« Bizipenen bultzadaz | “Herria eta bidea” poemaz »
Desgizona / Luis Haranburu Altuna / Luis Haranburu, 1978
Ipuin bilduma Koro Nabarro / Zeruko Argia, 1978-03-05
Argitaratu berria den Haranburu Altunaren Desgizona Ipuigintza eta beste bost ipuinek osaturiko liburuska da. Halako “fatum” arraroren bat ote dabil euskal idazleen en inguruan? Hauen liburuak gero eta gutxiago dira eta ez hori bakarrik, baita ere laburragoak: Sarasolaren azkenak 40 orri besterik ez du; Izagirreren “Oinaze Zaharrera”k gutxiago; eta azkenekoak , “Desgizona”k 66. Ez dugu espero noski, Ulysses bat edo 100 años de Soledad-en antzeko zerbait gure artetik —hots, hutsetik kasik— sortzea, baina ditugunak begiratzean susmo txarra hartzen dugu, hain urria baita azken denboran argitaratutako liburuak betetzen diguten lekua.
Eta arazoa ez da mueblea betetzeak kezkatzen gaitueneik (badaude horretarako epeka, “en cómodos plazos”, saltzen diren Enziklopedia eta antzekoak). Zer gertatzen da ba? Nahikoa ote da ikastolen arazoak, euskal egunkarien hedatzea, gau eskolak, preautonomia eta nahi diren abar guztiak kontutan hartzea? Saia dadin bakoitza erantzuna asmatzen. Galdera hor geratzen da.
Zeren eta Literaturgintza ez baita txantxetakoa. (Besteak, ere ez, kontuz!). Mafia zabal batetan onhartua den iritzia da honokoa: “Literaturak, herriak bere batasunaz duen fikzioa lortzen du”: Haddad-en esana da, Haranburu Altunak “Zera”ren hitzaurrean aipatua. Eta hona nola esplikatzen duen: herri bat Herri senditzen dela bere burua Literaturan alienaturik (beste eginik) ikusten duenean: ildo honi jarraiki, beraz, herri baten konzientzi hartze bidean urrats bat bezala kokatzen da Literatura.
Bainan bar dezagun haria. “Desgizona”, esan dugunez, ipuin edo kondakizun bilduma da. (Biok sinonimotzat erabiltzen dira hemen). Bost kondakizun dira: “Karakol Presoa” (1974), “Gizagai” (1975.go Irun Hiri sariduna). “Elefante gorriak” (1974.go uztaila), “Sugaar” (1975.go Irun Hiri saria) eta “Desgizona” (1972.go Pio Baroja saria). Egileak berak dioenez, “Desgizona izenburuaren pean biltzen diren ipuin sorta “Zera” liburuan bildutako osagai gertatzen da”.
Halako liburu bat irakurtzekoan, zera izan behar da gogoan: ez dezan inork pentsa nobela eta ipuin arteko diferentzia tamainu kontua bakarrik denik. Antza badute, hai: biotan zerbait kondatu ohi da —narrazioak dira—, eta prosaz idatzirik daude; bainan hontaz gainera, mota bakoitzak badu zenbait bereiztasun propio. Bion oinharri eta xedeak —gauza berbera, azken finean— aztertuz, nolakoa diren bata eta bestea ikusi ahal izango dugu.
Zein da nobelaren helburua? Laburki esanez eta topiko bat erabiliz, “bizitza bera den bezalakoa” isladatzea. Ipuinarena, aldiz, beste bat da: eragingarri gertatzea du ipuinak helburu nagusitzat. Nobela ere, ezin uka, eraginkor izan daiteke —eta izan ohi da kalitaterik badu—, baina hau “a posteriori” gertatuko da: nobelak material bat ematen digu eta irakurleak hartu edo bertan utz lezake. Informazioaren antza du nobelak: material hori artistikoki moldatzea da nobelaren eginkizuna.
Ipuina eta informazioa, aldiz, urrun geratzen dira: ipuinak ez dira “aseptikoak”, praktikoak (egintzara bultzatzen gaituenak) baizik. Ipuinak efektu oso konkretua sorraraztera doaz: beldurra, harridura, nazka edo poza… Honela, gaiak zehatz-mehatz moldaturik daude: gertaera gutxi, pertsonaiak eskasak dira, ez dago ia deskriziorik, zeren eta bestela eraginkortasuna galdu egingo bailitzateke. Ipuigintzaren funtsa, ia osoki, azaltzen den ixtoria esplikaziorik gabe ematean datza. Harrigarrizkoa, izugarrizkoa, zehaztasun handiz kondatzen da —eguneroko gauzak bailiran—, baina ipuinlariak ez dio irakurleari inguru sozilogikoaren berririk ematen: beronek osatu behar du ingurunea. Eta horrela, informazioak (eta nobelak) ez duten aberastasuna lortzen du ipuinak.
“Desgizona”ren bost ipuinak, nahiz eta bakoitzak bere osotasuna izan, badute ere elkarrekiko harremanik. Guztietan gauza harrigarriak kondatzen zaizkigu: “Karakol presoa”n karakol batek ematen digu bere biziaren berri. Ez da honokoa karakol “normal” bat, gizona izana baita, eta, “karakol baino lehen, gizon banaiz, nork daki beste karakol guztiei ez ote zaien beste hainbat gertatu?”. Bigarren ipuina, “Gizagaia”, ama barruan dagoen(?)raren pentsaketa eta erreflexioak dira, beldurrez, ateratzekoan zer gertatuko ote zaien. Eta honekin batera, egunkaritatik jasotako berriak: Vietnamgo gerla, ETAko bi mutilen hilketa, auto istripu bat: gizagaiak bizi beharko duen mundua. “Elefante gorriak” ipuina, gizon baten frakasua ikusten dugu: frakasuaren arrazoia, elefante gorriak harrapatzeko makinak asmatzeari bizi osoa ematea. Laugarrena, “Sugaar” , jainko amildu baten ixtorioa da (euskal mitologian “Sugar” da suaren jainkoa, indartsua eta sutsua): jainkoak, gizonek haien beharra dutelako dira jainko; hemen berriz aldrebes gertatzen da: gizon batek lagundu eta kontsolatu behar du jainkoa. Eta “Desgizona” —erdi arrai, erdi gizon— zer da? Honela dio berak: “Ni ez naiz Jainkoa/ Ez eta gizona/ ni ez naiz ezer/ Ez naizena naiz/ Ezaren hutsa, desgizona”.
Ipuin arraroak, bai. Baina hauek ere iturbururen bat dute, eta geure errealitatetik kanpo, ez dugu besterik. Nonbait finkatzen dira, ez hutsean. Gure idazlearen errealitatetik sortzen dira eta bertara itzultzera garamatza, eta, esana dugunez, praktikoki gainera. Honetarako nahitaezko da distantzia bat sortzea (kalea hobe ikusi ahal izateko, leihora joan ohi gara).
Zeren eta distantzia hori ez bagenu, liburuko gertaera eta pertsonaiekin identifikatuz, bertan geratuko baigainateke. Ikuspegi berriak behar ditugu —eta, posible balitz, ezezagunak—, egoera bere osotasunean, konpreni ahal izateko.
Ipuin guzti hauetan ikuspuntu desberdin eta berriak ditugu; hau ez zen “Zera”n gertatzen eta alde honetatik aurrerapen bat da. Eta nahiz eta ixtoriok —anekdotak— desberdinak izan, azpitik lotzen dituen ideia bakarra da: “Itxura aldaketa”. Gizagaia, jainkoa, desgizona, elefante makinaren gizon zoratua… Denetan izena eta izana diferenteak gertatzen dira, itxura bat da eta barrukoa beste bat. Gai hauk ez dira berriak; ezta zaharrak ere. Egilearen kezka, mania pertsonalak ote? Hain ziur al gaude guztiok geure nortasunaz iturburaz, xedeaz? Eta , bukatzeko, beste galdera bat: originalak ote dira ipuin hauk. Hainbat idazleen izenak bururatzen zaizkigu berehala: Borges, Cortázar, Garcia Márquez, Lovekraft, Poe,… Eta Kafka batez ere, liburu hasieran espresuki aipatua. Gure gizarteko kultura, gure bizimoldeak, zorionez ala zoritxarrez, egunetik egunera baterakoiagoa da: arazoak eta ideiak, egoerak eta irtenbideak antzeko izan behar. Orijinalitaterik ez du hemen inork aurkituko. Bainan benetan notizia bat dat halako gauzak euskaraz idatzirik topatzea.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres