kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Ez obeditu inori / Mikel Peruarena / Susa, 2009

Inoren klixetik eta kortxetetik aske! Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-11

Mikel Peruarena idazlearen lehen nobela duzu Ez obeditu inori. Kalean bere hirugarren liburua da, halere. Poesia liburu bi kaleratu ditu dagoeneko, 2003an eta 2006an. Idazle berri bezala ekarri nahi dugu, alabaina, idazletzan azkar zailtzen eta trebatzen ari den egile ageri zaigu Ez obeditu inori nobelaren idazlea.

Bada bulta bat Ez obeditu inori nobela irakurri nuela. Hona liburuak utzi zizkidan inpresio batzuk. Inpresioak oro har, eta ziztadak eta zirrarak orobat.

1— Bulta bat erran dut. Bulta edo aldia joan da irakurri nuenetik. Abiaburuan nobelaren aldia aipatu nahi dut: XIX. eta XX. mendeen artean kokatuta dago. Historiaz gutxi dakit, baita hain gurea den aldi horretaz ere. Alta bada, aldi horretaz irakurri dudanean —testu apurretan— garaia zirraragarria egin zait. Dela fikziozko testuetatik irakurri dudana edota beste iturrietatik jaso dudana ere bai. Alegia, garai horretako istorio biziak entzumenetik heldu izan zaizkigu. Kasurako, nago, Ez obeditu inori-ren egileak —nobelarako ondo dokumentatzeaz bestera— garai horretako pasadizo biziak entzun izan dituela. Peruarena ez da alferrik Ereñotzun jaioa.

2— Bulta bat erran dut. Mikel Peruarenak bulta handiarekin ekin dio nobelari, bai horixe. Ez obeditu inori izenburu beretik aztoratzen zaitu. Historiako garaia asko matxinatzeko modukoa izan da, eta halakoxea dugu nobela garatzen den aldikoa. Eta alditasunaz beste, kokapenak tiratzen bazaitu, bada, zirrara handiagoa da oraindik ere. Hau da, kasurako, iragan bi mendeen arteko Donostian eta bere inguruan kokatu izanak bulta eta munta ematen dizkio nobelari.

3— Kokapenak eta aldiak munta izateak baina, ez du nobela ona egiten. Istorioaren kokapen nagusiari (Donostia, kasu) bestelako inguruak eranstea beharrezkoa izaki, egileak pertsonaia nagusiaren bitartez, Soteo Mujikaren narratzailearen bitartez, Kubako gerrako hainbat pasarte eta gure historiarekiko hainbat nahaste-borraste jakin du eransten. Estudiantearen bitartez, Madrilekiko bideak eta ibilerak kontatzen dizkigu. Frantsesaren bitartez berriz, Parisekikoak eta Komunekoak, baita iraultza txikien paradoxak ere. Emilio alta, Frantziara Okzitaniatik joan zen. Okzitandarra eta poeta dugu Emilio, besteak beste. Zein kontakizun eta ikaspen ederrak hiru pertsonaia nagusiren ingurumarian —estudiantearen figura, figura eta klasea, bi zentzutan, kontraste ederra baita— eta beraien espresioen bitartez! Peruarena ez da alferrik Ereñotzun jaioa.

4— Nobelaren adierazpen moldeak badu munta. Munta ez ezik, idazleak darabilen hizkuntza bizia da. Espresio naturalak. Pertsonaien mintzamoldea, hitzetik hortzera doan hizkuntza freskoa da. Hohner harmonikaren soinuek girotzen —eta edertzen— dute Mujikaren adierazpenak, bertsoak eta Maria Kristinaren bitarteko zirtoak. Estudiantearekikoek eta Emilioarekikoek areago biziarazten dute narrazioa —ez dira pertsonaia bakarrak, noski—.

5— Historia eta istorioa. Gure historiaren une bizian eta mugarrian kokatua da nobela. Angiolillo eta Canovas del Castillo politikariak aipaturik —anarkista eta kontserbadorea— nahikoa duzu istorioa historian kokatzeko. Haatik, nobela ez da historikoa, nobelari istorioak ematen dizkio jite eta munta. Angiolilloren ibileratan sartu dira hiru pertsonaiak. Haren garaiko asmoei eutsi nahi diete hiru lagunek. Lagunen adiskidetasuna gauza ahula da baina, botearen aurkako jazarkundean! Pikareskak egiten du liburua nobela, ez historiak.

6— Historia eta istorio baino gehiago da edozein nobela. Nobela historiaren aldi errealetan fikzio bilbe egokia txertatzean datza. Peruarena ez da errazkeriatara mugatu hartara. Susa argitaletxeko idazle multzo batek lantzen duen nobelagintzan kokatu dut nik Ez obeditu inori. Ez da erraza ez obeditzea, eta idazleak ez du horregatik molde errazean idatzi. Nobelaren bilbeak arreta eskatzen du irakurketan. Libre antza eraiki eta idatzi nahi du Peruarenak. Inoren klixetik eta kortxetetik aske!

Iraultzan pertsonak nola hala idazleak idazletzan, iradokitzaile izan behar du, garaile aterako bada.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak