kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Mandelaren Afrika / Juanjo Olasagarre / Susa, 1998

Egia dela ziurtatu didate Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-13

Hona hemen Mandelaren Afrika, Susa argitaletxeak aurten argitaratu duen bigarren bidaia kronika, Juanjo Olasagarre poeta nafarrak idatzia. Ustegabeko liburua guretzat, ez hain ustegabekoa egileak Hego Afrikan —Mandelaren Afrika horri baiteritzo berak— ezagutu zituen den-denentzat.

“Ez duzu benetako Hego Afrika ikusi, eta gero joanen zara zure herrira eta adituek hitz egiten duten bezala egin. Liburu bat ere idatziko duzu hura eta bestea aipatuz. Baina kaka! Eta gero diru ederrak kobratuko liburuarengatik! Alexandran egon zara”. Horrela diotso Sandile Dikenik, Cape Times egunkarian zutabea daukan batek, Olasagarreri. Dikenik horrek igarle jardungo balu, lanegun luzeetan egin beharko luke, erdia baino ez baitaki zuzen asmatzen. Etorri da bai Olasagarre, eta egin du liburua. Ez da aberastu, haatik. Eta nik dakidala, ez dihardu larjakinen eta nonzenberrien saio horietako ezeinetan ere.

Agian dirutxoa egin zezakeen Olasagarrek liburuan zehar agertzen diren elkarrizketak hemengo egunkarietan argitaratu izan balitu, hor baitira egungo Hego Afrikaren ahotsa diren zenbaiten iritziak. Esate baterako, irakurleak hor ditu Desmond Milo Tutu Bakearen Nobel Saridunaren hitzak, edo Ellen Kuzwayo Txalapartak euskaraz argitaratu duen emakume idazlearenak, edo euskal irakurleari ezezagunagoak egingo zaizkion Antjie Krog, Chris van Wyk eta halako beste pertsonaienak. Olasagarrek egin ez duena, ostera; adituek egiten duten bezala egitea izan da. Irakurleak galde dezake, hala eta guztiz ere, Juanjo Olasagarrek benetako Hego Afrika ikusi duenentz.

Erantzuna ezezkoa da, itxuraz. Hain zuzen ere, Juanjo Olasagarreri bidaian zehar gehien aipatzen diotena hori berori baita, alegia, oraindik ez duela benetako Hego Afrika ezagutzen. Heldu da lehen egunean, eta horrela esan diote. Saiatuko da hara eta bestera joaten, eta horrela esango diote beste behin ere. Izan ere, hain zaila bide da benetako Hego Afrika zer den zehaztea. Are eta zailagoa izan beharko benetakoa omen den hori baina zer edo non den zehazten ez dakiten bisitatzea. Nafarrak ez du etsi nahi, ordea, eta jomuga halabeharrez ezagun gabeko bidean barrena abiatzen da. Inon ere ez dagoen benetako Hego Afrika horren bila. Bada, horra hor, funtsean, liburua zer den, bilaketa etengabea. Eta azkenean bilatzen diharduen Hego Afrika dateke benetako Hego Afrika. Horrela baldin bada, bai, benetako Hego Afrika erakusten digu Olasagarrek.

Bilaketa etengabean diharduen herrien multzoa dirudi Afrikaren Mandelak, Juanjo Olasagarreren zentzumenek iragazita ematen zaigunaren arabera. Herrien multzoa diot, ez baitira ez bat ez bi, ezta hamar ere, hamaikatxo baino. Eta denek uste dute benetako Hego Afrika ez dagoela gure bisitariaren unean uneko lekuan, beti beste inon baizik. Bilaketan dihardu liburuan ageri zaigun Afrika, bere buruari “Nola iraun bestela?” esango balio bezala.

Juanjo Olasagarrek adorez bete zituen birikak eta bideari ekin zion. Hego afrikarren euren hitzetan arriskutsuak ziren auzoetan sartu zen, “oraindik ez duzu benetako Hego Afrika ezagutzen” hori akuilu, edo ezten pozointsu.

Mandelaren Afrika honen egileak ez du bere zentzumenen iragazkailurik bestelako trikimuailurik ezarri nahi izan. Zer ikusi hura ikasi jardun du. Eta gero, hona bueltan, ez da adituen mahaietara agertu. Apaltasunez jokatu du. Apaltasun hori liburuaren meritu handienetakoa da. Besterik ere bada. Egilearen euskara, adibidez. Niri oso gertuko egin zaizkit egoerak. Beharbada hizkuntzaren eragina da. Edo izan liteke, nork daki, sarreretan luzatu gabe ekin diola kondatzeko dagoena kondatzeari. Adi baina. Badu sarrera tekniko bat liburuak, nik hasieran irakurri gabe utzi nuena, baina gerora behin baino gehiagotan begiratu niona. Hego Afrikari buruzko daturik behinenak biltzen dira horretan. Ez dago alferrik, ez horixe. Konplexua baita Hego Afrika, nahiz eta Mandelaren Afrika denez geroztik marapiloak askatzen ari izan. Kontua da soka bakarrean egindako marapiloak askatzea berez ere zaila izanik, askoz gaitzagoa dela behin sarea josita dagoela marapilo guztiak askatzea, horietako bakarra ere moztu edo ebaki gabe. Artaziak, labanak, ahiztoak,… beti baitira hor, tentagarri. Azken alderdi horretatik irakurketa posibleetako bat Euskal Herri gatazkatsu honetatik egin daitekeena da: ez da, ez, askatzerik ez dagoen marapilorik.

Oraingoan, ostera, neu sartu naiz adituen hizkeran. Hoberena liburua irakurtzea. Besteak beste, Juanjo Olasagarrek Sandile Dikeneri erantzun ziona irakurtzearren. Egia dela ziurtatu didate.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak