kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Brodecken txostena / Philippe Claudel (Itziar Diez de Ultzurrun) / Igela, 2011

Brodecken txostena Mikel Garmendia / eizie.org, 2012-01-30

Badira hiruzpalau egun Brodecken txostena irakurri nuela eta haren oihartzunak dabilzkit oraindik ere buruan. Claudelek Alemaniako mendialdeko herrixka batean kokatuko digu kontakizuna joan den mendeko gerra handien Europan. Herrixkara arrotz bat iristen da, Andererra (bestea, alemanez) eta herriko gizonek hil egiten dute. Herriko eskolatu bakarra Brodeck izaki, berari ematen diote hilketa horren kontakizuna eta zuriketa egitea txosten baten bitartez. Txostenean hilketa horren berri ez ezik, Brodecken beraren iraganaren eta orainaren berri ere ematen du eta ez nolanahi gainera: “Ez naiz abokatua. Ez naiz polizia. Ez naiz kontalaria. Kontakizun hau da —ez dio axola inoiz irakurtzen denetz— horren frogarik behinena, aurrera-atzera bainabil etengabe, denboraren hariaren gainetik jauzika hesi baten gainetik bezala, inguru-minguruetan galdurik eta funtsezkoena isilduz, nahita ez bada ere.”

Izan ere, nazien esparru batean izan baitzen Brodeck, non gizakiaren mailarik makur eta behekoena ezagutu baitzuen: “Nirekin batera giltzapeturiko gehientsuenek uko egin zioten hala jateari. Hilik daude. Nik zakurren moduan jaten nuen, lau hankan eta ahoarekin. Eta bizirik nago.”

Beldurra eta bakardadea ageri dira bai Andererraren hilketaren kontakizunean, bai Brodecken bizitzarenean ere, zer izugarrikerietarako gai den gizakia (eta areago gizakiek osatutako masa) beldurraren eraginez eta zeinen latza den bakardadea. Ez nuke esango, hala ere, kontakizun ezkorra denik. Gogorra bai, baina ez ezkorra, gogorkeriaren eta ankerkeriaren aurrean, maitasun-keinuak (Andererraren irribarre etengabea eta izaera baketsua) eta ahanztura (ez erabatekoa) jarriko baitizkigu. Ahantzi eta berriro hasi, Brodeckek berak ere halaxe egingo baitu. Erabateko ahanztura bezain okerra delakoan etengabe oroitzea.

Brodeckek berak dioenez kontakizunean etengabe atzera-aurrera ibiltze hori ez da, ordea, oztopo bi istorioak elkargurutzaturik ondo jarraitzeko. Prosa jariotsua darabil horretarako Claudelek, jasoa bezain argia, deskribapen zorrotzak erritmo bizi batekin konbinatzen dituena. Tatxarik gabea da, alde horretatik, Itziar Diaz de Ultzurrunen itzulpena, bertsio zehatz eta argia eman baitigu, euskara jasoan, ekialdeko ukituez zipriztindua.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak