kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Olga / Maria Dolors Salat (Maria Jesus Iartza Martiarena) / Hiria, 2002

“Olga” edo hiesak eroaten dizkigun lagunen epopeia Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-06-29

Hiesak egunero maltzur eta isil
eroaten dizkigun heroi anonimo guztiei.

Maria Jesus Iartza Martiarenak Hiria argitaletxerako euskaratu digun Olga nobela ezari-ezarian igaro liteke, ia oharkabean, Euskal Herriko literatur uholde txikiak itorik. Eta penagarria litzateke. Zinez. Literaturan, zorionez, denak idazle ospetsu eta handiak ez direlako. Literaturan, eskerrak, obra guztiak ez direlako lau haizetara zabaltzen direnetakoak. Literaturan, fortunaz, denak heroi handiak ez direlako. Egile guztiek irteten ez dutelako telebistako solasaldietan, elkarrizketa liburuetan edo periodikoetako orrialde handietan. Baina, halere, handiak dira txikitasunean. Eguneroko tragedia txikien larria letra gai bilakatuta irakurlearen bihotza hunkitzeko ahala eta eskua dituztelako.

Badira, izan, idazle xumeak. Bai. Lan xumeak. Izan ere. Heroi txikiak. Jakina. Tragedia txiki bezain izugarriak beren arruntasunean, beren txikitasunean, beren egunerokotasunean. Olga eleberrian horrelakoak topatuko ditugu. Egunero ezkutatzen edo ezikusi egiten ahalegintzen garen errealitate gordin eta mingarriak. Gizartean gustura egon ez eta drogaren bidetik abiatuta, hiesaren hatzapar hiltzaileetara heltzen diren giza seme-alaba arrunt eta xeheak baino ez ditugu topatuko drama nobelatu honetan, inoiz ere pastoral bilakatuko ez den sujet honetan. Baina horrelakoxe gizakiekin gomutatzea ezinbesteko dugu gizateriak aurrera egingo badu.

Maiteminik senti ote dezake drogaren tragedia anaiaren haragietan ezagutu duen mutil batek hiesak jota dagoen neska batekin? Gaixotasunaren jakinaren gainean dagoela, guztiz jakitun dela? Eta halako zorigaitzekoarekin bizitzen jarri? Bizitza partitu? Beren harremana arriskutsua dela jakin ez ezik, iraungi data albora ezinezkoa jarrita duela ondo mamituta ere duela?

Erraza da horrelako gaiak hizpidera ekarri orduko sentimendu samurregietan behera labaintzea eta amiltzea. Baina M. Dolors Salat i Torras idazleak katalanez erdituriko eleberri hau; txikia eta, itxuraz, erraza izan arren; ez dabil bide erraz horietatik. Egiatasuna bilatzen du. Egiatasun horrek mina eta etsipena ekar ditzakeen arren. Idazlea osasun laguntzaile tekniko moduan jarduna da hainbat urtean. Psikologian diplomatua izanik, bizitzaren kolpe latzak jasandakoen ondoan lortu ditu liburuetarako lehengaiak, bizigaiak eta… herio gaiak. 1994. urtean Don.na saria eskuratu zuen Katalunian. Dolors-ek dioenez, “Ez da gorputz liraina edota kultura handia dutenena soilik bizitzaz eta maitasunaz gozatzeko pribilegioa. Bizitzarik okerrenean, ilunean ere, argi izpiak, poesia zatiak eta maitasun uholdeak aurki ditzakegu”. Beude esanok!

Zulo sakonaren beltzetik gora begiratzerakoan argiak, irteerak, urrun baino urrunago dirudi. Baina, bestalde, iluntasunean, argi izpirik meheenak ere argi handia egin dezake. Idazleari nabarmen igartzen zaio hurbil-hurbil izan dituela marjinatuak eta horien familiak. Esperantzarik gabekoen zakartasuna eta adiskidetasun hautsiezina. Horrelako bizigaiak esku artean darabiltzanak, azkenik, Heriok eroandako bakoitzaren galera holokausto moduan bizitzen du.

Nobela egituraz oso klasikoa da. Klasikoegia, beharbada. M. Jesus Iartza itzultzaileak sarreran dioen moduan, eskailera mekanikoaren antzera azkeneko maila garratzeraino eroaten zaituelako. Zuk gura zein gura ez. Bidaia honetan Itaka heriotza bera da. Azken geltokia burdinbidearen amaiera hutsa. Geltoki deslai eta abandonatua. Beraz, ustekabekorik ez. Benetako mentura, askotan legez, bidaia bera da. Baina joanaldi horretan asebetetasunetik ezerezera abiatuko dira dohakabeak. Dena edukitzetik ezer ez izateraino helduko direla jabetuta. Bidaian protagonistak irabaziz adina galduz doaz: maitearekin egotearen pozak maite gaixotuaren destaina izaten du ordain; sexuaren pozaldiak haragi gaixo eta zimelaren ustela; amodioaren interesik gabeziak eta eskuzabaltasunak amaiera jakina duenaren lasaitasun eta berekoitasun etsia; norbera osotoro emateak bestearen uzkurtasun mindua… Baina, ezin bestela jazo, heriotzak, halaz ere, igali emango du. Zer eta maitasun poema bat. Zertzuk eta ezerk ezaba ezin ditzakeen gogorakizunak. Eleberriko azken poemak dioenez, “nahi eta ezin dudanaren artean”. Hortxe dago koska!

Liburuan han-hemenka akatsen bat edo beste agertzeak ez du lausotu behar lanari darion heriozko bizitasuna. Bere burua beste jabetzarik ez duenak zer du oparirik handiena eta bere burua osorik eta muga barik besteri ematea! Horra heroi txikien handia. Ohituz joan beharko dugu: hiesak jotakoak, tratu txarrak jasandakoak, drogazaleak, espetxeratuak, deserriratuak…; gure desberdinak izango ditugu gero eta sarriago auzokide, haiekin bizitzera eginez joan behar dugu, inoizko batean geu ere talde marjinatu haietako batekoa izan gaitezkeelako. Dagoeneko halakoxeak ez bagara, izan ere.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak