kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Kontakizunak / Edgar Allan Poe (Koro Navarro) / Elkar, 2011

Itzalean argi Ander Irizar / eizie.org, 2012-05-29

Dagoeneko hogei urte baino gehiago joan dira Literatura Unibertsala bilduma abian jarri zutenetik Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Eusko Jaurlaritzak. Bitarte horretan, 150 literatur lan baino gehiago euskaratu dira. Autoreen eta obren hautaketan izango da argirik eta itzalik, baina, hala ere, ez da nolanahikoa liburu sorta horrekin euskal literaturari azken urteotan egin zaion ekarpena. Aipagai dugun bildumaren lehen aroa 100 obrak osatu zuten, eta ale haietako hogeirekin da orain gauzatze bidean Urrezko Biblioteka deitu zaiona.

Biblioteka urrezko hori zer libururekin osatu behar den ere eztabaida daiteke, baina, kontuan hartuta Poe Erromantizismoko figura aipagarrienetakoa dela, eta ez diola modan egoteari utzi, min pixka bat emango zukeen idazle hau kanpoan uzteak. Idazle estatubatuarrak literaturaren arlo asko jorratu bazituen ere, bere kontakizun laburrengatik da bereziki ezaguna. Beldurrezkoak batzuk, zientzia-fikzioaren aitzindari izan zirenak beste batzuk, dedukzioan oinarritutako detektibe-kontakizun erabat berritzaileak ere bai besteren batzuk: dozenaka batzuk idatzi zituen guztira. Liburu honetan, ordea, zortzi bakarrik bildu dira, eta bada hemen ere argiez gain, beraz, itzalik ere, asko samar baitira euskaratu gabe geldituak. Edozein modutan, hel diezaiegun argiei. Hala, esan dezagun hor direla, esate baterako, Usher etxearen hondamena, bere kontakizun onentsuenetakoa, baita Maelström kresal usainekoa ere, zientzia-fikzioaren lehenbiziko agerbideak dituena, Putzua eta pendulua ezaguna, Amontillado upela, lehenago ere euskarara ekarria —Jon Mirandek lehenbizi, eta Oskillasok hurrengo—, eta oso bestelako taxuko Mari Rogêten misterioa, non interesgarria baita, historia bera baino gehiago nire ustez, Poek egindako hausnarketa filosofiko-zientifikoa. Eta esan dezagun, halaber, irakurleak, liburuko zortzi kontakizunotan zehar, aurkituko dituela, bai, Allan Poeren kontakizunetan ohikoak diren toki ilun eta itogarriak, egoera izu-eragileak, baita pertsonaien gogo-egoera bereziak ere, beren pertzepzio nahasiak eragindakoak askotan. Berak izandako esperientzietatik ateratakoak dira, ez da dudarik, bere narrazioetan ageri diren elementuetako asko, psikologikoak batik bat. Beste idazle askorekin bezala, Poerekin ere esan daiteke oso bizitza ona izan zuela literaturarako, baina ez, ordea, bizitzeko.

Esan dugunez, berrargitalpena da hau, Urrezko Bibliotekako gainerakoak bezala. Aipagarria da, ordea, liburuok ez direla besterik gabe ari berrargitaratzen. EIZIEk izendatutako batzorde batek aztertzen ditu testuak, eta, kontuan hartuta euskarazko testugintzan eta arau formaletan azken urteotan izandako aurrerabideak, aholku batzuk ematen ditu liburu bakoitzaren zuzenketarako. Koro Navarroren itzulpenak ere pasatu du iragazki hori, eta 2000. urteko itzulpen honek, hala, biziberrituta ikusi du orain argia. Merezi luke fortuna izatea, Urrezko Bibliotekako gainerakoekin batera, bere bigarren mundualdi honetan.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak