kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Nere gorringotik / Iñaki Segurola / Alberdania, 2008

Egoste denbora Iratxe Esnaola / Gara, 2008-10-10

Euskadi Irratian eta Arrosa Irrati Sarean esanak eta botatakoak izateko sortu ziren Iñaki Segurolak liburu honetan bildu dituen berrogeita lau gogoetak. Orain paperera pasa eta moldatu egin ditu. Hitzaurretik bertatik adierazten du bere kezka, bere zalantza jauzi honen balekoaz edo komenentziaz. Ez nuen nik paradarik izan uhin bitarteko jardunak aditzeko, baina uxa ditzaket idazleak agertutako zalantzak testuok argitaratzearen edo ez kaleratzearen egokitasunaz. Irakurtzeko liburua duzue hau, horretan ez deskuidurik izan.

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania, 2005) irakurtzen lanak hartu zituenari ezagun egingo zaizkio zenbait kontu. Euskararen grazia deituko niokeena aurrena. Hitzei eta haien esanahiei benetan eusten die, ez soilik idazkera aberasteko, ez hitz jokoak egiteko bakarrik, ezta hainbatetan hitzak edozein moduz erabiltzen ditugunoi halako esnatze bat eragiteko ere. Horiek denak berarekin ditu baina, batez ere, berbari dion atentzioak berak dakar hitzak adierazi nahi duen errealitateari ere arreta jartzea. Obserbazio horretatik datoz gogoetok hein handi batean.

Baina zer du berezitik azpeitiar honek bazterretan hautsak harrotzeko, irakurlearen gogoa inarrosteko. Lehen begiratuan ezer ez. Ahotan darabiltzan gaiei erreparatu eta alardea dela, futbola edo konstituzioa dela, ez da ezer berririk horretan. Nahi ere ez, seguruenera berak, berritik edo aurrerakoitik ezer egin. Ekarpena beste nonbait baitago, hain zuzen, jarrera ernean, tonu lotsagabean, eta zergatik ez esan, zirikatzeko gogoan. Ondo ulertutako zirikatzea, nire begitara. Informazioaz gainezka bizi garen aldi honetan, beste norabide bat du bere jardunak. Dei geniezaioke barrurakoa, edo ez beti kanporakoa.

Ez da erraza hedabide, administrazio, kultur mundu, enpresa, udaletxe eta abarren atzean daudenen azken egia dirua eta norbere zurikeria direla esatea. Eta esatea zail bada, nekezagoa horren arabera bizitzea. Horregatik deskubritzen dizkiogu noiz edo noiz besteei egotzitako zerak, kontradikzioak edo, berak ere errekonozitzen dituenak. Bestalde, bultzaka eta tiraka atera omen zitzaizkion pentsakizun hauek, kostata, alegia. Sinesten diogu, beti ez baita izaten munduari esateko zerbait, eta derrigor atera beharrak, ez dagoenetik asmatzeak, bortxatu egin ditzake argudioak.

Beharbada, irudi lezake bere lanari diodan estimuak bere ideiekin lotzen nauela. Ez naiz esandako guztiekin ados sentitu, ezta beharrik ere. Iruditzen zait iritzi liburuek badutela arriskua aldekoak eta kontrakoak sortzeko. Eta dualtasuna txatxua izango da, baina, gutxi asko, hala izaten direnez gure iritzi asko, ba tira, batzuek ideioi amen egitea eta besteek oka. Baina ez da ahaztu behar idazte lana hortik aparte baloratu beharra dagoela, eta kasu honetan lanak txukun egin direla.

Bazuen zalantza autoreak irakurlearen belarriak ea balekoa emango zion idatzirako saltoari. Baietz esango diogu eta oraindik gehiago. Unean irratian entzundakoei amorragarri iritzi izango zietela batzuek, eta denborarik ez zutela izango akaso kontrako argudio bat momentuan apailatzeko. Irakurketak, patxadazkoa behar lukeen aldetik, bere alde du kontraesanak jaso eta tortillari buelta emateko aukera luzatzea norbere bakardadean. Arrautza guztiek ez dutelako egoste denbora bera behar, nahiz kanpotik beiratuta denak berdintsuak iruditu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak