« Nora itzuli? | Itxura faltsuak »
Kutsidazu bidea, Ixabel! / Joxean Sagastizabal / Alberdania, 1995
Hamaika ikusteko jaioak gara Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-02
Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel! (Alberdania, 1995) ez da literatur-lan gorengoen parekoa, ezta jasoa ere. Baina, haatik, irakurtzea merezi du, edo hobe esanda, grazia merezi, barregarria baita narrazio labur hau burutik burura, inon barregarririk izan bada. Protagonistak bere buruaz ezezik besteenaz ere bapo daki barre egiten, edotariko egoera dela aitzakia adarra jotzen eta maixeatzen. Gatz pipertuez mukururaino bete narrazioa. Eta literatura asko jakinentzakoez gainera irakurle arruntarentzat ere denez gero, gomendagarri da Kutsidazu bidea, Ixabel!, batez ere, euskaltegietan eta euskara ikasten ari direnentzat.
Argumentua hauxe da. Juan Martin euskarazko ikaslea euskara trebatzeko eta bermatzeko asmoz baserri batera doa. Hara heldu orduko babak eltzetik berak bakarrik atera beharko ditu, zortzi orduz gorako jardunaldi euskarazkoa ez baita hizkuntza bat mintzatu baino gehiago zirtakatu eta marruskatzen duen batentzat ahuntzaren gauerdiko eztula. Noizbait topo egin beharrak ziren Juan Martin eta euskara, eta euskararekiko jakin-egarria berdintzeko aukera aparta izango zaio. Hasieran ez dezake deus askorik, euskara itxia baita baserritarrena. Altzairu onarekin nornahi da errementari pentsatuko bide du Juan Martinek. Hizkuntzari ebaindu ederrak joko dizkio, baina aztarrika bada ere, onik aterako da umorez; eroriko galantak hartuko ditu aspertuxe eta are nazkatuxe egon arte, baina leherrenak egingo ditu umorez; besteekin ezin ulertzearekin hartuko du erdi etsia, baina umorez. Baina dena ez da hizkuntzarekiko grina, Juan Martin neska-goseak, eta prezeski, Ixabelekiko gogoak jango dute. Ez du Ixabel beste buruhausterik. Eta mila pasadizo eta harrimen, baserritarrak ez baitira hain tentel eta txolin, kaletarrei askotan itxurak hala iruditu arren. Eta hango giroaz eta ohituraz hamaikatxo gauza ikasiko ditu, eskubete lan baitago baserrian.
Kontaezin konparazio bitxi eta irudimenezko daude. Pertsonaien karakterizazioa paregabea da. Elkarrizketak beste horrenbeste, erdera zirrikituetan tarteka martekatzen duela barrea areago eragiteko. Barra-barra, aterraldirik gabe. Erreferentzia biziak dira, marrazki bizidunekikoak (alegia, tximistak egiten joan esateko Speedy Gonzalezenak egin dio), gaur egungo iragarki zein pelikularekikoak, euskal zein beste herrietako mitologiarekikoa… Ateraldiak nahi lain. Joxean Sagastizabalen ustez euskal literaturak lotsagabekeria, rock-and-rolla eta pasioa behar baititu.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera