« Ragga-ragga dator gaua | Haurraren begietara jaiotzea »
Pereirak dioenez / Antonio Tabucchi (Fernando Rey) / Igela, 2006
Gure Pereira Ander Irizar / Diario de Noticias, 2006-11-27
Igela argitaletxeak Literatura Sailean argitaratu berri duen Pereirak dioenez hartuko dugu gaurkoan hizpide, Antonio Tabucchi idazle italiar prestigiotsuaren nobelarik ezagunena eta arrakastatsuena. Zineman ere izan zuen isla arrakasta horrek; liburua argitaratu eta hurrengo urtean, 1995ean, izenburu bereko filma egin zuen Roberto Faenza zuzendariak, Marcello Mastroianni protagonista —aktore italiarraren azken filmetako bat izan zen—.
Kontakizuna Lisboan dago girotua. Tabucchik, izan ere, lotura estua du Portugalekin, Parisen ikasle zela Fernando Pessoa idazle portugaldarrarenganako miresmena piztu zitzaionetik. Maria José Lancastre emaztearekin batera, Pessoaren lan asko itzuli ditu italierara, eta entsegu liburu bat eta antzezlan bat ere idatzi ditu poeta portugaldarrari buruz.
Genioen moduan, bada, liburua Lisboan girotua dago. 1938ko uda dugu, Salazarren diktadura Portugalen; Espainian, berriz, gerra zibila, eta faxismo-hotsak gero eta ozenagoak Europan. Pereira dugu protagonista, Lisboa egunkariko orrialde kulturalaz arduratzen den kazetari zaharra. Alargundua, nekatua, errealitate ilunari ez ikusiarena egiten saiatzen da gure gizona, eta iraganeko oroitzapenetan bilatzen du babesa, bere emazte hilaren erretratuaren bidez.
Hein handi batean Pereiraren hausnarketek osatzen dute liburua, baina lehenbiziko pertsonan emanak egon beharrean, beste norbaiti kontatu ondoren —“Testigantza bat” du liburuak azpititulua— beste horrek idatziz jarri izan balitu bezala daude emanak, liburu guztian zehar “Pereirak dioenez” formula erabiliz —“Sostiene Pereira”, jatorrizkoan—. Protagonistaren bilakaera erakusten duten pentsakizun eta gogoeta horiekin batera, ugari dira nobelan zehar aipamen literario eta historikoak, baina, hala ere, liburuak badu halako arintasun eta soiltasun berezi bat. Esan dezagun, bide batez, euskarazko itzulpenak ondo gorde duela ezaugarri hori. Bestela bezala, ordea, gai sakon eta mamitsua jartzen du Tabucchik mahai gainean, eta, ondorioz, galdera ugari ere bai: zer jokabide izan behar dugu inguratzen gaituen errealitatearekin?, zenbateraino egin dezakegu ez ikusiarena?, zer prezio du konpromisoak?…
Antonio Tabucchiri euskaratzen zaion lehenbiziko liburua dugu hau. Luze gabe, hala ere, idazle italiarraren beste bi lan helduko zaizkigu Literatura Unibertsala bilduman: Donna di Porto Pim (Porto Pimeko dama) eta Piccoli equivoci senza importanza (Garrantzirik gabeko oker ttikiak). Lanok denak Fernando Reyk itzuli ditu; ez dugu ez langile makala itzultzaile iruindarra. Pereirak dioenez hau, Fernando Reyk berak liburuaren aurkezpenean esan zuenez, ez du enkarguz itzuli, plazer hutsez baizik. Horrenbestez, aukera izan du, dioenez, epeen estutasunik gabe lan egiteko: nobelaren erritmoaz jabetu lehenbizi, itzulpena egin hurrengo, denbora batean egoten utzi, gaztelaniazko bertsioarekin konparatu… Azkenean, emaitza bikaina lortu du. Horren erakusgarri da, edo egindako lan zorrotzarena bai bederen, liburuan atzemandako “lagun faltsuei” buruz Senez aldizkariaren 28. zenbakian argitaratutako artikulua (EIZIE euskal itzultzaileen elkartearen webgunean ikus daiteke), non elementu irristakor horien bilduma egiteaz gain, itzulpen-ariketaren esperientziaz ere badiharduen. Esandakoa: ez dugu kamutsa gure Fernando.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi