kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Diamantearen plaza / Merce Rodoreda (Maite Gonzalez Esnal) / Elkar, 1994

Emakumeen munduaren isla Begoña Muruaga / Euskaldunon Egunkaria, 1994-07-03

Nork ez du ezagutzen Merce Rodoreda? Nork ez du entzun, “Diamantearen plaza-ri” buruzko zerbait bere bizitzan? Denok dakigu, nola edo hala, nobela honen gaia zein den eta denok dakigu emakume bat duela protagonista.

Hasieratik ia bukaeraraino bere izena galtzen duen emakume bat da Natalia, Bartzelonako arotz baten emaztea; baina guk hasieratik Colometa izenez ezagutuko dugu.

Quimet, gazte umoretsu eta ameslari bat, izango da izena aldatuko diona; “utzi nagusi hori” aginduko diona; Quimet izango da zein den etxean “gizonaren aulkia” erabakiko duena, usoak etxean jarriko dituena eta paseatzera joateko motorra erosiko duena.

Quimet izango da bestalde, ezkondutakoan, ezkongaua pasa beharrean, ezkon-astea pasatzea erabakiko duena eta igandero “gaur igandea denez, ume bat egingo dugu” esango duena.

Zerua agintzen dio Quimetek Colometari: aberatsak egin usoekin eta zoriona errepublikarekin. Baina Colometak infernua besterik ez du ezagutuko. Senarrarekin bizi denean, ez dirudi oso zoriontsua denik, eta, senarrak alde egin ondoren, gosea eta miseria ezagutuko ditu.

Bere senarra, gerrara abiatzen denean, Colometak ez daki nora doan, zertara, zer nahi duen… entzun egiten ditu bere adierazpenak “berehala bukatuko da eta oso ondo biziko gara aurrerantzean”, baina ez ditu ulertzen. Bera etxekoandre bat da eta etxeko beharrak hornitzeko lain nahi luke. Ez daki zer gertatzen den kanpoan, ezta nork irabaz dezakeen ere, berak gerra amaitzea eta bakean bizitzea nahi du. Gerra ez doala berarekin iruditzen zaio, baina ezagutuko ditu gerraren ondorioak eta, hasieran, ez zekiela zertarako zegoen mundua esaten badu ere, bizitzak aurrera egin ahala, ikasi beharko du zertarako. Izena eskuratzearekin batera, izana ere eskuratuko baitu Colometak.

Nataliak, bere senarra kanpoan dagoen bitartean, eta gero hil dela esaten diotenean, familia aurrera aterako du. Erabakiak hartzen ikasi beharko du, erabakirik ez hartzeko agindu badiote ere. Gogorra izaten ikasi beharko du, nahiz eta kontrakoa irakatsi dioten.

Nataliak, nobelan zehar, Quimet “Diamantearen plaza-n” ezagutu eta bere mamu guztiak uxatu dituen egunerarteko bere bizitza kontatzen digu.

Nobela oso femeninoa dela esango nuke. Eta ez diot femeninoa emakume batek idatzia delako, protagonistaren deskribapen guztiak “emakumeen mundu” horren islada direlako baizik. Bere oroitzapenak beti daude lotuta etxeko zerbaiti: txokolate tazak erosi zituen egunari, enbutua erosi zuenari, zerbait erregalatu zioten egunari…

Oso inportantea da bere bizitzan noiz erosi eta noiz saldu zituen gauzak jakitea, horren inguruan mugitzen baita dena.

Hasieran, ezkondutakoan, gauzak erosi egiten dituzte, oparitu ere egiten dizkiete zenbait gauza. Gero, gerra iritsitakoan, dena saldu beharra dago: etxeko tresnak, koltxoia, ohea, dena.

Alde horretatik gainera, nobela oso aproposa da orduko etxeen antolaketa, altzariak, arropak, eta abar ezagutzeko. Gozatu egiten du dena zehatz deskribatzen: bere etxea, amaginarrebarena, nagusiarena, Antonirena…

Eta, zer esan itzulpenez?

Bada, garai hartako emakumeen egoera deskribatuko digun euskal nobelarik izan ezean, eskertzekoa da Maiteren lana orduko emakumeen egoera euskaraz azaltzeko.

Nik esango nuke nobela han oso aproposa dela errepublika garaiko emakumeen papera eta egoera hobeto ezagutzeko.

Gainera, gauza bat garbi azaltzen da, emakumeei dagokienez behintzat: Errepublikak justizia eta berdintasuna aldarrikatzen zuen arren, errepublikar askok Quimet tartean ez zutela berdintasunaren ideia bereganatu.

Gaur egun ere, gerra gertatu zenetik ia 60 urte pasa diren arren (eta nobela argitaratu zenetik 32) nik esango nuke Quimet eta Colometa asko dagoela gure artean. Zoritxarrez.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak