kritiken hemeroteka

8.618 kritika

« | »

Izatearen arintasun jasanezina / Milan Kundera (Karlos Cid) / Alberdania-Elkar, 2009

Batasunak eta bitasunak Ion Olano / Gara, 2009-08-28

Esaten badut, euskaraz irakur daitezkeen literatur lanen artean, itzulpenak direla distira gehien dutenetakoak, ez naiz Amerika deskubritzen ariko. Nabarmena baita, azken urteotan bereziki, euskarazko idazkera literarioa aberasten ari dela itzultzaileen ekinaren ondorioz, eta akaso, idazleen lanagatik baino gehiago. Esan gabe doa, itzulpen-bildumetan ale eder askoak azaldu izan dira, ez horratik beti nahi bezain txukun. Inondik ere, Izatearen arintasun jasanezina da Milan Kunderaren eleberririk zabalduena. 1982an idatzi zuen txekieraz, Nesnesitelná lehkost bytí izenburupean, baina Estatu frantsesean ikusi zuen lehen aldiz argia, 1984an, L’Insoutenable Légèreté de l’être izenaz. Gurera, beraz, hogeita bost urteko atzerapenaz heldu da. Baina kontuak zer diren: jatorrizko lana duela hiru urte argitaratu zen estreinakoz Txekiar Errepublikan, eta salmenta marka guztiak hautsi zituen. Ordurako, alabaina, mundu osoko irakurleen artean zen ezaguna.

Neuri dagokidanez, duela zortzi urte irakurri nuen gaztelaniazko bertsioa, eta gogoan dut atsegin uneak eman zizkidala, baita amorruzkoak ere. Orduko hartan, liburuaren antolaketak eta idazkera bitxiak erakarri zuten nire arreta. Narratzailearen tonu orojakilea, ordea, nardagarria egin zitzaidan zenbait pasartetan, ez zitzaidan gustatu idazkeraren harropuzkeria usaina. Era berean, bukaera birritan irakurri nuela oroitzen dut, ez nuela deus ulertu, eta ez-ulertze hori antzua izan zela erabat. Oraingo honetan, liburua berriro hartu dut, jakin-minez, itzulpena nolakoa den ikusteko, eta banekielako lehenengo irakurketa hura xaloa eta berdea izan zela, oraingoan bukaera ulertuko nuen esperantzaz. Bada, euskarazkoa irakurriz izan ditut atsegin uneak (esaldi ugari azpimarratu ditut, zer pentsatu ugari eman dit), eta amorru uneak ez dira hain biziak izan. Ez dut jatorrizko edizioa ezagutzen, ezta frantsesezkoa ere, baina esango nuke euskarazko hau lan txukuna dela oso. Hasteko, narratzailearen tonu orojakileak hortxe jarraitzen du, baina ez diot halako harropuzkeria usainik hartu. Bukaerari dagokionez, ez dakit aurrekoan baino gehiago ulertu dudan, baina gustatu behintzat, ez zait gehiago gustatu.

Eleberri baten hezurdura ikustea bezalakoa da nobela hau irakurtzea. Narratzaileak argi uzten digu pertsonaiak pertsonaia direla, azaldu egiten digu nondik sortu dituen, haien psikologiaren oinarriak marrazten dizkigu, batzuetan eskematikoegi. Kunderak L’art du roman liburuan aipatzen zuenez (hori ere aspaldi eta gaztelaniaz irakurria), eleberriak eta sinfoniak elkarrengandik oso hurbil ikusten ditu. Halaxe eraikia dago Izatearen arintasun jasanezina, zazpi ataletan (edo mugimendutan), dozenaka azpiataletan (edo konpasetan), hainbat arnasaldi (edo tempo) baliatuz. Sinfonietan gertatzen den bezala, leitmotiv batzuk errepikatzen dira eleberrian: Beethoven, onddo-kapela, Edipo, Nietzsche… Kontakizuna sostengatzen duten oinarriak (alegia, gaiak) honakoak dira: grabitatea eta arintasuna, arima eta gorputza, Martxa Handia, kaka eta kitsch-a, errukia, bertigoa, indarra eta ahultasuna. Agerikoa denez, bitasunez osatuta dago nobelaren batasuna, pertsonaiak ere binaka azaltzen zaizkigu, balantzaren alde banatan bezala. Mundua kontrako bikotetan antolatzeak, agian, balio dezake epe motzean, baina badakigu, epe luzean, ezabatu egiten direla bitasun horiek, eta ordurako, ez dakigula zeri heldu.

Azken kritikak

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak