kritiken hemeroteka

6.933 kritika

Azken kritikak

« | »

Ekaitz aroa / Joxe Iriarte "Bikila" / Txalaparta, 2001

Gatazkaren begiak Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-05-25

Konpromisoari eskainitako ibilbidea da Joxe Iriarte Bikilarena. Hala bizitzan nola literaturan, kolore bati—gorriari— eta herri bati —Euskal Herriari— emandakoa. Kolore eta herri baten alde eginez, munduko herri eta kolore guztien alde egiten duena. Militantzia horren testigantza eman zigun orain bizpahiru urte Borrokaren gorrian liburu autobiografikoan, eta literatura politikoaren uretan murgildu da orain, betebetean, Ekaitz aroa nobelarekin.

Ez dator, ez, oparo literatura politikoaren errekastoa gure letretan. Badira, noski, gatazka politikoaren inguruan taxututako nobela eta liburuak; baina, giro politikoa testuinguru, kokaleku bezala agertzen da gehienetan, bigarren mailan nolabait, garrantzia pertsonaien barne-munduari edo giza harremanei emanez. Oso bestelako proposamena da Bikila-rena: “politika fikzioa” aldarrikatzen du. eta politika da, hain zuzen, liburu honen ardatz, hasi eta buka. Horregatik, agian, jokoz kanpo eta ustekabean harrapatu gaitu eskuartean dugun eleberriak, ohikoa ez den tratamendua ematen baitio gaiari.

Iragan hurbileko aro (honezkero) historikora garamatza Iriartek nobela honetan: Lizarra-Garaziren aurretiko giro iluna du abiapuntu. Erakunde armatuak alderdi abertzale nagusiko buruzagi bat bahitu du, eta infiltratu den satorrak gauzak are gehiago nahastuko ditu. Lehendik iluna zen politikaren zeruak eztanda egingo du orduan, eta ekaitza lehertu ahala, odola isuriko da nonnahi. Baina barealdiak jarraitzen omen dio ekaitzari (euskaldunoi jada sinesgaitza egiten zaigun arren), eta nobelak aurrera egin ahala, ostarteak azalduko dira politikaren zeru beltzean.

Lizarra-Garaziko ilusiozko garai eta giroari egindako omenaldia da liburu hau. Izan zitekeen baina izan ez zen konponbidearen aldeko oihua, oraindik ere ezagutu ez dugun barealdiaren aldeko aldarria. Iraganera begiratu du Bikila-k liburu honetan, hura berrasmatuz. Ez, ordea, iragana onartzeari uko egin nahirik, iraganeko erruetatik ikasi, eta aurrera egiteko baizik. Iragana ezagutzeak oraina ulertzen lagun dezakeelako; atzeak erakusten duelako aurrea nola dantzatu.

Begiak eta egiak

Aspaldi aldarrikatu zuen poetak gurean “hautsi da anphora”. Honezkero, anfora apurtu bat da errealitatea, ispilu hautsi bat, plater txikitu bat. Amaitu dira egia absolutuak eta errealitatea antzemateko modu bakarrak. Ez dago egiarik, ez dago errealitaterik, ezpada nire eta zure errealitatea. Nork berea. Eta gatazka honi so egiten dion begi bakoitzak du bere egia. Apurtutako plateraren zati guztiek osatzen duten puzzlea da izan litekeen errealitate bakarra.

Ispilu apurtuaren zati ñimiño horiek dira, hain justu, errenteriarrak liburuan islatu nahi izan dituenak. Ikuspuntu guztiak bilduz, errealitate deitzen dugun hori ulertu nahian, batetik, eta bestearen egia ezagutzeak gatazkaren irtenbidean lagun dezakeelakoan, bestetik. Isildu egin da Borrokaren gorrian hartan mintzo zen idazlearen nia, eta gizarte konplexu eta anitz honetako begiei eman die ahotsa. Egileak berak jo zuen erronka, aurreko liburuaren atarikoan: “Esaten den guztia ez da, ziur aski, egia osoa izango, baina nire egia da, beste batzuen egiarekin osatzeko eta zuzentzeko zain gelditzen dena”. Beste egia horiek dira liburu honetakoak: erakunde armatuko kideena, sator infiltratuarena, lehendakariarena, biktimen elkarteena eta beste hamaika. Ezinezkoa litzateke ahots guztiak biltzea, baina aski dira liburu honetakoak gure errealitatearen poliedrikotasunaz jabetzeko.

Halaber, erakusten duen gizartea bezain zatikatua da idazleak erabili duen narrazio-teknika ere. Adabakika egituratu du nobela, eta kolore anitzez osatutako atalak elkarri josi dizkio: egunkariko albiste zatia, orain; komandokideen arteko elkarrizketa, gero; lehendakariaren adierazpen instituzionala, batetik; presoaren eta bere aitaren arteko gutun trukaketa, hurrengo.

Ahots, kolore eta formen polifonia ederra da, beraz, Ekaitz aroa. Hala ere, iruditu zait nobelaren erdialdetik aurrera, ikuspuntu aniztasun hori ez dela oso ongi ezkontzen argumentuaren garapenarekin. Lehen ataletako pertsonaiak eta istorioa desagertu egingo dira bigarren erdian, eta irakurlea apur bat galduta senti liteke.

Literaturak galderak ala erantzunak planteatu behar ote dituen, ez dakit. Nolanahi ere, nobela hau irakurrita, irudipena dut honetako liburuek argi egin dezaketela harrapatuta gaituen tunel ilun honetan. Eta ez da gutxi. Norberak bila ditzala, ondoren, proposamenak, galderak edo erantzunak. Bere egiak.

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Javier Rojo

Horma
Anjel Lertxundi

Iratxe Retolaza

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak