kritiken hemeroteka

6.834 kritika

Azken kritikak

« | »

Bizipenen bultzadaz / Mikel Zarate / Leopoldo Zugaza, 1978

Bizipenen bultzadaz Jon Kortazar / Jakin, 1978-03

Sarrera

Mikel Zarate nobelagile eran famatuagoa da olerkari eran baino. Dena dela, ez nobelagileak, ez olerkariak, ez dute merezi izan komentario labur bat ere. (Pentsatu ere ez azterketa serio bat!),

Gaur horren bigarren olerki liburua komentatuko dugu: “Bizipenen bultzadaz”. Lehenengoak, Higidura berdez, Ciudad de Irun saria irabazi zuen, eta argitaratzea larregi atzeratu da.

Mikelen konkurtsozaletasuna jarraituz, Bizipenen bultzadaz ere Iruineako sariketa batetara aurkeztu zen, baina ez zen garaile irten.

1.— Gainbegiratua

Komentatzen ari garen liburuak, Iehenengoa baino helduagoa dela ematen du. Hau esateko, bost arrazoitan oinarritzen naiz:

1.1. Liburuaren titulua

Higidura berdez liburuak, sinbolista hitz-tzat kontsidera dezakegun titulua darama. Bizipenen bultzadaz-ek, idazlearen esperientziagaz zer ikusia duen liburua opa digu.

Sinbolismoaren edo modernismoaren eragina, handia izan da gerra osteko Espainia, osoko mugimendu literarioetan; baina ezin dugu ahaztu, beste erro askoren artean, existentzialismoak bultzatuz, poesia realistago batetara jo dugula. Gure artean, Aresti izango zen realismo horren bultzatzailea. Honen ostean, poesiak, gaiaren bila eta forma ahaztu barik, tarteko bide bat hartu du. Euskal Herriko poesia gehienak esperientzia bat, bizitutako sentimendu bat du iturburu. Nik uste, bide horretatik abiatzen da komentatzen dugun liburua ia osorik.

1.2. Liburuaren egitura

Testua hiru zatitan banatua ageri da, hasiera eta amaiera deituriko poema bi ere atari eta etxoste moduan dituela. Parte bakoitza, idazlearen sentimendu bati dagokio: lehenengo zatian, atsekabea, bigarrenean atsegina, eta hirugarrenean esperantza.

Ordenaketa honek, ordenu dialektiko batetan jartzen ditu idazlearen bizi-sentimenduak; baina, holako ordenuak logikoak eta irakurlea liluratzeko izan arren, gero problema birekin aurkituko gara.

Alde batetik, atal bakoitzean dauden poesiak pilakatuak bezala agertzen dira, beren batasun bakarra tituluan jarritako sentimendua izanik; baina, benetan, era askotako sentimenduak agertzen dira, eta era desberdinetako sentimenduon pilaketa gettatzen da atala.

Beste aldetik, estruktura hau erabiltzeak desekilibrio bat sortu du liburuan. Lehenengo parte bietan, euskarari buruzko olerkiek ez dute proportzio handirik. Esperantza deituriko azken zatian, bost olerkitatik lau euskarari buruzkoak dira. Preokupazio handirik ez zena, esperantza inportante bihurtu da.

1.3. Sonetoaren erabilera

Argi dago, sonetoa estrofa zail bat dela, eta garai askotan estrofa perfekto bezala kontsideratua. Hori omen da poeta baten trebetasuna probatzeko landarik lehorrena.

Euskal poesian ez da gehiegi landu sonetoa. Mikel Zaratek sei soneto aurkeztea ditu liburu honetan. Asko dira, hain antiklasiko esaten den garai honetarako. Zarateren sonetoek euskal ritmo bat bilatu nahi dute, 11 silabok 5 + 6 eratuz.

Beste aldetik, indar berezia dago horietan. Gernikari eskainitako “1937, Apirilak 26″, liburua irekitzen duenak, aparteko edertasuna du, liburu honen poemarik onenetarikoa izanik.

1.4. Banguardismo estrofak murriztea

Mikel Zaratek tedentzia (nire ustez txarra den tendentzia) bat du: banguardismoari lotzea poema batzutan.

Poema batzuk, honen liburuetan, irudi bat egiten dute tipografi aldetik: txori bat kaiolan (Ipuin antzeko… liburuan), etxe uniforme moderno bat (Higidura berdez). Honetan ere agertzen dira. “1933. Martxoak 6″ deitu poemak txori batzu hegan figuratu nahi ditu. Nire ustez, tipografiak ez du inoiz poema bat aberasten. Mamiaren eta formaren arteko katea da poesia. Horrelako joku tipografikoak banguardistek modan ipiniak dira; gaur ez dira erabiltzen.

Baina Mikelek behin eta berriz idazten ditu horrelakoak. Problema da, horrelako poemak direla flojoenak liburu osoan. Badirudi joku batez ezkutatu nahi duela poemaren ahultasuna.

Ikuspuntu honetatik, niretzat, liburuak irabazi egingo luke horrelakoak kenduaz.

1.5. Egoera sozial eta politikoak bultzaturiko poemak

Komentario hau hastean azpimarkatu genuen bizitzatik sortzen zen poesiak duen indarra.

Argi dago, gaurko Euskal Herri honetan egoera politikoak duen eta izan duen inportantzia. Gaur hemen bizi garenok gerratearen, gerra ostearen eta diktadorearen pausoek markatuak geratu gara.

Ez da harritzekoa egoera horrek poetak mugitzea. Harritzekoa ez da hori, baizik gaur egun Euskal Herrian argitaratzen den poesia politikoaren urritasuna.

Zarateren liburuan (batez ere Atsekabezko bizipenetan), ugari agertzen dira olerki politiko deituko nituzkeen poesiak. Gernikako bonbardeoa, euskararen zapalketa, zapalketa politikoa, eta (Atseginezkoen artean) Frankoren heriotza, bizipen pertsonak batetik gure herri guztiarentzat balio duten poema unibertsalagoak egiteko asmoz.

Indarra eta edertasuna dute poemok. Ez bakarrik guztion barruan bakoitzaren afektibitatea ukitzen dutelako, baita poemak gogorrak direlako, eta forma aldetik indarkeriaren eta beldurraren (bizitza zegoen jokutan) arteko elkarrizketa larriaren ispilu direlako ere. Irakur bitza irakurleak: “1937, Apirilak 26″, “Haurra izan nintzen baina” eta “Buenas dias”: Herri makal honen lurretan sentitu diren beldur hotzikarak sentituko ditu berriz.

2.— Gaiak

Liburuak gai nagusi bat du: idazleak bere bizitzan jasotako esperitntzia. Baina hau era askotakoa da.

2.1. Idazlea ukitu duen kanpoko esperientzia batetan oinarrituak, esate baterako: paisaje baten aurrean sentitutakoa eskaintzen du “Dantzan, dantzan” poeman, bere jaiotza “1933, Martxoak 6″n, bidaiak: “Altzairuzko arranoekin munduz mundu”n.

2.2. Idazlearen barruko esperientzia: Ia Filosofia bihurtzen da poesia. Aurrekoak forman oinarrituriko poema labur eta arinak baziren, oraingook (“Oroitzapena”, “Duda-mudatan”) mamiari lotutako poemak dira, sakonak, metro luzea behar dutenak.

2.3. Idazlearen lana: Olerkigintzak badu poeta guztiengan apartekoa den buruhauste: bat. Olerkia, olerkaria, gizartea eta hauen arteko harremanak askotan agertzen dira liburuan.

2.4. Gizartearen hutsak: kutsadurari buruzkoak, e.a.

2.5. Euskara: Liburuan leku asko behar izan du gai honk. Idazlearen barnetik (guztion barnetik) sortzen den problematika.

“Euskara” gaiak era asko hartzen du: batzutan, euskara ikasten dutenei eskainitako olerkiak, euskara eta Euskal Herria bateraturik; bestetan, euskal deituren mitoa deuseztatzen; edo “euskara batzen ari diren guztiei” eginiko poeman, bere herri euskaldunari dion mina eta maitasuna agertuz; azkenik, “1978″ Euskal Herrian sufritzen dugun deseuskalduntze prozesua protestatuz.

2.6. Gai politikoa: Era askotakoa hau ere: haur denborako gerratea; ostean sufritutako garaileen gorrotoa; Errejimenari egindako lehen protestak; eta Frankoren heriotza. Poema honetan ikusten da Mikel Zarateren poesian agertzen den teknika bat. Beti, nahiz eta jazoera inportantea izan gizarte batentzat, haren ikuspuntu intimistatik ikusia dago. Poemak galdu egiten du horrela. Poemaren barruan sartzen diren bertsoak inportanteagoak dira poema bera baino. Eta arrazoia, hauxe dateke: bertsoetan gizarte mailan jartzen da jazoera, jazoerari bere garrantzia emanez; Zaratek, ostera, neurri pertsonal batetan jartzen du; eta interesa galdu erazi dio.

3.— Estiloari buruzko notak

Hemen nota batzu jarri nahi nituzke, idazle baten estiloa definitzeko, lan hau baino zabalago bat beharko bait genuke.

3.1. Oparoa eta aberatsa deitu dezakegun estiloa darabil Zaratek. Baina izenlagun bi horiek jartzeak ez gaitu asko argituko estiloari buruz. Beharrezkoa dugu, bada, gauzak konkretatzea. “Estilo oparoa” esanaz, anplifikazioaranzko tendentzia duen estiloa kalifikatu nahi dugu. Hori egiteko, euskara aberatsa behar da; bestela, aspertu egin gaitzake. Hona hemen, nire ustez, Zarateren bigarren arriskua, aberastasun hori joko huts eta azkenik, kantsagarri bihurtu (badira horrelako poemak: “Dantzan, dantzan”, adibidez).

3.2. Estilo aldetik, aipatu beharra da Mikel Zaratek duen kutsu herritarra. Bai estrofa aldetik, eta bai herri bertso eta herri kultura bat erabiltzen duelako materia poetiko moduan: errefrauak, alegia…

3.3. Lehen irakurketan nabarmentzen den gauza bat, paralelismoen erabilketa da. Liburua zehar aurki dezakegu paralelismo hau. Batzutan, kontrakoak aurrez aurre jarriaz: irabazleak/galtzaileak; paisaje berria / paisaje zaharra; indarra / askatasuna (1937, apirilak 26″).

3.4. Poemen estruktura aldetik, poemak ez dira zailak. Sonetoak aparte utziko ditugu, estruktura zabala bait dute. Besteetan honelako estrukturez baliatzen da:

- Estribillo batez loturiko poemak. Estribillo hori behin eta berriz agertzen da leit-motiv moduan.

- Beste batzutan, klabe narratiboa jarraituz, hain atsegingarri zaizkion alegiak idazten ditu.

- Elementu batez baliaturik estruktura eraikitzen da. Elementu horiek ezberdinak dira: jokoak (“Lanetik kirola), abiada (“Abiadaren irudikeria), oroimenak (“Agur, Jose Mari, gero arte!”). Honela, elementu ezberdinen pilaketak bihurtzen dira poemak. Pilaketa ez; da nolanahikoa izaten; honelako poemetan klimax bat bilatzen da, eta pilaketa horrek amaieran aurkitzen du sentidua.

4.— Azkena

Bizipenen bultzadaz, liburu irregularra gertatzen da niretzat. Baina baita liburu atsegingarria ere. Gorago esana dago, ez dela larregi lortu liburuaren batasuna. Batez ere, (arrazoia ere azaldua dago) esperientzietatik sortutako liburua denez gero, arrisku batetan dagoelako idazlea: bere azalezko esperientzietan eta irakurleengandik urrun geratzeko arriskutan. Azken batez, ejertzizio poema bihurturik.

Esperientzia sakonak (gerratea, existentzialismoa, euskara) poetizatzen dituenean ematen du Zaratek bere benetako neurria. Honelako poemok kalitatezkoak dira, goi mailakoak, nobelagile bezala erakutsitako trebetasuna, olerkigintzan erakusten dutenak.

Laburtuz, bada, irakurtzea merezi duen liburua. Poema on askoren artean, hotz geratzen diren batzu ere aurkituko lira; baina, denetan, Mikel Zarateren estiloaren maisutasuna topatuko da.

Azken kritikak

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

King Kong teoria
Virginie Despentes

Hasier Rekondo

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Mikel Ayerbe

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Iratxe Esparza

Txoriak etortzen ez diren lekua
Alaine Agirre

Igor Elordui Etxebarria

Franco hil zuten egunak
Koldo Izagirre

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Adrienne Rich

Igor Estankona

Poesia kaiera
Dylan Thomas

Alex Gurrutxaga

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Hasier Rekondo

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Javier Rojo

Artxiboa

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Abuztua 2016

Hedabideak