« Etorkinen ametsen urperatzeaz | Istorio garratzak »
Bermeo basatia / Paul Henri Capdevielle (Begoña Bilbao) / Txalaparta, 2001
Ez dira, ez, hamar ogerlekoko berbak! Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2001-11-10
“Bermeon zaudete… Pilatosen semeon —hala dio testuak, alabak salbu utzita— etxean… Basatien etxean”. Horra mende hasieran Capdevielle nobelagile ia guztiz ezezagunak eleberrian saldu gura izan zigun mezuetako bat, izenburuaren giltzarria. Frantsesez idazten zuela badakigu, Parisko Jules Tallandier jaunaren argitaletxe inportantak 1922an liburua argitaratu ziola ere, baita urte batzuk lehenago Pirinioen gaineko beste nobela bat idatzi zuela. Bat edo bat, dagoeneko, pentsatzen hasita egongo da Txomin Agirre atzerritar moduko bat zela morroia. Baita enpatxu barik errezelatu ere Kresala bis izango dela esku artean darabilgun nobela. Itxuraz, bai, antzeko gaiei bota zietelako “aparejua” idazleok. Arrantza, hala eta bere, goitik behera diferentea.
Eleberrian ekarri soziologikoak, antropologiakoak eta historikoak agertuko dira. Han-hemenka herri ekandu eta sinesmenen berri emango du, ederto eman ere. Baita klase sozialen gaineko aipuak ere, bermeotar arrantzale xumeen eta jauntxoen arteko klase diferentziak ahazteke! Bermeo ez ezik, hainbat euskal herritako jai eta jazokizunen berri emango du ere. Eta liburuaren ehundura? Mataza dramatikorik bai? Zelakoa, baina, ona, trinkoa… ala sare-sare egina? Egon, bada!
Kazetaritza nobelaren tankera
Amodio kontuak, laguntasuna, ezbeharrak… Kazetaritza nobelaren tankera hartuko du kontaeraren aitzakiatzat darabilen ezbehar lazgarriaren albiste ematerakoan: “Bermeoko ehun eta hamasei gizon itota gertatu dira”. Hortik aurrera, erritmoa arinagoa ere izango da. Eta, lantzean behin, harako Leturiaren egunkariko pasarte batzuk ere etorriko zaizkigu akordura! Denak ez dira euskaldun fededun zintzoak izango ez, euskaldun gaizto eta zitalen bat ere agertuko da. Eta ezustekoren bat edo beste ere bai: arima herratuak, mamuak, aztiak, hildako berpiztuak, kontrabandista printzipiodunak… Ene, ia ez naiz akordatu ere egin protesta “proletarioaren” bat edo beste ere agertzen dela esateaz. Eta alkatetza kolpea ere! Bai, bai! Liberalak eta nazionalistak pelikadan, horrelako kontutxoak! Bermeotarren batasun politikorik eza, Aldundirako diputatu egokia zelan aukeratu… Ezin aitatu barik utzi halako maitasun hirukote (laukote ote?) korapilatu samar hori ere! Amaieraren gainean zer esan? Alturakoa, baina… hobe norberak leitzea eta bi gizon gazteon arteko harremanak zelakoak diren argitzea.
Eta zer esan itzulpenaren gainean? Begoña Bilbao idazleak beharleku itzela hartu duela euskal estandar batuari bizkaieraren ekarria itsasten. Zelako zama eta zelako aukera ederra idazlanaren eszenatoki den Bermeo ere islatzea bertako euskara erabilita, oso gutxitan jazotzen da-eta literatur itzultzaileak itzulgaia eta itzulpen hizkera halako modu egokian mentatu hala izatea. Bermeoko bizkaiera baino ez du topatuko irakurle gesal zaleak? Ez, ba! Bermeoko berbeta eta joskera modu batzuk batura ekarri ditu, bai, baina beste bizkaierei eta euskalkiei atea zarratu barik. Izan ere, idazleok eta itzultzaileok akademiak ebakitako bide garbietatik urrundu beharra izaten dute lantzean behin. Zergatik diogu hori? Itzulpen honetan irakurleak harridura tanta bat sentituko duelako behin baino gehiagotan, bai bizkaieradunak bai halakoa ez denak. Berbeta aukerak arroztasuna sor dezake norbaitengan. Baina, segur aski, ez beste hainbat itzulpen eredutan baino gutxiago… ala ez? Kontu zaharra dugu batu estandarraren eta euskalkien arteko oreka beharra. Azken hilabeteotan auzia indarberriturik dator. Itzulpengintza, jakina, ezin gera daiteke zurrunbilo horretatik at. Ez luke egon behar, gainera! Non dira mugak, zenbat hartu behar du itzultzaileak halako edo bestelako euskalkitik? Zer jo behar da zokokeriatzat? Kontu ebazten zaila da, batzuek estandartzat beren inguruko euskara baino jotzen ez dutelako. Hala ere, baten batek ezin onartuzkoa jo dezake esaldi berean “hurko” eta “emon” elkarren ondoan eta lagun topatzea. Zer egin dugu, bada!
Eta, itauntzen hasiz gero, merezi ote du egun halako ezagun edo klasiko ez den idazle baten lana euskaraz ematea? Honako honetan, bederen, bai, sarritan kanpotarrak oso bestela ematen duelako gure berri. Guztiarekin ere, Euskal Herria gertu sentitzen zuen laguna ei zen Capdevielle, Baionako Gure Herria aldizkarian 1922.ean ipuin bat argitaratu zioten eta.
Arroztasuna arroztasun, eleberria erraz irakurtzen da, atseginez; nahiz eta, harako Murphy hark zioenez, ez dagoen akatsik bagako libururik argitaratzerik eta, honetan ere, ezin bestela gertatu, bat edo beste ere agertzen delako. Itzulpen honek beste bide bat utzi du ebakita bizkaiera batura biltzeko eginahalean —edo batua bizkaierara hurreratzekoan—, itzulpen hizkera sendotzeko ibilguan urrats muntaduna izan da. Gaztelugatxek euskal irakurleari eskaintzen dion beste altxor onetsi beharreko bat.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres