiak plazaratzen baditu, kezkadunak eurak arduratuko dira ekintza bihurtzeaz.

Inork ez zuen liburua argitaratu nahi izan, hasieran; hamar urteren bueltan, ordea, eleberriak ospe handia eta zenbait sari inguratu ditu, gurera ere heldu dela, azkenik. Hala, Juan Mari Mendizabalaren itzulpenari esker, erraz eta atseginez irakurriko dute euskal gazteek eleberri ahantzezin hau; izan ere, “garrantziarekin ez dago txantxetan aritzetik”.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak