kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Izuen gordelekuetan barrena / Joseba Sarrionandia / BBK, 1981

Sarrionandia estreineko aldiz Juan Ramon Madariaga / Hegats, 1995-11

Ni ez naiz datak, izenak, lekuak eta, gomutatzen dituen horietakoa. Ez horixe. Hau dela eta, aspaldi batean, hastedanik bukaeraino irakurririko liburu guziei data jartzea otu zitzaidan, alde batetik, eta ahantzi aurretik, liburu horren irakurketa ziurtzeko eta bestetik zorioneko egun horren fetxa jakin ahal izateko. Azertu honi esker gaur egun oraindik, edozein libururen lehenengo orrialdean nere begiak egokitzen direnean, sorpresa batzuk hartzen ditut: Hau orain dela bost urte irakurri nuen, hori orain dela hiru, beste hori oraindik irakurtzeke daukat, eta horrela. Eta apalategian dagoen kolorezko karabana geldiari gainbegirada bat bota nionean, nahiko marginaturik zegoen liburu urdin batez ohartu nintzen, dexente erabilia omen, goitik beherako marra zaharkitu batzuek identifikatzen baitzuten.

Abia abiatik ezagutu nuen eta ziplo liburu horren orrialde zuri-zurien aitzinean deskubritu nituen mundu baten parabisuak akordura etorri zitzaizkidan. Mundu hark beste bidexka batzuk erakusten zizkidan, komit nintzen korritzera. Mundu hark amesteko era berri bat jarri zion nere boligrafoaren puntari, hizkuntza zahar baten odol berria eman zidan. Lur berri honetan lekzio ederra suposatu zuen zuhaixka gaztearentzat.

Beti beti, lburua hartu eta aurreko azala begiesten nuen, zuen irudiaren tramak ere mezu izkutu bat gordeko bailuen. Eta gero behin eta berriz tituloa irakurtzen nuen: Izuen Gordelekuetan Barrena. Liburua urdina zen, inprenta lan kaxkarrekoa baina erregalu eman zidatenez… Lehenengo orrialdean datu gehiago. Literatur sari bati esker plazaratu zen. Saria 1980.ean eraturikoa izan zen. Datu guzi hauen goikaldean, hasieran deskribatu dudan azertu horren isladapena; data. “1986.eko Abenduan” jartzen du.

Hau da, hurrengo urtean hamar urte J. Sarrionandia deskubritu nuela.

Izuen gordelekuetan barrena

Titulu honen pean altxor miresgarri bat izkutuan zegoen. Irakurketa sakonen poemak ziren hantxe idoro nituenak eta ez bakarrik idazleak igorri nahi zuen mezu, dei, deitore edo kantuaren aldetik. Hizkuntza bera, hasieran traba zena, lerroz lerro zutabe edo pilare antzean, buket ederra izatera iritsi zen.

Tenore hartan hiztegia izan nuen lagun eta halaz, hitz xarmengarri ugari nere memoriaren pasabideetako apalategi berrietan kokatzeari ekin nion. Hitz hauek beste espazio literario baten giltzarri izan ziren. Hitz magikoak, ele misteriotsuak, poemarekiko losintxak.

Batzuk oraindik gomutatzen ditut: haboro, deslai, halaber, iduzki, tipino, haunitz, orena, profitatu, bozkarioa eta abar luze bat.

Hitz hauen bidez Bilbotik at dagoen beste Euskal Herri hori ezagutu nuen, beste hizkuntza mota hori, beste paisaiak, beste gainak, oihanak, jendakiak, euskaldunak.

Iparralde ahantzi hartan ere Xiberoko herria deskubritu nuen geroagoan eta horrela osatu nuen nere Euskal Herri propiala.

Poemak leku hauen egunerokotasunak nereganatuz irakurtzen nituen eta behinola irudikaturiko paisaia, geroz formaz, kolorez, eta nortasunez identifikatu egin nuena, lerro haien artean ageri zitzaidan artzainaren ahoan, subazter zokoan, amatxi kadiran dagoela, edota mendi gain zurietan, Iratiko basoetan, pagoen artean.

Orduan maite izan nuen herria osoki eta poema askotako esaldiak barneratu egin nituen muineraino:

Nekez uzten du bere sorterria
sustraiak han dituenak…
Aberria hautatu egiten da
Inork agintzen ez didalako
dut maite
maite dudana.

Liburu honek dituen epigramak, lantzean behin balizko amodiozko gutunetarako ere erabili nituen. Gomutatu dudan ederrenetarik bat hauxe da:

Atearen aitzinean baratza
baratza erein berria
euriaren esperoan bezala
halantxe espero zaitut maitia.

Epigramen sinpletasuna miresten nuen Sarrionandiarengan. Mirespen honek, behin aipatutakoaren bariazio bat argitaratzera bultzatu ninduen, mimetika hutsean. Honela zioen.

Marinelaren aitzinean untziaren belak
belak beraren munduaren premia
ipar haizearen beharrean bezala
halaz behar zaitut nik maitea.

Poema batzuk ere, konturatzeke, kantuz ikasi nituen Laboaren eskutik. Sorterriko koplak lagunen arteko girotze ederrean kantatzen genituen.

Eta gero bidai luzeak, eta bidai horretan poeta lagun berriak egiteko parada ezin hobea. Obra gehiago irakurtzeko, hobeto ikasteko.

Izuen gordelekuetan barrena liburuak beraz, atarramendu handiko iderentza suposatu zuen. Hizkuntza berezi baten berritasunak eta mundu sasiezagunaren nortasun liluragarria.

Eskutartean eduki nuen poema sorta hau, Pamiela argitaletxe arduratsuaren bidez, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburudendetan kausitu nuen arte. Orain liburua zabaldu dut eta lehenengo orrialdean data dator, 1987.eko abenduan. Urte bat geroago beraz.

Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak

Sarrionandiak liburu honen bidez, literatura modernoaren itsaso handi, zabal eta ezezagunean murgilerazi ninduen definitiboki. Ez dakit dagoeneko, zenbat aldiz irakurri ditudan liburu okre koloreko horren poemak. Bai, okre antzeko kolorea du, arin lohitzen den horietakoa, baina betiko legez artoski landua eta inprimatua.

Idazleak berak idatziriko hitzaurreko zenbait pasarterekin bat etorri nintzen duda barik.

Badago sentzazio bat, poema bat estrainekoz irakurri arren ezaguna eriztearena edo, hobeto esan, poema hori norbere hasitan asmatzear zegoela senditzearena.

Halaz agitzen zitzaidan niri ere bai, eta ez bakarrik liburu honetan hainbat poeten kreazioen translazioekin. Hori berori senditzen nuen Sarriren liburu berri bakoitzaren poemen aitzinean.

Nere buruak hau horrelaxe idatziko nuke nik tipotako esaldiak xuxurlatzen zizkidan. Ez zegoen beste modurik, horrela zen eta kitto.

Liburu hau irakurtzen hasi nintzenean gazteegia nintzen, literatur mundu magiko honetan eskarmentu gabeko pertsona eta bere liburuen aurrean burua itaunez betetzen zitzaidan.

Itaun horietako bat hauxe zen: Nondik ateratzen zuen horrenbeste idazle ezezagun eta on?

Erantzuna ere deblauki bururatzen zitzaidan. Honek hogei mila liburu irakurriko ditu urteetan zehar. Ondorioa: Irakurtzeari ekin behar zaio su eta gar.

Beraz Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuak azkenengo orrialdean zekartzan autoreen zerrenda arakatzen hasi nintzen. Horrela Yeats, Holan, Rilke, Melville, Pavese eta nola ez Pessoaren poesiaz gozatzen ikasi nuen

Liburu honetatik gomutatzen dudan poema ederrenetakoa ostera, ez dagokie arestian aitatu poetei. Hau anonimo txino bat da, eta Gure hitzen ahalmena titulu pean dator.

Sarritan igertzen da gure hitzek
ahalmenik ez dutela,
Gure pentsamendu sakona azaltzeko
hutsalak direla.
Egun haretan, aurrez aurre, elkarri
begira egon ginenean:
Zelan adierazi gure bihotzen
mila tolesdurak?

Poema liburu bi hauetaz landa, badira egileak kreatu beste batzuk, eta hasierako lilura hori sortu ez badidate ere, bai esan daiteke perla bereziak izan direla nere irakurketen barruan.

Agian, eta poesiagintzari dagokionez, sosegugabetuena eta bortitzena baina era berean itxaropetasuena Gartzelako poemak deritzona da.

Egia da epilogo hartan J. Iturraldek zioena: irakurlea, liburu hau amaitu ondoren, ez da hasterakoan zegoen bezain sosegaturik eta lasai geratuko. Hala agitu zen.

Oso poema gogorrak idoro nituen horretan ere.

Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezela.
Baina ez, armiarma bati
galdetzen dio Noiz arte?
Armiarma, berehala,
zintzilikatu eta haria
luzatzen jeisten da.
Eta badirudi hari luze hori dela
armiarmaren erantzuna.

Poema are bortitzagoak ere irakurri nituen eta poesia mailu bat dela gogoratu.

Baina orokorrean narrazioetan zein poesiagintzan Sarrionandiak erromantizismo ikutu berezi baten pean izkribatzen duela aitortu behar da eta honek oso autore berezi bihurtu du.

Denbora, leitzearen leitzez
zahartzen den gutuna da.

Baliteke erromantiko-tragikoa ere izatea, desesperantza anitzetan dastatzen baita poema askoren azkenengo traguan. Halarik ere, nere aburuz dugun idazlerik emankorrenetakoa da. Bokazioz idazten du Sarrik, denborak, existentziak berak behartuta.

Seguruenik bizimodu latzak ez du beste irtenbide gloriosorik ematen eta literatura du abaro beroa, aterpe segurua. Ez ote genuke besteok berdin eginen? Inon eta leku guztietan egotearena idazle honek duen beste berezitasun bat da eta horrela alde misteriotsua lortzen du baina beste askok badute berea.

Sarriri esker, literaturaren palazio handiaren zenbait gela eder deskubritu nuela aitortu behar dut, aitaturiko liburuen bidez eta bere zerrenda luze horren barruan dauden beste askori esker. Palazioa Taj Mahal bezain handia da, harri bitxiez josia, zaharra baina ederra, jendez beterik eta ni kirikatzen, aztertzen, ikusten baino ez naiz hasi.

Bera ere hor egongo da, nonbait, gela zaharretako, pasabideetako, anbiolako biblioteketako liburuak irakurtzen, informazioa ordenatzen, izkiriatzen, harik eta gure artera bihurtu arte.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak