« Hitzen misterioa | Karmina eta lirika »
Homo Faber / Max Frisch (Joxe Austin Arrieta) / Elkar, 2001
Homo Faber gurean Juan Garzia Garmendia / Euskaldunon Egunkaria, 2001-09-29
Eta bai: aspaldi-aspaldiko partez, kalean dugu literatur lan bat Arrietak uskaratua. Bi pozgarri, bada, batera: hark itzulia eta bera itzulia. uskal irakurle arruntak, Max Frisch-en obren artean, (Ni ez naiz) Stiller izango du noski ezagunena, aditzeaz behintzat, eta agian irakurri ere egingo zuen noizbait erdaraz. Ez da askorik, obra zabaleko idazle suitzarrik sonatuen horren ezaupide zuzenari dagokionez. Hala ere, zeharbidez, badabilke euskal letretan Frischen itzal mardul samarra, haren zale aitortu diren zenbait idazleren islaz, hala nola —eta bereziki— Saizarbitoria bera: itzuliko gara berehala horretara.
Batzuetan guztiz harritzen naiz zeinen baliagarri diren metodorik sinpleenak. Hona zertsu dakarren entziklopediarik zabalduenetako batek, esaldi bakarrean bilduz Frischen obraren asmoa: “Berak eraiki duen munduan gizona esklabo gertatzea salatzen du”. Bikaina, bere sinplean. Eta aski eta sobera gure kasurako: izenburua bera ere, hain zuzen, bide beretik doa, “homo faber” horixe baita (“fabrikatzailea”), teknologia zahar-berriz, munduaren eraikitzaile.
Izenburukoa ez da, hala ere, alusio soltea: protagonistaren deitura ere bada Faber. Izen alusiboen prozedura hori aski izaten da askotan, besterik gabe, “fabula” kutsu bat emateko istorioari. Bestetik, eleberriaren beste elementu batzuk bezala, estilizazio nabarmenez tratatuta dago Faber delako protagonista eta narratzaile hori; antonomasiko eta hiperboliko samarra izateraino, hain zuzen: oso “faber” dela, alegia, izugarri “faber”, Faber hori.
Kasurako, Saizarbitoriaren “entziklopedista”-eta txiki geratzen dira, oso ere txiki, bere buruarekiko zientifikotasun uste horretan, Faber honen aldean. Lanbidez ere, ingeniaritza obra handien arduradun dabil mundu guztian, eta ez entziklopediak etxez etxe saltzen bere herrian. Gainerakoan, mekanismo berean harrapaturik daude biak: zenbat eta intelektualki iaioago agertu, orduan eta miseria handiagora isuriak harremanetan eta bizitza pribatuan. Alegia, espirituaren alderdi bat (logiko-teknikoa) hipertrofiatzeak berekin bailekarren beste alderdia (sentipenena) atrofiatzea.
Hori, “faber” izateari dagokionez. Baina ez dezagun ahaztu “homo” izatearen partea. Emakumea, ez bakarrik ez da sartzen “homo faber” kategoria horretan, baizik eta harekin kontrajarria ageri da (hor ere, bistan da, Saizarbitoriarenetan bezala). Alegia, gizon eta emakumeen arteko bereizkuntzak, antzinadaniko paper banaketaren poderioz, dagoeneko ia bi espezie desberdin bilakatu bagintu bezala, espiritualki bederen. Optimista batentzat, baina ez baita kasua, bakoitza alde batera desorekatuak, osagarri lirateke espiritu desberdin biok… Lur labanak dira pentsabide horretatik haragokoak (Saizarbitoriak zerbait argi atera bide du auzi ilun horren inguruan: zientziak zientzia, “emakumeak jakin daki”). Dena dela, gure kasuan, Faberren ikuspuntua baino ez dugu, eta espiritu zientifiko bere miserietan ere harro hori ageri da nagusi: arrangurak baditu, galantak, baina ez dauka saltzeko bere nortasuna gure Faberrek: bere “distantzia zientifiko”tik begiratzen dio munduari eta bere buruari. Damua, damurik bada, berandu dator beti.
Abiatuak garenez, beste paralelismo bat Saizarbitoriaren azken lanekiko (beste kontu xeheago batzuk ere seinala litezke, baina): situazio batzuen “errealismorik ez” edo nabarmena (melodrametako “trukulentzia”tik hurbil, hain zuzen: kausalitate adina kasualitatez, pertsonaien arteko endogamia eta guzti…). Inork ez du agintzen, hala ere, batera joan ez daitezkeenik jantzi objektiboa eta mami harrigarria, halako “objektibismo harrigarrizko” edo bat osatzeraino (“egiantzekotasun”ak, bestetik, “egia”ren definizioa eskatzen du). “HOMO FABER”en, sistematikoa eta egiturazkoa da kontraste hori (Saizarbitoriarenetan ez horrenbeste, baina nabari samarra da, besteak beste, istorio amaiera batzuetan): modu “errealista” zehatzean kontaturiko historia literalki “sinesgaitza” da osotara. Horrek ere iradokitzen du liburuaren “fabulatasun” nolabaitekoa: “errealismoa”, izan ere, ezinezkoa izateaz gainera, ez da inoiz azalean dirudiena soilik. Eta Frischek azpimarratu egiten du hori, berariaz.
Sentitzen dut: ezin dizuet argumentua kontatu. Ez ez dagoelako halakorik (eta intrigarik: ezetz utzi liburua, hasiz gero), baizik eta ez dizuedalako lapurtu nahi plazerrik. Aholku bat bai, hala ere: egizue modua, ahal baduzue, dena segidan irakurtzeko (edo, zer arraio, eraman lanera ere liburua!).
Eta itzulpenaz zer esan? Nik ez dakit alemanez, jatorrizkoarekin alderatzeko, baina produktuari begiraturik, euskal testuari, esan beharra daukat deus gutxi irakurri dudala aspaldi luzean hain gustura. Bada berrikuntza jakingarririk Arrietaren “rentrée” honetan (ez alferrik pasatu da urte mordoxka azkenekotik), idazmoldeari eta, ustez, itzulpen-jokabideari dagokionez ere (ez da hau lekua noski alderdi teknikoak eztabaidatzeko).
Kontuak kontu, irakurle jatorrak galtzea tamalgarri litzatekeen aukera, gutxitan bezalako gozatua hartzeko, azal eta mami.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres