kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Suminez / Philip Roth (Nagore Tolosa) / Meetttok, 2008

Gaztearen amorrua Javier Rojo / El Correo, 2009-08-22

Philip Roth gaur egun Ameriketako Estatu Batuetako literaturan aurki daitekeen izenik garrantzitsuenetako bat da, garrantzitsuena ez esatearren, halako baieztapen erabatekoek beti huts egiteko arriskua badute ere. Aurten euskaraz bere nobela bat agertu zaigu Suminez izenburuarekin, Nagore Tolosa Ustoa itzultzaileak halaxe euskaratu baitu jatorrizkoan Indignation zena. Bertan, gazte baten kezkak eta bizipenak kontatzen zaizkigu, testuinguru historiko zehatz batean kokatuta. 50eko hamarkadaren hasieran gaudelarik, Koreako gerra lehertu berria da, eta soldadu amerikarrak hara bidaltzen dituzte komunisten kontra borrokan aritzeko. Giro horretan egingo du Mascus Messner izeneko gazteak lehenengo urtea unibertsitatean. New Jerseykoa da, harakin juduaren semea, eta hasieran etxetik hurbil dagoen unibertsitate bat aukeratu du ikasketak egiteko. Baina, laster, ezinezkoa izango zaio bere aitarekin burutzea, eta Ohioko Winesburg Unibertsitatera joatea erabakiko du. Ordura arte aitarekin zuen harremana arazo berezi eta handirik gabe izan bazen ere, bat-batean aldatu egin da, eta aitarekin bizitzea itogarri bihurtu zaio. Izan ere, aita, agian gerrarekin kezkatua, semeari zerbait larria gertatuko ote zaion beldurrez dago uneoro. Presio horretatik ihes egin nahirik doa, bada, Ohioko unibertsitatera. Ohion bere kasa bizitzen ikasi beharko du, gurasoen kontrolik gabe, eta ikasle ona bada ere, arazoak izango ditu laster ikaskideekiko harremanetan. Egoitzan suertatu zaizkion gelakideekin, adibidez, ez du harreman onik eta bi aldiz eskatuko du beste egoitza batera aldatzea. Jarrera honek unibertsitateko agintarien arreta erakartzen du eta nabarmen geratzen da gaztea, guztiarekin amorratuta, ez dela gizartean oso ondo moldatzen. Gaztea bere izaera independentea azpimarratzen saiatzen da egoera horretan, eta horrek, jakina, ondorio txarrak ekarriko dizkio.

Nobela lehenengo pertsonan kontatuta dago eta gazte horren ikuspuntua erakusten zaigu, besteekin dituen diferentziak eta lehenengo sexu esperientziak azaltzen zaizkigularik. Batzuetan umore zipriztin batzuk ere baditu liburuak, baina umorea azkenean mingotsa da oso, bere atzean ikasgai gogorra gordetzen baitu. Nobelaren bukaera aldean adierazten den bezala: modu izugarri eta ulertezin batean norberak egiten dituen hautu hutsal, halabeharrezko eta usu komikoek ondorio lazgarrienak dituztela.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak