kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Hau gizon bat bada / Primo Levi (Mikel Irurtia) / Alberdania, 2011

Gizaki hustuak Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-06-26

Asko idatzi eta hitz egin da nazien kontzentrazio esparruez eta Holokaustoaz; topiko ere bihurtu dela pentsa daiteke, esate baterako, nobela eta film negar-eragileak kokatzeko testuinguru perfektua aurkitu dute egile eskasek eta diru gose den industriak gertakizun larri haietan —bitartean, eskuin muturreko pentsamenduak indarra hartzen jarraitzen du Europan—. Dena dela, Primo Levi judu italiarraren Hau gizon bat bada-k ez du zerikusirik horrelako produktuekin, eta ez da alferrik Holokaustoko literaturako obra nagusitzat hartzen. Liburua 1947an argitaratu zuen lehen aldiz, argitaletxe txiki batean, Auschwitzetik irten eta pare bat urtera, eta ez zuen arrakastarik izan handik urte batzuetara Einaudik berrargitaratu zuen arte. Levi 1943ko abenduan atxilotu zuten Italiako mendietan, hara egin baitzuen ihes urte horretan bertan erresistentzia antifaxistari batzeko, eta milizia faxistari judua zela adierazi zionez, armada okupatzaile alemaniarrei entregatu zioten. Auschwitzeko esparruetako batean sartu zuten alemaniarrek, eta armada gorriak askatu bitarteko hilabeteetan han bizi izandakoak kontatu zituen liburuan, egileak eranskinean dioen bezala, “lekukotasunaren hizkuntza bare eta soila” erabilita, “ez biktimaren arranguratia, ez mendekatzailearen sumindua”. Horrenbestez, laneko kontu gogorrez, janari banaketa urriaz, ur zikinez eginarazten zieten garbiketaz eta esparruko eguneroko bizitzako bestelako kontu makurrez dihardu liburuak, baita atxiloen arteko harremanez —gizatasunik gabekoak gehienetan— edo atxilo eta kapoen artekoez ere, lan esparruak atxiloei gizatasuna kentzeko sistema ondo pentsatuak zirela erakutsiz —erakutsiz, azalduz baino gehiago—; Danteren Comedia-ko Infernuari liburuan egiten zaizkion erreferentzia ugariak ez dira apaingarri literarioak.

Pentsalari askok galdetu diote beren buruari nola sortu ahal izan zuen gizakiak gizakia akabatzeko sistema perfektu hura, eta nola egin ahal izan zituzten hilketa haiek guztiak. Primo Leviren arabera, “gertatu dena agian ezin da konprenitu, are gehiago, ez da konprenitu behar, konprenitzea kasik justifikatzea baita”. Hala ere, liburuko paragrafo batek laburbiltzen du bigarren galderari askok aurkitu dioten erantzuna: “Irudika dezagun orain gizon bat, zeinari, bere pertsona maiteak ez ezik, etxea ere kendu baitiote, usadioak, arropak, guztia, hitzez hitz eduki daukan guztia: husturiko gizona izango da, sufrimendura eta eskasiara murriztua, duintasunik eta burubiderik gabea, guztia galdu duenari aise gertatzen baitzaio bere burua ere galtzea; halako moduz ezen, giza atxikipen oro saihestuz, kontzientziaren harrik gabe erabaki ahal izango da haren bizia edo heriotza (…) Suntsipen esparru hitzaren zentzu bikoitza ulertuko da orduan, eta argi geldituko da zer adierazi nahi dugun esaldi honekin: hondoa jo”. Haien gizatasuna kentzen zietelako, gizaki izateari uzten ziotelako akaba zitzaketen horrela, hiltzen zutena ezin zelako pertsona hitzaz izendatu, esparruak sortutako hori beste zerbait zelako (Levi: “Gosea diogu, nekea, beldurra eta mina diogu, negua diogu, eta bestelako zerbait dira. Hitz libreak dira, beren etxeetan gozatuz eta sufrituz bizi diren gizaki libreek sortu eta erabilitakoak”). Beraz, gizakia husteko sistema bat deskribatzen du Levik, bera nola hustu zuten erakusten digu, baina, paradoxikoa dirudien arren, hori egiten duen bitartean, gizakiaren izaerari buruzko pentsamendu sakonak eskaintzen dizkigu, eta liburuak gizakia zer den hobeto ulertzen laguntzen digu.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak