kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ilargi-harria / Wilkie Collins (Antton Olano) / Alberdania-Elkar, 2008

Genero baten ohorezko hasiera Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-02-22

Harrapakeria kolonialaren istorio indibidual bat; harrapariari altxor material hutsa zaiona euren sinesmen eta tradizioei eginiko laido jasanezin zaie harrapakeriaren biktimei. Hori dugu suspense eta detektibe generoko eleberri honen abiapuntu: bi zibilizazio arteko talka; mendebaldeko kume baten materialismoa batetik, ekialdeko balio espiritual, magiko, erlijiosoak (esoteriko eta arrotzak guretzat) bertzetik. Azalpen filosofiko edo antropologikorik gabe nobelaren garapenean, generoari dagokion bezala: istorioaren kontakizuna izanen da, bere hutsean, osagai kultural, zibilizaziozko, mental edo direnak direlakoak atzetik dituela adierazten diguna. Baina funtsezkoa da talka hori, narrazioari kutsu berezia ematerakoan. Protagonistak eta ikuspuntuak mendebaldekoak dira; ekialdekoen ikuspuntuen berri edo zantzuak antropologoaren planta egiten duen esploratzaile batek, Murthwaite jaunak alegia, emanen dizkie protagonistei eta irakurleoi.

Sare horretan sartuak, narrazioaren bihurguneetan begi bistakoen agertzen diren ildoak: gaizki ulertuez beteriko maitasun istorio korapilatsu bat, hots, Ilargi-harriaren lapurrari jaurtiriko madarikazioa nola edo hala egokituko zaion bikote batena; harribitxi sagaratu horren inguruko zertzeladak; goi mailako gizatalde itxi baten gorabeherak eta gainbehera; familia baten zerbitzura dabiltzan morroien afanak; detektibe baten usaimena, lana eta frustrazio-sublimatze moduak… anitz dira narrazioaren lehen planoetako osagaiak.

Lerro hauen irakurleak uler dezakeen bezala, osagai horiekin guztiekin saltsa lodia, lodiegia, lortzeko arriskuan jarriko litzateke detektibe-generoko gaurko idazle arrunt eta komertzial bat. Wilkie Collinsek, aldiz, erabilitako narrazio-teknika eta egiturari esker, jakin izan digu azpil zabal, gose-zirikatzaile, sendo eta digerigarria aurkezten literatur bazka zaleoi. suspense istorioetan ohi den bezala, puzzle bateko piezak dira ikerleak eta irakurleak ongi egokitu behar dituen datuak, zantzuak, susmoak, hipotesiak, istorioari batasunik emanen badio. Arruntean, detektibea dugu bidegile, eta egilea bera bide nahasle (intriga interesen arabera). Collinsen honetan, hamabi narratzaile ditugu, nork bere berriak emanez gutun edo txosten idatzietan, nork bere maila sozialetik edo kulturaletik, bere eginkizun eta bizimodutik, bere sentikortasunetik, bere bizipenetatik. Puzzleko piezak pixkanaka elkarri egokitu artean, abestalde halako batek kantatzen dizkigu, ederki kantatu ere, goian aipaturiko hala osagai agerikoak nola ezkutuagoak. Bereziki kitzikagarria da Betteredge etxezainaren ekarpena, luzeena, estilo ingeleseko morroi-neskameen buru leial burutsuarena, zeinaren Biblia Robinson Crusoeren gogoetak baitira; eta Ezra Jenningsenen opiomanoarena, pertsonaia misteriotsua berau, Wilkie Collins idazlearen beraren isla dena: biek ala biek, pertsonaiak nobelan eta egileak bizitzan, garaiko osasun terapia dela kausa opioari ekin behar izan zioten, droga horren menpean akiturik amaitu arte.

XIX. mendeko idazle dugu Wilkie Collins, emankorra, eta arrakastatsua bere garaian, Charles Dickensen lagun eta lankide hainbat gauzatan. Antton Olano itzultzaileak eginiko hitzaurrean aurki ditzake irakurleak zehaztapen interesgarriak. Ederra itzulpena, argitaletxeari egotzi beharreko zenbait deskuiduk haren distira lausotu arren.

Detektibe eta suspense eleberrietatik lehena omen, ohorezko hasiera izan zuen generoak, gero T.S. Eliot eta Borges bezalako irakurleak liluratu zituen jaiotze distiranta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak