kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Dekameron (hamar ipuin) / Giovanni Boccaccio (Matias Mugica) / Igela, 2011

Beste Dekamerone tipi bat Ander Irizar / Diario de Noticias, 2011-11-18

Iaz jarri zuen abian Igela itzulpen-argitaletxeak gazteei zuzenduriko “Bidelagun” saila, eta sail horretan argitaratu du —azaleko irudiak norbaiti besterik pentsaraz badiezaioke ere— Decameroneko hamar ipuin biltzen dituen liburu hau. Bigarren hezkuntzako curriculumetan ageri den Trecentoko klasiko hau, ikastetxeetan, Castalia argitaletxearen argitalpenaren bidez landu izan da, eta gaztelaniazko argitalpen hori izan dute abiapuntu, hain zuzen, liburu hau prestatzean. Bigarren hezkuntzara dagoenez hein batean bideratua, liburuak irakurketa-gida bat ere badu amaieran, eta, irakurle ez hain trebatuaren lagungarri, oin-ohar mordoxkada bat ere bai, non, zenbait hitzen esanahiarekin batera —behin hasita, hitz gehiagoren esanahia argitzea ere ez zen sobera egong—, bestelako argibide eta jakingarriak ere ematen diren.

Edonola ere, klasiko bat den heinean, edonorentzat gerta daiteke interesgarria horrelako lan bat. Gabriel Arestik berak ere aspalditxo jo zuen begiz Decameron, eta, hala, itzulpenak gurean hain ohikoak ez ziren garaietan, jatorrizko ehun ipuinetatik hamabost ekarri zituen euskarara Dekamerone tipi bat izenburupean. Oraingo hau Matías Mugicak euskaratu du —bada lehenago ere lan garrantzitsuak itzulia iruindarra, hala nola Célineren Gauaren muturrerainoko bidaia—, baina Mugicak, ordea, ez dio Arestik erabili zuen lapurtera klasikoko ereduari jarraitu. Egia esateko, kontuan izanda Decameron XIV. mendean idatzitako testua dela, Arestiren eredua agian hobeki lotzen zaio jatorrizkoari, baina har dezagun kontuan, bestalde, toskanera arruntean idatzi zuela Boccacciok Decameron, hau da, herri-hizkeran, eta badela arrazoirik, beraz, testua, jatorrizko prosaren zenbait ezaugarri gordez, irakurle arruntari hurbiltzeko.

Antzeko zerbait gertatzen da ipuinen hautaketarekin ere. Decameronen, izurri beltza dela-eta Florentziatik ihesi joandako zazpi neskaren eta hiru mutilen istorioa kontatzen da, eta, marko horren barruan, hamar lagun horiek hamar egunetan elkarri kontatzen dizkioten ipuinak; hau da, guztira, ehun ipuin. Ipuin horietatik, ordea, gaurko irakurleari atsegin edo ulerterraz gerta dakizkiokeen hamar ale biltzen dira hemen.

Ipuinok, seguruenik, gaur egun baino harrigarriago gertatuko zitzaizkien, eta hein batean beraz atseginago, garai bateko irakurleei. Izan ere, oso obra berritzailea izan zen Decameron. Berritzailea, bai egituraren aldetik, ipuinak, ordura arte ez bezala, mekanismo landu eta konplexu baten bidez baitzeuden josiak, eta bai, Errenazimentuari aurrea hartuta, profanoa zelako Boccacciok zerabilen ikuspegia. Horren ondorioz, Europa guztian barrena zabaldu ziren Decameronen itzulpenak, oso baliagarriak gertatu zirenak, besteak beste, tokian tokiko hizkuntza arrunten eredu literarioak finkatzeko bidean. Olatu hura ez zen iritsi orduan euskararen itsasbazterrera; orain beste egoera batean heldu zaigu klasiko hau. Xabier Olarra editoreak liburuaren sarreran dioen moduan, “ea liburu hau irakurtzea lagungarri gertatzen den norbaitentzat, literaturaren arloan lehenik, eta hortik aurrera ahal den arlo guztietan”.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak