kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Egunsentiaren esku izoztuak / Xabier Lete / Pamiela, 2008

Haragiztatzearen mugetan Igor Estankona / Argia, 2009-03-15

Hamasei urte idatzitakoa argitaratu barik, eta Xabier Lete sakontasun itzel batekin dator orain, barruak hustu eta poema hunkigarrienak opatzera. Lourdes Iriondoren falta existentziaren zentzu falta bihurturik ia, heriotzaren eta denboraren liburua da Egunsentiaren esku izoztuak. Ez dago ebidentziarik beste mundurik dagoenik dioskunik, edo ez dagoenik segurtatzen digunik. Poema hauek dira testigu. Lourdes Iriondoren gorputz diskretua da haragia abandonatu duen izpiritua, eta perfekzio ukiezin hori, purutasun hori, presente dago lerro hauetan, Xabierrek ematen dio bizia bizirik ez denari. Oroitzapenak eta halabeharrez aurrera doazen egunak. Harrapaturik gaude, guztiok, paradoxa horretan.

Testuetan zehar existentzialismoa dabil, baina baita zer edo zertan sinistu beharra ere. Poesiak sortzen du bien arteko kontradikzio ezaren ilusio antzeko bat: bizitzaren taupada ahula da, eta heriotzaren legea bortitza, baina bizi dira joan zirenak, eta gure zain daude, etorkizunik gabeko leku batean. Horregatik isiltasun arraro bat da nagusi egunsentiaren esku izoztu hauen fereka artean. Idatzi baino gehiago Letek idazkera ezabatu egingo balu bezala. Itxaronaldi bat da azken batean lutua, itxaronaldi intentsua eta mingarria, argi oraindik dudatiaren zain. Egunsentiaren esku izoztuen zain. Paisaiak datoz orduan: neguko ordokiak, Italiako lautadak, mendi elurtuak. Paisaia horiek arnasbide bihurtzen dira, horizonte zaharberritu, esperientzia berriaren eskenatoki: mundua, gu joandakoan ere, hor egongo da.

Zenbat poeta ibili den ahots xume horren bila, errenditurik eta bihotza zabalik. Eta zein gutxi diren kapaz hain elegante adierazteko pena eta galera. Letek hitz egiten duenean hitzek sortzen dioten oinazeaz, urradura hori berori bihurtzen da poesia. Liburu gogorra eta ederra, salbazio mezu batekin bukatzen dena —“salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako”—, testu sakratu baten indarra dauka eta era berean humanoa da. Egunsentiaren esku izoztuak ez da bizitzari buruzko hausnarketa bat bakarrik, poetikari buruzko lezio handi bat ere bada: amets kutsua kentzen dio eta gauzen atzena deskribatzeko erabiltzen du. Presentzia, maiz, absentziaren onarpenetik bakarrik etor daiteke.

Absentziaren onarpen hori bihurtzen da orduan berriz batera egotearen nahia, gertakarien gainetik komunikatzeko borondatea, bizikidetza denaren eta ez denaren artean, hustasunaren eta den guztiaren artean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak