« Hitzen eta irudien artean | Itxaropena eta etsipena »
Zinea eta literatura / Harkaitz Cano / Elkar, 2008
Zalearen alea Ion Olano / Gara, 2008-01-09
Begiaren bidez sartzen zaizkigu biak. Literaturan, irakurlearen begiak tiraka jarraitzen du lerroa, eta zig-zag eginez hurrengoarekin kateatzen, alea itxi arte. Zineman, ostera, kolpe bakarrean ezaugarri mordoa jasotzen du ikuslearen begiak, eta kolpez kolpe, irudiak tira egiten dio amaierara arte. Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) Begiaren ajeak abizena eman dio bere azken emaitzari, eta izenburuan jarri du gaia bera: Zinea eta literatura, hain zuzen. Zale-zale batek apailatutako alea da, zaleen neurrira idatzia. Aise interesa pizteko modukoa literaturzale, zinemazale edo Canozale bazara.
Zinemak ehun urte bete ditu berriki (literaturak ehunka batzuk), eta hala ere, “arte funerarioa” omen da, Victor Ericeren ustez. Akaso gu, hilik daudela ez dakiten hildakoak besterik ez gara. Edonola ere, ikusle-irakurleoi “espiritismo” ariketa egitea proposatzen digu Canok, alegia, hilik ei dauden arte diziplinei galdezka hastea: “Hor al zaude?”. Zalea eta aritua denez, badirudi halako uretan eroso dabilela Cano. Ez du tesi potolorik defendatzen su eta gar; aitzitik, saltoka mugitzen da erreferentziatik erreferentziara, prosa biribilaren laguntzaz. Izen-abizen eta adierazpen sorta ederra topatuko du ale honetan irakurleak, zinema zuzendariena eta idazleena gehienbat. Ranking bat egingo bagenu gehien aipatzen direnekin, koskarik altuenean jarriko genuke Alfred Hitchcock. Alde gutxigatik bigarren, Jean-Luc Godard. Eta hirugarren postua partekatuz, Julio Cortazar eta David W. Griffith.
Egileak alderaketa egiten du, hortaz, bi diziplinen artean: nola elikatzen duten elkar, nola elkar kutsatzen, nola hurbiltzen eta urruntzen joan diren. “Literatur lanak eta filmak komunean dutena baino, komunean ez dutenean haztatzea baliagarriagoa izan daiteke askotan”. Batak bestearekiko duen ahalmenaz, baita ezintasunaz, jarduten du gehienbat: “Suposizio baikorrenean ere, ikus-entzunezko lengoaiak ezin du baliokidetasun erabatekorik lortu espresuki hizkuntza literarioarenak diren baliabideen bidez. Ezta alderantziz ere”. Besteak beste, aipagarria iruditu zait “Telesailak eta literatura” izeneko atala, boladan den generoari eskainia: “Nip & Tuck” telesaileko zirujauak Jekyll eta Hyde omen dira; House doktorea, berriz, Sherlock Holmes postmodernoa; zergatik ote da “Six Feet Under” egungo telesailik literarioena? Akaso, ehorztetxe batean gertatzen delako.
Frankensteinen antzera, hainbat adabakiz osatutako pieza da honakoa. Larrabetzun sortutako Literatura Eskolari eskainita dago, han jaso baitzuen egileak lan hau idazteko lehen bultzada, 2005eko martxoan. Orduz geroztik, gaiaren gaineko hainbat gogoetek han eta hemen ikusi dute argia: Hegats aldizkarian, Argian, Eusko Ikaskuntzaren jardunaldi batzuetan… Eskarmentua eta finezia lagun, adabakiak elkar josi ditu Canok, hamasei atal eta hamar azpiatal osatuz. Horrez gain, hogei irudi inguru ere txertatu ditu, irakurketa ilustratzeaz gain atseginago egiten dutena. Benetan estimatzekoak dira oin-oharrak (aitor dut: oin-ohar mamitsuen zale-zalea nauzue), hala nola liburu amaierako bibliografia eta filmografia. Hitz bitan: edizio txukuna eta atsegina, bide batez, zaleak gehiago zaletzen dituena. Hilda omen dago zinema (are gehiago, literatura), baina tximistak jo du kometa, eta distira arraro bat piztu da Frankensteinen begietan. Eppur si muove!
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera