« Iraungo duten ipuinak | Eskutitz arriskutsuak »
Galderen geografia / Felipe Juaristi / Alberdania, 1997
Intelektualegia beharbada Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-02-28
Felipe Juaristiren laugarren poema liburua da Galderen geografia eta poeta gisa bidea egina duen egilearen ziurtasunarekin argitaratu ditu lan berri honetako hirurogeita bat poemak. Singleak dira gehienak, baina singletasun landua dela antzematen zaie. Erraz idaztearen lan zailean trebatu nahi izan du Juaristik geografia literario honetan eta gorabeherak dituen emaitza lortu du gure iritzirako.
Singletasun horretan, indartsuak dira zenbait poema: “Altzibiades: Maisu, zergatik da hain zaila herri honetan politikaz hitz egitea? / Sokrate: Aritmetika jakin behar delako. / Altzibiades: Nolatan hori? / Sokrate: Beti amaitzen baitugu hildakoak kontatzen”. Badira antzeko beste bizpahiru ere, liburuari arnasa ematea lortzen dutenak. Beste zenbait poema, berriz, landuagoak dira iruditeriaren aldetik, eta horietan sumatu dizkiogu Juaristiri liburuak dituen gorabeherak. Zenbaitetan lortzen du irakurlea heltzea eta, poeta onek ohi duten moduan, liluratzea eta literatura gozabide bihurtzea. Olerki batzuk antologietan biltzekoak dira. “Zure etxeko teilatuaren gainetik / Igaro zirenean enarak, / Mututu ziren telefono guztiak”, esaterako. Beste olerki batzuk, ordea, telefono mutu bihurtzen dira eta hariaren —orrialdearen— bestaldeko irakurlea txanpona alferrik bota izanaren irudipenarekin irtenarazten dute kabinatik.
Kasu horretan, gainera, badirudi idazleak berak ere antzeko irudipenarekin deitzen duela telefonoz. Hots, hariaren bestaldean inork gutxik erantzungo duela dakienaren halabeharrarekin. Izan ere, Galderen geografia hau plazaratu zenean espainierazko hedabide batek argitaratutako elkarrizketan “nire belaunaldiko poetak publikorik gabe gelditzen ari gara”, zioen Juaristik eta, bere iritziz, Urtzi Urrutikoetxearen poesiaren eta berearen artean dagoen alde handia nabarmentzen zuen: “Hura poesia epikoa da, gustatuko zaie Jarrai inguruko gazteei; nirea, aldiz, lirikoa, gazte horientzat intelektualegia beharbada”.
Idazleak esan eta guk irakurritakoetatik abiatuta, eta Galderen geografia-k erakutsi digun mapa literarioan ibilita, azkoitiarraren laugarren poema liburuaz zenbait ondorio ateratzeko moduan gara honezkero. Batetik, kezkatzen hasiak gara eta horretarako arrazoi sendorik badugula uste dugu gainera. Izan ere, ez zaigu arnasa handiko poemategia iruditu Juaristiren hau. Tarteka ezten ederrak topatu baditugu ere, oro har, ez dugu indar handia sumatu liburuan. Poema laburretan bildu nahi izan du indarra Juaristik eta laburtasun horrekin txunditu irakurlea.
Gure iritziz, ordea, ez du behar bezala lortu ahalegina gauzatzea. Eta hortik gure kezkaren arrazoia. Hots, Jarrai inguruko gazteeentzat beharbada intelektualegia baldin bada liburua, Jarrai inguruko gazte horiek liburu hau behar bezala ulertzeko adinako adimenik ez dutela ondoriozta genezake, Juaristiren hitzei logika sanoenaren arabera tiraka. Guk ez dugu ulertu liburua eta, beraz, guk ere Jarrai inguruko gazte horien pareko adimena dugulakoan gaude. Juaristiren hitzetan, orduan, intelektualegia da guretzat lan hau. Ez gara iristen poema hauek ulertzeko behar den adimenera. Eta gu, orain artean ohartzeke! Eta, gainera, liburu iruzkinak idatzi eta idatzi ia astero. Barka biezagute, beraz, liburuak egurtu dizkiegun egileek. Orain ohartu gara ez genuela haien liburuak ulertzeko bezainbesteko adimenik. Eta orain ohartu gara, halaber, hizpide dituzten liburu guztientzat hitz onak dituzten kritikariek gurea baino garatuagoa dutela adimena, eta horregatik atzematen dituztela liburuen benetako sustraiak, guk ez bezala.
Kritikari ez, baina irakurle garenez, ordea, gure iritzia emateko eskubideari ez diogu uko egingo.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera