kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Ulenspiegelen elezaharra / Charles de Coster (Koldo Izagirre) / Alberdania-Elkar, 2008

Heroi nazional bat, zoragarriro asmatua Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-05-04

Pertsonaia paradigmatikoa dugu Thyl Eulenspiegel, Koldo Izagirrek euskaraturiko Ulenspiegelen elezaharra eleberriko protagonista. Itzultzailearen beraren hitzaurre bikainean, ironiaz eta euskaldunoi keinuez beterik, pertsonaiaren errealitate historikoaz, mitikoaz eta bi errealitate horien manipulazio literario eta politikoaz berri interesgarriak aurkituko ditu irakurleak.

Saxoniarra (gaurko Alemania) jaiotzez eta XIV. mendekoa, Flandriara pasatuko zen gero herri ipuinetan-eta, eta haren ibilerak bilduko zituen lehen liburua 1483an argitaratuko zen. Heroi pikaro gisa bihurtu zuten mito herri legendek. Pertsonaia mitiko hau hartuko du gero Coster idazle belgikarrak 1867ko eleberri honentzat. Denboraren tuneletik igaroarazi eta XVI. mendean kokatu zuen XIII. mendeko Eulesnpiegel pertsonaia historikoa, XIX.eko ikuspegi nazionalista batekin koloreztatuz haren ibilerak: manipulazio literario liluragarri emankorrari ekin eta XVI. mendeko Herbehereetako, Flandriako eta Waloniako independentziaren aldeko gerretan, Karlos I.a eta Felipe II.a Espainiakoen kontrako haietan, heroi nazional bihurtu zuen Costerrek gure protagonista. Nongo heroi nazionala? Estatu gisa oraindik jaio berria zen —36 urte baizik ez zuen Belgikak nobela argitaratu zenean— eta nazio izatera heldu gabe gaur egun desegitear ei dagoen nazio proiektu bateko heroia. Guztiz paradigmatikoa, bai horixe, gure Thyl Eulenspiegel pikaro saxoniarra, nazionalismoen sukarraren lilurapenetan Ulenspiegel heroi belgikarra bihurturik gure nobelan. Nazionalismoen teorialarientzat bazka ezin kitzikagarriagoa.

Baina are kitzikagarriagoa da Ulenspiegelen elezaharra eleberri gisa. Halako izpiritu erromantikoarekin idatzirik errealismo eta naturalismoaren garaietan, “nekez onartuko zukeen [garaiko] nobela modernoak”, Izagirrek dioen bezala, Costerren “askatasuna” idazkerari, nobelagintzari, egiturari eta genero nahasketari dagokienez. Hortaz, protagonistari denboraren tuneletik pasatu arazi bezala, holaxe pasatu behar izan du nobelak ilunpe tunel batetik, ia mende oso bat geroago maisulan literariotzat aitorturik suertatzeko. Costerren garaiko nobelak baino modernoagoa egin zait “elezahar” hau, modernia ostearekin ere lotua erranen nuke. Nobelaren egituran eta lehengaien nahasketan, zeinen askatasun libreaz baliatu zen, hala ipuin xarmantak eta barregarriak nola poema epikoak eta lirikoak josteko, argumentu hari batekin haiei segida jolastia emateko, kale-antzerki giroan bezala gizarteraturiko pertsonaiak asmatzeko eta letren munduko aberri bat sortzeko. Lengoaia propioa ere asmatu omen zuen Costerrek, dirudienez berak sorturiko arkaismoez betea.

Bereziki aipagarria da hizkera-kutsua gureganatzeko Izagirrek harturiko bidea: Lapurdi eta Nafarroa Behereko ereduetara jo dute gure gaurko nobelagileek XVI. eta XVII. mendeetan kokaturiko historietan, eredu kultu eta goi mailakoak betiere —Joan Mari Irigoien maisu, Lur bat haratago hartan—, eredu horiexek baitira testigantza historiko garaienak eman dizkigutenak eta bat baitatoz landuriko pertsonaia leituekin, euren kronikak idazteko gai ziren haiekin. Arras bertzelakoa dugu Ulenspiegel, herri-kulturari lotua, itxura osoz bertze hizkera mota bat eskatzen duena. Horren bila, bide berri bat ireki dio Koldo Izagirrek euskarazko nobela historikoari, gaurko bazterretara, gehienbat gure mendebaldekoetara, joz, eta zaharkiturik, hiltzear edo hil berri diren hainbat hitz eta erramolde, itxurarik arkaikoenetakoak, berpiztu ditu (are asmatu ere?) efektu egokia lortze aldera.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak