kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zinea eta literatura / Harkaitz Cano / Elkar, 2008

Hitzen eta irudien artean Mikel Ayerbe / Berria, 2009-01-04

Liburua esku artean izan aurretik, sarean Harkaitz Canoren Zinea eta literatura. Begiaren ajeak saiakerari buruz informazio bila nenbilela, Youtube-ko bideo batera iritsi nintzen. Hain zuzen, gaur hizpide dugun liburuaren aurkezpen trailer landu bat eskaintzen da han, Zinea eta literatura, literatura eta zinea: bikote perfektua ala ezinezko bikotea? lelopean eta irudi iradokorren bidez (zapata eta panpina pareak lotuta, kableetan zintzilik). Liburuaren gaineko film laburra dela esatera arriskatuko litzateke nor edo nor, publizitate modu sotil bat izan ez balitz. Baina nork esan du, demagun, telebistako zenbait anuntzio eta zinea ez direnik bateragarriak?

Izan ere, adierazpide oro zerbait adierazteko beharretik jaiotzen omen da, eta, Canoren iritziz, literaturak eta zineak betitik izan dute istorio bat kontatzeko beharra. Are gehiago, istorioak errepikatu arren, kontatzen jarraitzeko beharrak hortxe dirau. Eta nola ez, kontatzeaz batera, adierazpide bakoitzaren kontagintza teknikak garatuz joango dira.

Literaturaren eta zinearen arteko ezberdintasunak agerikoak izan arren, nagusiena idazleak zinemagileak baino autonomia handiagoa izatean omen datza. Idazten duenak gehienbat bere buruari eskatzen omen dizkio kontuak. Baina, aldiz, zinemagilearen lana publikoak eta audientziak, talde lan korapilatsu bezain motelak eta nola ez, dirua jarriko duen ekoizle-etxeek edo bestelako diru-laguntzek mugatzen dute. Ordea, Cano jabetzen da gauzak aspaldixe hasi direla aldatzen, eta horren erakusgarri dira bideo digitalean eginiko lanak edota mugikorrekin sor daitezkeen bestelako irudi bidezko kontamoldeak. Egun, ikusle gisa zinema aretoetan baino saretik hartutako filmak (zein telesail baten kapitulu guztiak) bakoitzak bere etxean ikusteak ere izango du eraginik aldaketa horretan, nahiz eta liburuan bide horri ez zaion hainbeste ekiten.

Zineak eta literaturak zein neurritaraino elkar elikatu duten aztertzea izan da egilearen asmoetako bat, eta liburuko orrietan zenbait elementuk behin eta berriro egingo dute salto literaturatik zinera eta zinetik literaturara: pelikuletako eszena errekurrenteenak, trama literario behin eta berriro errepikatuak, zuzendari eta film zerrendak zein idazle eta literatur obrak. Era berean, literaturak eta zineak bestelako arte adierazpideekin (argazkigintza, gidoiak, komikiak, telesailak…) mantentzen duten harremana ere aztertzen du Canok, estilo landu bezain apal batez. Landua, luze egositako gogoetak eskaintzen dituelako idazleak, Zinea eta literatura argitaratu aurretik gai horien inguruan lan asko egin izanaren eskarmentuarekin. Apala, ondo murtxikatzeko ataletan banatzen delako liburua, idazlearen obsesio teknikoenak beretzat gorde eta nolabait zehaztasun orokorragoen bila arituko balitz bezala. Baina kontuz, sarritan hori guztia irudipen bat besterik ez da, pasarte batzuetan irakurketa gelditu, REW botoiari eman eta errebobinatzea beharrezkoa baita itxuraz azalpen argi baten atzean dagoen itzalaren esanahiaz jabetzeko.

Horrez gain, liburuaren edizioari ere aipagarri deritzot, orriotan argazkiak eta irudiak ere tartekatzen baitira, zenbaitetan irakurlea ikusle voyeur ere bihurraraziz. Canok berak ere liburuan idazle-ikusle-irakurle-egile rolak nahasten dituen bezala. Eta saiakerako uneren batean irakurle erne eta asegaitzak egilearekin eztabaidatzeko tentazioa izan badezake ere, alferrikakoa izango zaio, liburu baten aurrean baikaude. Eta, oraingoz, ez dago kamerarik grabatzen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak