kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Herrian gara bizi / Alfontso Irigoien / Leopoldo Zugaza, 1979

Alfontso Irigoienen soneto eta koplak Jexux Kamino / Zeruko Argia, 1980-06-15

Leopoldo Zugaza editoreak bere Irrisko Sorta aspaldidanik ahaztuta zuela bazirudien ere, iaz argitara eman zituen bi poema liburu berri: Alfonso Irigoienen Herrian gara bizi, eta Polikarpo Iraizozen Kristo gure Jauna eta andredena Maria. Azken liburu honetaz ez dakigu lortu nahi izan den gauza sonetoz idatzitako kristauikasbide bat egitea izango den, baina ez dabil horretatik oso urrun. Hala ere, ez gara gaur liburu honetaz arituko, Alfonso Irigoienen liburuari buruz esango ditugun gauza batzu aplika dakizkion arren.

Herrian gara bizi liburuan oso nabarmen azaltzen da bere estrukturatzea elemendu nagusi bezala. Hain zuen ere, agertzen diren poemei lotura ematen dien elemendua, poemen kanpoko forma eta distribuzioa da. Liburuaren edozein orrialde —bat ez ezik— irekitzen bada, ezkerreko orrialdean kopla zaharren antzera egindako poema bat aurkituko da, eskuinekoan berriz soneto bat dagoelarik, beharbada nolabait euskal literaturaren barne eta kanpoko tradizioak elkartu nahiean. Bi hauek —kopla zaharra eta sonetoa— beti gai bereaz eginda daude, oso lotura estu eta kurioso batez elkarturik, baina honetaz piska bat geroxeago hitzegingo dugu, zehaztasun gehiago emanaz. Azaletik begiratuz nabaritzen den batasuna, erabat galtzen da gaiaren aldetik begiratzen baditugu poemak. Gaiak, nahiz eta denak lojika beraren barnean sartuta dauden, oso ezberdinak ditugu: giza larritasunak, arazo sozialak, natura, filosofialdiak, etabar. Berez, mami aldetik poemak ez daude forma aldetik bezain lotuta. Kopla zaharrak erabiltzerakoan, gure ahozko tradizioan erabili diren teknikak ongi jaso ditu, haseran naturarekiko aipamen bat eginaz etabar; baina kopla bakoitza eta ondoan duen sonetoa irakurri ondoren, bada harritzen gaituen gauza bat baino gehiago. Hain erlazio estu batez ditugu lotuta biak, ezen gehienetan kopla sonetoaren aurkezpen bat besterik ez bait da, askotan gaia aurkeztu ezik hitz berak errepikatzen dituelarik. Oso errekurtso interesantea gertatzen da benetan.

Orain arte egin duguna deskripzio formal eta aseptiko bat besterik ez izan arren —eta oso inperfektoa, bai—, ezingo genuke artikulu hau bukatu zenbait gauza aipagarri esan gabe. Berez poesia forma bat aukeratzeak (sonetoa, bertsoak, bertso libreak, etabar) derrigorrez beste estilozko ondorioak ekarri behar ez dituen arren, honetan argi eta garbi planteiamendu formal akademiko horiek —nolabait deitzearren— espero zitekeen gaiaren tratamendu berezi bat dakarte dudarik gabe. Neurriak eta puntuak duten balioa —ukaezina bestalde— alde batetara uzten baditugu, poemotan nabaritzen den poetikak oso bereizgarri konkretu batzuk ditu. Lehenik, oso sinboloji teluriko eta askotan ingenuoa agertzen da. Ikus dezakegunez, “erretzen ez den sua” “ermitadun tontorra” “urrezko zilarrezkoa” “zuhaitz lerdena tente” “haizetara begira” eta beste hamaika adibide egokiagoak. Bigarrenik, neurriak eta puntuak behartzen duen neurrian, egokitu behar horrek beste elemendu batzuk dakarzki; gutxi gora behera batetan labur ditzakegunak: estilo uniforme eta espontaneo bat sortzearen ezintasuna, hizkuntza komeni den aldera moldatuz, inolako jarraitasunik gabe. Azkenik, eta esan diren gauzak, tratatzen diren gaien mamiarekin elkartzen badira, zera esan dezakegu konklusio gisa: Herrian gara bizi, orain dela urte aski egokia gerta bazitekeen ene, gaur egunean, nahiko desaproposa gertatzen da; hizkuntzalarientzat interesgarria izan daitekeen arren, literatur balioaren aldetik —eta hau iritzi erabat pertsonala da noski, honek dituen akats guztiez— nahiko eskas gelditzen da.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak