kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Erruletazalea / Mircea Cartarescu (Joxemari Sestorain) / Denonartean, 2011

Biharrik gabeko ametsa Bixente Serrano Izko / Berria, 2012-04-15

Errumaniako literaturaz ari, bi izen handi etortzen zaizkigu burura, gaur egun kultuko halako sortzaile ikusten ditugunak: Tristan Tzara eta Eugene Ionesco. Biek ala biek, zein bere generoan, mundu oniriko izugarri iradokitzaile eta artegagarri batean sartu gintuzten. Gaur egun, Mircea Cartarescu ez doakie atzetik: amesgaiztoa, artegatasuna, muturreko absurdoaren zentzugabekeria…, bizitzaren osagai, eta ez muturrekoak, funtsezkoak agian. Elioten lerro birekin hasten da ipuin hau, eta lerro berberekin bukatu epitafio gisa: “[…] kontsolamendua laurogei / urte izanik biharrik ez duen agure bati”. Idazle zahar bat dugu narratzailea, erruleta errusiarreko azken balaren zain, eta irrikan agian, dagoena.

Mircea Cartarescu poeta, narraziogile, teorialari eta kritikari literario dugu, gaurko errumanierazko letretan prestigio handienekoa eta ezagunena mendebaldeko bertze hizkuntzetan: harekin amesten omen dute lehen Nobel saria lortzekotan. Moderniaosteko gailurtzat, bai bere ideietan bai bere sormen lanetan, jotzen dute. Gaurko ipuin hau, Denonartean etxeak lan labur eta esanguratsuak euskarara ekartzeko egin duen apustuaren bertze ale bat, egilearen ipuin bilduma baten parte da, hitzaurreko gisa jarri zuena. Bildumaren izenburua: Ametsa, hain zuzen. Eta, izan ere, Erruletazalea gaurko honek bitxiki idarokitzen du badagoela errealitateari erreferentzia egiterik amets(gaizto)en bidez. Cortazar, Kafka, Borges, Kundera… aipatzen dituzte kritikariek gure egilea nonbait kokatzeko orduan, eta bai, horrela ikus daiteke lagin honetan, ahaztu gabe, dena dela, nire ustez, hasieran aipaturiko errumanierazko bertze mugarri haietaz.

Narratzaileak erruleta errusiarraren jokalari baten bizitza profesionala kontatzen digu. Bizitza osoan, txikitatik, apustuzale eta beti galtzaile ibili den baten esperientzia. Erruletan bakarrik ateratzen hasi da garaile behin eta berriz, baina galtzaile gisa bukatzen du saio bakoitza, lurrean zerraldo eroria, errebolberreko balak buruan jo ez izanak partida galtzea suposatuko balio bezala: “Bere buruaren aurka egiten zuen apustu Erruletazaleak”. Bistan dena, zorte txarrekoa ere joko honetan. Horrelako apustuetako enpresari baten morroi hasi da lanean, soto ilunetan antolaturiko ikuskizunetan bere bizitza arriskuan jarriz: ikusleak, apustulari. Probatik bizirik ateratzen bada, ikusleak galtzaile, enpresaria irabazle: bera, komisio baten saridun. Autonomo bihurtuko da gero: bera enpresari eta jokalari. Hain zorte txarrekoa izanik betidanik, laster bihurtuko da Erruletazale, letra larriz, bertze jokalari guztietan antonomasiazkoa. Gero, ez ditu apustuak onartuko, ikusleak ikusle huts izanen dira, sarrera baten erosle huts: bere hil ala biziko jokoa, ikuskizun huts. Eta hirugarren fase batean ere sartuko da: proba gero eta morbosoagoak, danborrean bala bakarrarekin ez, birekin, eta hirurekin, eta…

Narratzailea, idazle den agurea, fase guztietan egon da apustulari/ikusle…, horrelako bizizale. Mundu horretan harrapaturik, bizitzan bertan denok harrapaturik gauden bezala: zorte kontua den bizitzan, hil ala biziko txandak gero eta ataka estuagokoak direneko bizitzan. Ipuin hau narratzailearen azken idazkia da, idazlearen errebolberrak danborreko zulo guztiak beteak ditueneko unea da: bizitza osoan literatura idatzi ondoren, azken honetan “lerro hauek idatzi arren, ez ditut literaturatzat hartzen”, “Herio dut irakurle bakar”, “orriotan datza betierekotasunerako nire proiektua”. Finean, biharrik ez dagoenetik ametsetan hasten den betierekotasuna?

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak