kritiken hemeroteka

8.563 kritika

« | »

Denbora galduaren bila - Swann-enetik / Marcel Proust (Joxe Austin Arrieta) / Alberdania-Elkar, 2010

Analogien labirintoan Beñat Sarasola / Berria, 2011-01-30

Hona hemen literaturaren historiako pasarte gogoangarrietako bat, Marcel Prousten Denbora galduaren bilako-ko lehenengo aleko —Swann-enetikCombray izeneko zatiko lehenengo partearen amaiera: “Eta, hala nola gertatzen baita japoniarrak libertitu ohi diren jolas horrekin, portzelanazko katilu bete ur batean paper-zati txikiak bustitzen dituztenean, ordura arte denak berdinak, baina, uretan murgildutakoan, luzatzen, ingeradatzen, koloreztatzen, bereizten direnak, batzuk lore, besteak etxe, bestetzuk pertsonaia jakin eta ezagungarri bihurtuz, halaxe, orain, gure lorategiko lore guztiak eta Swann jaunaren parkekoak, eta Vivonneko nenufareak, eta herriko jendeak oro, eta beraien etxetxoak, eta eliza eta Combray osoa eta beraren aldiri guztiak, tankera eta trinkotasuna hartzen duen oro, hiri eta lorategi, nire te-kikaratik jalgia da”.

Dudarik gabe, liburuko pasarte ezagun eta funtsezkoenetakoa da honakoa eta Prousten idazmoldearen adibide bikaina orobat. Gérard Genette literatur teoriko eta kritikariaren esanetan, Prousten prosaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa bere izaera metaforikoa —eta ez metonimikoa— da. Hau da, narratzailearen lotura metaforikoei esker egiten duela narrazioak aurrera, eta ez, testu narratibo gehienetan legez, kausa-efektu erlazioaren bidez. Analogia horietan famatuena, ziur asko, ezki-uretan bustitako madalenarena dugu. Marcel narratzaileari madalena busti ondoren ahoan dastatzen duela, txikitan gauza bera egiten zuenekoa etortzen zaio burura, eta honekin, iruditeria pertsonal oso bat, bizitza oso bat, azken batean. Hein batean, madalenaren dastatze hori da Denbora galduaren bila guztiaren motorra, oroitzapen horrek —eta ez, esaterako, istorio katramilatsu batek— ematen diolako kontagaia.

Hona ekarritako testu zatia madalenarena kontatzen den partearen azkeneko esaldia da. Analogia bat baino gehiago topatu daitezke bertan. Japoniarren jolasaren eta te kikaratik narratzaileari iradokitzen zaionaren arteko konparazioa dugu alde batetik; bestetik, madalenaren zaporeak daraman guztia: “gure lorategiko lore guztiak, eta Swann jaunaren parkekoak, eta…”. Hori guztia esaldi bakar (eta luze) batean.

Esan bezala, idazketa mota hau da nagusi liburuan. Analogia luzeak, eta maiz, horien barnean beste analogia edo ildo batzuk. Prosa hedakorra da erabat Proustena, ildo nagusi gabekoa ia, eta horretarako hipotaxia —laburbilduz, perpaus konplexu eta mendekoak— erabiltzen du behin eta berriro. Ezagun da euskarak hipotaxia egiteko dituen arazoak, eta, horregatik, seguruenik honako hau da literaturaren historiako euskarara itzultzeko testu zailenetakoa. Lan horretan laguntzeko erlatibozko esaldietan azentu marka erabili du Joxe Austin Arrieta Ugartetxeak. Oker ez banaiz, ez da estreinako aldia hori egiten duena, eta berriki, beste lan batean ere erabili izan da makulua, Luis Berrizbeitiak itzuli zuen J. M. G. Le Clézio-ren Basamortua-n. Aintzat hartzeko aterabidea iruditzen zait; gainontzean, ulergarritasunaren mesedetan, esaldia moztea beste erremediorik geratuko ez litzaigukeelako sarritan. Eta, jakina, Proust esaldiak etengabe moztuz itzultzen baditugu geratzen zaiguna gehiago da Putz.

Hori dela eta, ez da gehiegizka aritzea itzulpen hau euskara eta euskal literaturarentzat historikoa dela esatea; hedabideetan islatzen diren hamaika kanpaina, sari, adierazpen eta ekitaldi baino askoz ere munta handiagokoa. Eguneroko saltsa mediatikotik kanpo egon arren, edo hain justu horregatik, indarrez azpimarratu beharreko lana.

Azken kritikak

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Nagore Fernandez

Etiopia
Bernardo Atxaga

Asier Urkiza

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Jon Jimenez

Eresia
Goiatz Labandibar

Amaia Alvarez Uria

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak