kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Bizi puskak / Juanjo Olasagarre / Susa, 1996

Herri baten bizi puskak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-12-07

Lan bati buruzko iruzkin literarioan liburuaren azalak zer eraginik eta zer ikusirik ez baldin badu ere, Olasagarreren azken poemarioak hartu duen oinarri fisikoa aipatu nahi nuke lehenik. Polita da azala, liburudendetako eskaparateetan argia egiten duten horietakoa. Lehen aldiz ikustean begietatik sartzen den liburua. Dora Salazar da azaleko irudiaren egilea eta hau oin hartuta, itxura polita eman diote liburu berriari Susa argitaletxekoek.

Literarioki, berriz, kuriosoa da egile arbizuarraren liburua. Azken batean, Bizi puskak izenburuak berak ederki laburtzen du poemarioa izango dena. Izan ere, puskak dira poemak. Puska bat da poema bakoitza. Eta liburua, antzerki obra bailitzan, puska horiek batuz, atalak eta ekitaldiak bata bestearen atzetik kontatuz bezala, osatzen da. Aurten bertan erakutsi digu Olasagarrek, Euskaltzaindiak argitara eman duen eta iazko Toribio Altzaga Saria irabazi zuen Hegazti errariak liburuan, antzerkia idazten abila dela. Aipagai dugun bilduma hau ere antzerki trazakoa da eta poema bakoitzak, pertsonaia baten ahotsa izanik, herri baten bizitza, herri baten kronika osatzen du.

Irakurlea liburuan sartzera behartzen duen atariko poemaren ostean Eszenatokia aurkezten digu egileak: “Nafarroako mendialdeko herri bat. Bi mila biztanle inguru. Mendiak eta basoak ugari eta lur sailak larre…” eta, bertan, poemen arteko ohiala deskribatzen du “Iraultza Sexuala, Beste Iraultza, Drogak eta Rock Radical Vasco hura” aipatuz. Eszenatokia zehaztu ondoren, Pertsonaiak -agertu ahalako ordenan- ezagutzera ematen dizkio irakurleari. Bakoitzaren izen-abizenen ondorengo azalpen laburretan izkutatzen da pertsonaien izaera eta, honela, irakurleak ezagutu egiten ditu liburuan zehar behin eta berriro hitz egingo dioten haiek: euskarako irakaslea, biajantea, etxandrea, tabernaria, euskal preso politikoa, botereari beti kontra egin behar zaiola uste duen igeltseroa, itzultzailea, porturik portu ibili eta herrira itzulitako puta, filosofiako irakaslea, ingeniaria, ikaslea, San Ferminetara etorritako estatubatuarra, jubilatua, EHGAMeko kidea eta abar luzea. Guztien ahotan poemak jartzen ditu Olasagarrek eta ahapaldiz ahapaldi, pertsonaiak barne ahotsak askatzen doazen heinean herriaren bizia ezagutzen joaten da irakurlea.

Puskak elkartuz pertsonaien arteko harremanak lotu egiten dira eta liburuko poema guztien arteko informazioaren baturak, herriaren memoriaren plater hautsia osatzen laguntzen du.

Ez da ahalegin berezirik egin behar poemak ulertzeko eta, oro bar, liburua bera irakurtzeko. Hots, sinpleak dira poemak, narratiboak. Pertsonaia bakoitzaren ahotsa, bestalde, idazteko modu ezberdina da, estilo diferentea. Hala ere, arazo hori ederki gainditu du egileak eta, antzeko idazkera erabiliz, pertsonaien aniztasuna, nagusi izan arren, liburuari erabateko batasuna ematea lortu du.

Benetako argazkiak dira bizi puska hauek, kolore bizia ezezik benetako indarra ere badutenak. Finean, eguneroko bizitza da, eguneroko pertsonaiekin. Eguneroko pertsonaiak, ordea, poesia idazten jarri ditu Olasagarrek eta poemen bitartez idatzi dute liburu honetako historia, puska hauen bizia. Azken batean, liburuan hirurogeita hamar urte dituen etxekoandreak, beti leitzea atsegin izan duenak, idatzi izan duen bezala “Bizitza liburu bat bezala duk / halaxe leitu zioat bati / jaiotzean paratzen omen diate / lehendabiziko hitza / egunak dituk orrialdeak eta / asteak eta urteak kapituluak / Pentsatzea eta odolaren mintzoa, ziotek, / lerro arteko tarte zurietan aritzea duk / eta horrela ustekabean beti / ezkutatzen gaituk mundu honetatik / Ez zegok epilogorik / liburu osoa epilogotako ez hartzeaz, behintzat”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak