« Inguruaren arduraz | Alfontso Irigoienen soneto eta koplak »
Langile eraildu bati / (Liburu zehatzik ez)
Langile eraildu bati Jon Kortazar / Etxezarraga / Pott, 1980-06
Lan hau helburu bikoa da. Lehengoz, Lauaxeta-ren eta Lorcaren arteko influentzi poetikoak zehaztu nahi gintuzke, eta bestetik L. olerkigintzan ari zeneko Bilboko egoera literarioa eta garai hartako idazle arteko hartu emanak deskribitu.
Lauaxeta-ren influentziei buruz ba dira zenbait saio euskal kritikaren munduan. Batez ere, M. Zarateri zor diogu Lauaxeta-ren iturrien ezagutzea. Idazle honek era bitako influentziak markatzen ditu bere “Euskal Literatura”n (1): Espainako Neoklasizismoa eta herri poesia.
Gure saio honetan hirugarren influentzi bat probatu nahi dugu: García Lorca-rena, hain zuzen (2). Baina ez gara geldituko berdintasunen zerrenda bat eginez bakarrik. Beste ale batetik Lauaxeta-ren influentzi osteko orijinalitatea azpimarratu nahi genuke.
1. Lorca eta Lauaxeta: Influenzia eta orijinalitatea.
1.1. Lauaxetaren poema hau irakurri genuenean Lorcaren “Romancero gitano”ren oihartzun batzuk susmatu genituen. Beraz, oihartzunok era bitan konkretatu ziren: oihartzun orokor baten antzera: gai aldetik-edo berdin egiten zitzaigun zerbait, eta azkenez ia hitzez hitz aldaturik zeuden bertso eta esaldiak.
Lehengo oihartzun orokor horrekin hasiko gara. Hasteko, eta lehengo datu moduan poema honen iturri konkretuak eman behar ditugu. Lauaxeta-ren poema Lorca-ren hirutan oinarritzen da: “Prendimiento de Antoñito el Camborio”, “Muerte de Antoñito el Camborio” eta “Romance de la Guardia Civil”.
1.1.1. Poemaren narratibotasunak eman zigun pista: Langile poema horretan Lorcak hirutan emandako desarroilo dialektikoa ematen da. Bigarrenez, “miatzaria”-ren irudia inkonkretasunez agertu arren ere, “aurpegi balzdun” datu horrek pertsonaia emigrantea dela susmatzeko bide ematen ditu, (andaluza, zergatik ez?). Hortik jaio zen susmoa baina, susmoa proba bihurtu zen.
1.1.2. Ba dira bietan ere estribili baten erabilketa “Voces de muerte sonaron” Lorcaren kasuan eta “Ene Bizkaiko miatze gorri”. Baina askoz ere sintomatikoa iruditzen zaigu erreka agertzea poemetan (cerca del Guadalquivir / Nerbioi ertzok).
1.1.3. Kasu konkretu batzutan bardintasunak kalko bihurtzen dira:
1) ‘lo llevó codo con codo’
2) ‘La tarde colgada al hombro’
3) ‘viene… / entre los cinco tricornios’
4) ‘los guardias civiles / beben limonada todos’
5) ‘bañó con sangre enemiga’
6) ‘sobre las capas relucen’
1) ‘Noruntz aroe esku lotuta’
2) ‘Lepo-ganian… / goxa sorbaldan’
3) ‘Mendiz bera lau txapel okerrez’
4) ‘Txapel okerrak edango yabek ardao onena…’
5) ‘etsai odolez / bustiko eunkek’
1.1.4. Teknika aldetik ere, ba dago oso garrantzizkoa uste dugun elementu bat. Lauaxetaren poemak estruktura bat du. Lorcarenak hartzen duten estruktura berbera; baina dramatikotasuna batez ere elkarrizketan agertzen da. Elkarrizketak teknika berezi bat du Lorcaren “Prendimiento”-n: pertsonajeak idazlea deitzen du, bere presentzia eskatuz akzioan.
Lauaxeta-ren kasuan ez da elkarrizketa hain nabarmen agertzen. Baina dramatikotasunaren karakteristika den “zu” hi izenordea idazle — eta personajearen arteko elkarrizketa baten markatzen da. “Noruntz aroe esku-lotuta”.
1.2. Baina idazle bien arteko ezberdintasunak nabariak dira. Jakina da Lorcak bere lanetan marjinatuen alde agertzen dela, hortik datorkio ijito (Romancero gitano) eta beltzakaitik (“Poeta en Nueva York”) duen minbera. Lauaxetaren poeman ere marjinatu batzuk agertzen dira. Baina ijito eta beltzak (lar eta hiri munduko marjinatuak) ez dira inoiz klase borroka baten sartzen. Ikuspegi honetatik, bada, Lauaxeta poesia sozial baten aurrelari dugu. Desberdintasun hau, “asmo” maila baten jarri dugu.
Baina desberdintasun hori nabariagoa da Lauaxetaren poema bere iturri diren “Romancero”-koakaz konparatzen ba dugu. Hemen, giroa ere desberdindu delako. Lar edo nekazari giro batetik hiri giro batetan jarri duelako akzioa.
Beste aldetik, borrokaren burutzea ere ezberdina da. Ijitoen borroka sendi borroka bat da, giro rural baten ematen diren antzekoa. Baina Langile poemaren borroka klasekoa da; Lorcaren lanetan agertzen ez den elementu berri bat agertuaraziz: nagusia: “jaubiak”.
XX mendeko hasieran gizarte arazoaz arduratu zen Euskal Literatura. Txomin Agirrek agertu zuen lehengoz ardura eta gai soziala. Baina bere ikuspegia zeharo ezberdina zen, geroago literatura sozialak hartu zuen joeratik.
Txomin Agirre ez da inoiz langile industrialaren alde, beharbada partidu mailan aldi haretan PNV-PSOEk zituzten diferentzietan parte ideologikoa hartu zuelako. Lauaxetak beste posizio bat du, bere poeman hiriko langilea da protagonista, eta ikuspegi honetatik euskal poesia sozialen lehen pausu bat da.
Guardien ikuspegia ere ezberdina da zeharo: Lauaxetak kapitalaren zerbitzari legez jartzen ditu:
“Ari bitartez deyak yabiltzak
¡Bideskan zelan dirdin-yagiyek
txapel-okeren kapela baltzak!
Agertzen ba dira, jaubearen deia betetzeko agertzen dira, greben prolematikakin batera.
2. Poemaren balio literarioak.
Bigarren alde honetan Lauaxetaren olerkigintzaren karakteristika orokor eta nagusi batzuk jarri nahi ditugu.
Karakteristika jeneral horrek poema honen azterketatik, baina guk uste, jeneraltasun horretan Lauaxetaren beste lan batzuetarako ere balio dute. (3)
2.1. Lehengoz azpimarratuko nuke bertsoen neurria da: 10 x 10 A / 10 x / 10 A. Honelako estrofak ez dira Euskal Herriko olerki herrikoietan erabili. Bigarrenez bertso guztiak bere etena dute: 5/5, eta hauxe bai herriak erabiltzen duela. Konkretutik jeneralera pasatuz bada: kanpotik ekarritako estrofa erak erabili, baina herriaren teknikaz nahasturik.
2.2. Bertsoaren kopuruen zenbaki berdina: 5 estrofa lehengo aldean eta beste 5 bigarrenean. Numero ekilibrioak lortzeran oso zaleturik agertzen zaigu Lauaxeta. Zenbakietan beti logikoa.
3. Poema arkitektoniko idazten ditualaren inpresioa sendotzeko oso argi ikusten da estribilioaren lekua poeman hasieran-erdian-amaieran. Hor ere simetriaren jokoa jarraitzeko.
4. Lauaxeta-ren estiloaren klaberik garrantzitsuena, hala ere, beste hau iruditzen zaigu: estilizaziorantza duen joera. Estilizazioa: kasu guztietan berdin egiten du: deskripzio bat eman behar ba du, beti hiru-lauren elementu bitartez eman: Poema honetan ba ditugu adibidiak meatzariaren deskripzioa (ule, arpegi, begi), greba (“Ukabil sendo, soñanzki urdin”) meak (“zauri, tranbi dardar”) olak (“kezko zeruba”) nagusiak (“nasai etzunda”). Pintselada batekin nahiko du zerbait deskribitzeko.
Estilizazioaren ejenplurik hoberena hauxe dugu: Lorcaren hiru poematan esan duena, Lauaxetak baten jarri du.
5. Dramatizazioa ere ez da ahanztutekoa. Lehen ere honetaz zerbait aipatu dugu, baina berriro bueltatu behar dugu.
Dramatizazio hori maila ezberdinetan agertzen da.
5.1 Gai mailan: gai tragikoa, iluna erabiliz.
5.2. Teknika aldetik: narratiba klabea jarraituz, eta askoz ere sakonago: Erromatar zenbakiak mugaturik diren alde bakoitzak esangura mailan mezu ezberdin bat (askotan tesis / antitesis rola jokatzen duten mezuak) ematen ditu, kontraposizioz — edo paralelismoaz josirik olerkia. Eredu legez:
I
“Miatzaria mendiz bera
Pikotza lepo ganian
sispak lepo ganian”
II
“Mendizbera lau txapel okerrez
etsai-odolez buzti pikotza
Sispak zutan”.
Teatroko aktoen antzekoak dira poemaren zatiketa hauek.
5.3. Dramatikotasunaren ezaugarria dena: bigarren pertsonaren erabilketa, baina Lauaxetak “zuka” erabili barik “hika” erabiltzen du.
6. Koloreen erabilketa sinbolikoa ere inportantea da. Kasu honetan gorri / beltz /. Koloreak, biolentziaren eta lutoaren koloreak (zauri, odol, beltz, burni kolore).
Azkenez, argi dago karakteristika hauen pilaketa.
Lauaxetaren estiloari sarrera bat baino ez dela, eta, esan beharrik ez dago, ez da bere estiloa honekin amaitzen.
Baina sakontasun gehiago beste baterako.
(1) M. ZARATE: Euskal Literatura I. L. Zugaza. Durango 1977.
(2) Ez dugu uste honekin bere iturri guztiak bukatzen direnik. Euzkadi aldizkarian argitaratutako itzulpenen artean hurrengo idazleen izenak agertzen dira: Baudelaire, Valéry, Verlaine. Oraindikan Lauaxeta eta idazleon arteko influentzia aztertu barik ba ditugu ere, susmatzeko bide dugu horiek ere bere partea izango zutela L-ren olerkigintzan.
(3) Batez ere Arrats-beran argitaratu zituen olerkientzat.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres