kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Urte Guziko Meza-Bezperak / Nikolas Ormaetxea, "Orixe" / Garikoitz'tar Laguntzaileak, 1951

Urte guziko meza bezperak Ibinagabeitia'tar Andima'k / Euzko Gogoa, 1951-09

Gaurgero, euskaldun eliztarrek ba’dukete goi-argiz gogoa nun ase. Amaikatxo eliz-liburu argitarazi dira euskaldunen artean, meza, etoitz, eta edonolako eraspenez kuin-kuin. Eliz-liburu egoki ta beterik ordea, ez geunkan. Orainartekoak egile bakoitzak asmatu otoitz eta eraspenez egokituak ziran geienak. Beste batzu eliz-otoitz iatorrez, bainan otoitz ok erdizka baizik etzitzaizkigun emanak izan. Labur esateko, eliz-liturgi osoari zegokion idaztia etortzekoa zitzaigun.

Gaur berriz, euskeltzale kartsu batzuen laguntasun eta Orixe maisu aundiaren kemen-adoreei zor, iñoiz euskeraz sortu eliz-libururik bikainenaren iabe gaituzute. Azalari gagozkiola, ez dio iñungo meza-liburu dotore ta apainenari zorrik. Aiek bezela, orrialde bikain ta paper goxoenean bilduta, “Urte Guziko Meza-Bezperak” dakarzki, urteko egun bakoitzari dagozkion eliz-otoitz eta meza santuak. Iai aundi ta iai tipi, oro bere larru piñezko azalaren barnean, latera ta euskera aurrez-aurre dakartzilarik.

Egileak dionez, bearrezkoa genun euskal-kistarrok ere orrelako idazti bat. Egun, liturgi-zaletasunak aurrerapen aundia egin du, euskaldunok ordea, eliz-zerimonirik ezin gentzakean bear bezela iarraitu ortarako libururik ez geunkalako. Gainera, Eliz Amak, gogo bizia erakutsi du azken aldi oetan kistar eta aldarean ari dan apaizaren artean artu-eman geiago izan daiten; ots, eliz-iaiak bizi ta bizkor izan ditezen, ez apaizentzat soilik, baita kistar guzientzat ere. Nola ordea, euskaldun eliztarra apaizarekin bat gertatu eliz-zerimonietan, ortarako libururik gabe?

Aldamenetako izkuntz arroek ba’zituten, eta euskotarren artean ere, geroago ta zabalagotzen ari ziren izkuntza arro orietaz iantzitako misalak. Iaunaren itza erderaz, neurri-gabe iaten ari giñan gere arimen, eta batik-bat, euskaltasunaren kaltetan. Engoitik erdal misalari atxikita iarraituko luken euskaldunak, ez luke barkabiderik, ez orixe.

Oixtian, Orixe’n adore-kemenak aipatu ditugu, aiek izan bai’dira, noski, liburu bikain onen sortarazleak. Bear ere bazizun egoarri Ormaetxea iaunak, etsi gabe, lan arrigarri ori burutzeko. Gure izkera ta lateraren artean dagon aldea aundia da izan ere, itzul-lanaren malkar ta arantzak aldiz, larriegiak. Malkarra gainditu ta arantzak mozteko adorea bear, baitare izkuntzaren ezagupenik sakonena, bi izkuntzena alegia.

Argitarazi nai izan dutenek ezin zezaketen itzultzale oberik autatu lan tzar ori borobiltzeko, Euskadi ta mundu guziko euskal-idazle oro arakatuta ere. Gure elerti-oianean, Orixe zaigu ibar-iaun, eta iaun orrek bezin ongi iñortxok etzezakean misalaren itzulpenik euskeraz mugatu. Euskaltzalez gainera, Orixe, latin-zale ere bai zaigu, eta Lati’ko izkuntzaren zirkun-zarkun ta gurpilak iñork ez bestean dazagutzi. Ori dala bide, lan oso ta garbala burutu digu.

Kexkarik ba’dizu, orratio, itzulariak, itz-aurrean aitortzen digunez. “Mordolloegi ez egiteko batzuk; garbiegi ez jarduteko beste batzuk“. Orra itzularien betiko kexka, euskeraz ari danean batez ere. Kexka ori aldendu nai, ta ezin saiestu iñola ere, gure izkuntza erri-abarrean bear bezela zaitu ta apaindu ez dugulako baitare menperatzen gaituten izkuntzetan bezelako zaletasunez geurean pulunpatu ezgeralako eta pulunpabiderik ere izan ez dugulako. Nolarebait, mordoilo-zale ta garbi-zaleak kontenta bear…

Xede ori izan dizu Orixe’k eta bete-betean iritxi duala ere aitor gentzake. Nola ordea? “Aldeaurretik ba’dakit guzien gustorik ez dudala egingo. Ez neronenik ere, jakiña. Ontatik asi naiz; nere ta iñoren atsegiña baño geienen etekiña edo protxua lenago baita.” Beaz, yomuga ori atzematera oldartu zaigu itzulari aberatsa. Erri-erriarentzat egiña ez dala liburu au dio egileak, erria egunero mezataratzen ez dalako. Bainan erriak, gure erri-erriak, aisa ulertuko luke Orixe’ren euskera, ulertu ez-ezik, baita miazkatu ere darion ezti goxoa.

Euskera garbiagoa erabili zezake? Egia. Egileak berak adierazten digu zergatik garbiegi iardun ez duen. “Euskera gaxoak operazio asko dauzka egin bearrak eta guziak batean egin ezkero, il liteke. Batetik sendatu ala bestea egiñez, ez luke eriobildurrik”. Orra zergatik, bide txukunegitik, itzularia saiestu dan. Ala ere, dio egileak “urteen buruan liburu onek bere burua garbituko du, orain nai ta nai ez itsatsi diotan zier-autsetik; baña beste argitaldi batean, bizi ba’nendi, naiz bestek eraberrituz, landuago ta biribilago aterako da“.

Egia esan, ez Orixe’k berak, eztare aren ondoren letorkenak, ez du garbi bear aundirik liburu ontan idoroko. Euskera errikoia darabil, errikoia bainan aberatsa. Aberatsez gainera, egokia ta garbia. Laterazko bulko ta itzik biurrienarentzat euskal itz bete-betekoa beti arkitzen du. Gure idazlearentzat, ez du euskerak ixilpekorik. Beaz, erro-arro aitortu dezakegu gure “Urte Guziko Meza-Bezperak” beste izkuntzetara ere egin diran itzulpenen artean ederrenetarikoa dala, eta zenbait ertzeri begiratuki, latera bera baino atsegiñago zait Orixe’ren euskera, neri beintzat.

Goratzarreak, imnoak, batez ere arretaz irakurri ditut. Ba’nun ori egiteko gogorik! Orain aunitz urte, atzo esango nuke, amabi urteko mutikoa nintzala, Tudela’n Etxarri Aitaren aotik, Ormaetxea gazteak, “Jesus’en Biotzaren Deya”n argitara goratzarreen itzulpenetaz goraipamenik beroenak entzun nitun. Garai artan, etxekoek ikustera etorri zitzaizkidan ta aiekin ari zan. Ala ere, Etxarri’ren itzak iñoiz ere ez nitun aantziko. Geroago, itzulpenok irakurtzeko zoria izan nizun “Sacris Solemniis” “Adorote devote” “Te Joseph celebrent” eta abar, Orixe’k itzulita. Egia zan Etxarri’k esana: “erderaz ere ez du olako itzulpenik iñork egin.” Arrituta zegon Aita euskaltzale ua Ormaetxea’ren euskal trebetasunarekin. Are arrituagoko litzake egun goratzarre samalda ain ederki euskal neurtitzetan biurtuta ikusiko ba’luke. Ez Lefebvre’k pantzeraz, eztare Molina’k gazteleraz ez dute Ormaetxearen markarik ukitu. Aiek itz-lauz txukunez itzultzearekin naikotu dira, beuren izkuntzek besterik laketzen etzielako nunbait.

Ba’dira eliz-goratzarreen artean zenbait txukunkeriz iotakoak, itz parregarri ta bitxiz iosiak, esakera utsal bainan antuz beteak, adi-gaitzak, biurriak, ao-goxo exkaxaren iabe ziran eliz-gizonek, or nunbait, idatziak. Baten-batzuk pagan-kutxua ere ba darite. Goratzarre oek ere, Orixe’ren itzulpenetan, bete-beteko eliz-goratzarra gertatzen dira, yainkozko giroz, eraspenez, apaltasun eta goxotasunez inguratuak. Bada oien artean bat, beti ere bitxi iruditu zitzaidana: Neketako Amaren atsal-otoitzetan abestu oi dan “Jam toto subitus” imnua.

Jan toto subitus
vesper eat polo,
Et sol attonitum
praecipitet diem,
Dum saevae recolo
ludibrium necis,
Divinamque catastrophem. e. t.

Doala zerutik iges atsaldea.
Eguzkiak buka dezala eguna
lotsaz, Jainkoaren eriotze
latza guk oroitu bitartean.

Ez ote irakurle, turut-arratz-ots zaratatsuak darizkion “Jam toto subitus” arroa baino atseginago, elizkoiago, egokiago? Aipatuaren antzeko beste ereserki asko ere, apaltasun, barne-giro ta eliz-giroz, gure izkuntzak, Orixe’n trebetasuna bide dala, iazten ditu. Itzulpen aipagarririk arkituko du irakurleak: “Stabat Mater”, “Dies Irae”, “Lauda Sion ” e. a. Bi aipatu gabe, orratio, ez ditut utzi nai: “Iam lucis orto sidere” eta “Te lucis ante terminum”, goiz ta arratseko otoitzak:

Iam Lucis orto sidere

Otoi dezagun Jainkoa
argia sortzen danetik
egun ontako lanetan
begira gaitzala gaitzetik.

Ezi dezagun mingaña
auzietan nasi gabe;
uskeriak ikustetik
begia dezagun gorde.
e. a…………

Te lucis ante terminum

Otoi guzien Egille,
argiak aldegin baitu
oben illunpetik, Jauna
zaindu ta gorde gaitzazu.

Amets gaizto irakor
zoazte urrun gau ontan
bego loturik etsaia
gorputza lizun ez dezan.
e. a…………

Nork esango luke euskeraz amestuak izan ez diranik goratzarre ok? Sail onek azalpen sakonagoa merezi luke, baita liburu osoak ere. Norbait saiatuko al da gaiok bear bezela aztertzen, argi ugari ietzi ditezke bada euskal idazleen onerako.

Eresiak ere, era berean, otoitz, berrion-ki, bidalien-idazki eta abar, maisu eskuz itzulita daude, errex ta atsegin. Orixe’k argi aitatu ez arren, Olabide’ren itzulpenetaz maiz baliatu dala ageri da. “Nik ez dut oso baztartu Birgiña, baña geienetan bildurrik gabe erabili dut neskatxa, len ere ontzat emana baitago Eliz-baimena dun liburu eder baten“, dio itz-aurrean. Liburu eder ori Olabide’n Itun Berria duzute eta idazti orrez gainera beste ederragoa, Itun Zarra ere, ederki ezagutzen du Orixe’k. Berak esan ezpazigun ere, Olabide’n idaztiak erabiltzen oituta gauden ok, laister atzeman gentzakean aren ixuria zenbait irakurgai ta itzulgunetan. Orrek ez dizu ezertxotan Orixe’ren lan izugarria urritzen, ez noski. Gure aurretikoen lanak ez dituzu arbuigarri lagungarri baizik, eta ezin uka zenbait gaietan Olabide’k sasi arantzak oildu zizkigunik, ondorengoek bide erosoagotik genbiltzan.

Izenetaz zer esan? Zenbait euskeragotuago zitzaken, euskal-izen aunitz, errian ere, onartuak izan baitira. Ortan uzkurregi ibili zaigu idazle aitorra, erriaren bildurrez baino kritiku zenbaiten erabez areago. Ongi dakit Orixe iñoiz ez dala erabe izan, bainan oraingo ontan lotsa geiegi erakutsi du. Urrengo ekoizpenean zenbait izen euskal yantziz apainduko al ditu.

Orain, irakurle, zure aldi duzu. Ar ezazu idazti eder au, irakur zazu, ausnartu ere bai, ta Iainkoa goretsiz, bidenabar euskerarik ugari, argi ta aberatsenaren yabe ere egingo zera. Orra Orixe’k egin itzulpenaren doairik aundiena eta osperik garaiena erabat.

Paris’en 1951

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak