« Mingostasuna ardatz | Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz »
Gauaren sakonean / Haruki Murakami (Ibon Uribarri) / Erein, 2009
Neoizko iluntasunean Mikel Ayerbe / Berria, 2009-12-27
Katuak, jazza, gazte eta post-nerabeen gatazkak, beisbola, ametsak eta sinesmenak, zauriak eta orbanak… Haruki Murakamiren libururik inoiz irakurri duenak badaki elementu horiek duten garrantzia idazle japoniarraren kontakizunetan. Eta zertaz ari garen ez dakienak orain du aukera azkenaldiko idazle ezagunenetariko eta gehien saldu duenaren Gauaren sakonean liburua euskaraz irakurtzeko, Erein argitaletxeak atera duen Uzta Gorria bildumako laugarren alea baita berau.
Izan ere, Murakamik bere ohiko formulei heltzen die izatez 2004an idatzi eta oraintsu Ibon Uribarrik euskarara itzuli duen Gauaren sakonean nobelan. Izenburuak iradoki bezala, liburuko gertaera guztiak gau bakar batera mugatzen dira: 23:56tik 06:52ra arte. Kapituluz kapitulu, gainera, erloju batek gertaerak igarotzen ari den denbora gogora ekarriko du, nolabait, kontakizunaren eta denbora linealaren artean batasuna bilatuz.
Argumentuari dagokionez, narratzaileak aldi berean film bateko kamera eta off-eko ahotsa balitz bezala, Mari protagonistaren gau jakin baten berri emango digu. Besterik ezean, gaua hirian liburu bat irakurtzen pasatzeko asmoa du Marik, eta horrelaxe ezagutuko du Takahaxi. Hortik aurrera, gau horretako orduek nola aurrera egingo duten jakingo du irakurleak: nola Marik Love hotel bateko gorabehera batzuk argitzen laguntzen dien bertako langileei, nola berriro ere Takahaxirekin elkartzen den, gertaera jakin batzuekin lotura duten bestelako pertsonaiek nolako gaua igaroko duten… Baina, bereziki, Marik ahizparekin duen harreman gatazkatsua bideratzeko indarrak batuko ditu itxuraz ohiko gau baina, era berean, esanguratsuan.
Izan ere, maitagarrien ipuin moderno baten gisa, Mariren ahizpa Eri esnatzen ez den lozorro amaigabe batean datza preso, Loti ederra balitz bezala. Izatez, Japonian izen propioa duen gaixotasun bat du Erik, hikikomori bat da, bere burua denbora luzean etxean bakartuz eta inkomunikatuz, oinarrizko betebeharrak egin bai baina beste denbora guztian lotan datzana. Eta Mariri jasanezina zaio egoera hori.
Esan bezala, Murakamik bere irakurleak ohituta gauzkan elementuak erabiltzen ditu nobela honetan ere. Batetik, gaztetasunera iritsi berri diren nerabeen hainbat gatazka ditugu, batik bat Mari protagonistaren azalean mamitzen direnak; eta, bestetik, idazle japoniarrak sortzen duen fantasia poetikoaren zantzuak aurkitzen ditugu Eriren eszenetan, lo datzan logela horretan gauza arraroak gertatzen baitira, ohiko logikarekin azaldu ezin diren gorabeherak. Eta, horrez gain, katuak, jazza, beisbola, ametsak eta sinesmenak, zauriak eta orbanak…
Eta, nolanahi ere, estiloari dagokionez, hainbat elementuk labain egin diote Murakamiren zale den irakurle honi. Adibidez, kontakizunari ikuskera zinematografikoa lortzearren erabiltzen duen lehenengo pertsona pluralaren erabilera artifizialegia begitandu zait; esanahi berezia ematearren esaldiak letra etzanaz markatzeak ere ez nau konbentzitu, irakurlea gehiegi bideratzen dutela baiteritzet halakoei; kasualitateak muturreraino eramateko mania errepikakorra ere debaldekoa da batzuetan… Agian, izango da Murakamiren Tokyo Blues (Norwegian Wood), Kafka en la orilla edo Al sur de la frontera, al oeste del sol (gaztelaniaz aipatzen ditut horrelaxe irakurri nituelako) bezalako, nire ustez, liburu bikainekin alderatuz gauza gutxi iruditu zaidala Gauaren sakonean hau. Eta, agian, batek baino gehiagok esaten duten bezala, Murakami beti liburu bera idazten ari den idazlea delako ere izan daiteke, eta horrelakoetan maiz gertatzen den bezala, xarma ohitura bihurtzen denean xarma izateari ere utzi egiten diolako.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez