kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Babilonia / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1989

Hondamendi baten irakurketa mitologikoa Josu Landa / Argia, 1990-03-04

Bide nekeza aukeratu zuen Joan Mari Irigoienek bere nobelagintzarako, aukerak berak zailtasunak ugari ageratarazi balizkio antzo. Haatik, beste idazlerentzat prolematikoak liratekeen hainbat gauza, Joan Mariren idaztankerari primeran egokitzen zaizkiola dirudi. Gertakizunen ikuskera poetikoa, mitologiarekiko lilura, pertsonaiak ia kondairetako izakiak izatera hurbilerazten dituen tonu mitologiko eta erdi-nostalgikoa… Koordenada horien barruan kokatu ohi ditu bere nobelak altzatarrak, eta horien arabera bere abileziak garatu eta frogatu. Ibiliaren ibiliaz findutako estilo hori heldutasun moduko batera iritsi da “Babilonia” honekin. Horrek ematen dio pisuzko nagusitasuna lanari.

Istorioa gerra karlisten garaiko baserri giroan kokatzen da. baina karlistaden gaia aurrenik aipatzeak espejismoa sor dezake, bigarren mailako anekdota narratibo modura azaltzen bait zaigu, kasik eszenario hutsa bezala.

Garayalde familiyiaren galera dugu nobelaren benetazko gaia, eta bertso zaharren munduari erreferentzia egitea egokia dateke, nobela honetako giltzarri asko eta asko handik hartuta daudela irudi bait du. Kontatutakoaz gain, erabilitako tankeragatik, pertsonaien ibilerak narratzeko moduagatik… bertso paper zahar batetik erreskatatutako istorioa izan zitekeen “Babilonia”koa. Ederki barneratu du Irigoienek bertsolari zaharren estiloa, nobela idazteko haien kronikagile izaera bitxia bereganatu bide du, eta errekurtso asko eta asko bertso-paper zaharretatik hartuak iruditu zaizkigu.

Bertso zaharretako oihartzunaz gain, beste bi osagaik kutsatu eta girotzen dute narrazioa: Biblia eta euskal mitologia. Bi erreferentzi mundu horien eragina erabatekoa da “Babilonia”n. Guzti hori mamitzearren egindako dokumentazio lan haundia aitortu behar zaio Joan Mariri, eta baita hain arrotzak egiten zaizkigun arloak orrialdez orrialde uztartzeko modu harrigarria ere. Garai hartako euskaldun baserritarraren gogoa isladatzeko erreferentzia horietara jotzea ezinbestekoa izan daiteke, eta horregatik beharbada sarritan moralismoaren ertzetan dabilen estilo zaharkitu baten jabe ageri zaigu Irigoien nobela honetan.

Filologia Fakultateetako ikerketa semiologikoetarako primerako nobela dugu hauxe. Joan Mari Irigoienek nobeletan maila sinholiko anitz eta askotarikoak txertatzeko zaletasuna beti izan badu ere. honokoan ezin borobilago burutu du asmoa. Estrukturatik bertatik hasita, hiru motatako narradoreen bidez azaltzen zaigu istorioa (Margarirena tonu magiko-mitologikoan mintzo da, Kaxianok prosazko bertsolari kronistarena egiten du, eta beste biek utzitako hutsuneak betetzeko beste narradore guztiz klasikoa dago). Narradore eta pertsonaiak sinbologiatik mintzo dira sarri, bakoitzak bere gisako metaforak etengabe planteatuz. Azken finean. “Babilonia”, baserriaren historia eta gainbehera puntako alegoria gisa aurkezten da, familia-baserria bikotea ezin elkartuago bilakatuz.

Laugarren nobela honetan inoiz baino menderatuago ditu Joan Marik irakurlea istorioaren harira lotzeko bideak, hasi eta bukatu arte besapetik ezin urrundu den liburua burutuz. Arrazoi askorengatik, beraz, hauxe da bere nobelagintzako gailurreko emaitza. Orain artekoa, espero dezagun.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak