kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Marasmus Femeninus / Patziku Perurena / Elkar, 1993

Bo bo, ez diagu gauza onik G. Lasarte / Euskaldunon Egunkaria, 1994-01-02

Estrainekoz egiten diodala liburuxka bati kritika eta “Marasmus Femeninus-i” eskerrak eman behar, deus baino lehenago, egokiera hori portunatu didalako. Mesanotxean hortxe egon da zintzo arraio paratua noiz baino noiz bukatuko eta azkenekoz horri ere etorri zaio berea. Gainera oso konpania onean eduki dut, Antonio Gala eta Carmen Martin Gaite ere hantxe baitzeuden. Ez haiz kexatuko Patziku! Ni bai ordea, atrebentzia handia ez bada. Hik herorrek aski ederki esaten duk liburuan zehar “emakume bertutedunek negarrez pasatzen dutela bizitzaren aurreneko erdia; eta bertuterik ez dugunok berriz, bizitzaren bigarren erdia”. Eta gainera lasai asko botako dizkiat “emakumeok eta umeak ezin omen inolako ofentsarik egin, hain juxtu ere, arrazoimenik ez dugulakotz”. Sarrera gisa liburutik hartutako esaldiak jarrita azterketa lanari ekingo zioat. Espantuka aritzea baino hobe. Hobe, esan nahi diat lanari heltzea “ematxarren faboretan betiko ergelkeriak esaten” aritzea baino.

Hasteko, igerri gabe geratu nauk leitutakoa nobela, prosa, literatura, filosofia, edo zer arraio den. “Literatura ez al duk ba, funtsean, nornahik bere bakar ixilean lantzen duen grina; nork bere ixilean ixuritako hitz sentitua?”. Gutunak, bai, erreparatu nauk gutunak direla. Hala ere, nere ezjakintasun hori ere ez duk harritzekoa izango, hik ondo dioan bezala, unibertsitatera joan garen lau emakumetik hiru irakasleak ligatzera joan omen gaituk eta. Dena den, hire mesanotxekide den Carmen Martin Gaitek gutunen teknika erabiliz nobela ederra oparitu berri ziok literaturari; horrekin ez diat esan nahi beste deuski ezin denik egin. Gertatzen dena zera duk, inondik ere ezeren trazik eman gabe geratu naizela hire lan horrekin: saiakera, nobela edo hitzen azoka merkealdietan.

Gero, jo ta su protagonisten argazkia egiten saiatu nauk. Aldez aurretik susmo txarrak nizkian, berez, emakumea izan nahi duelako protagonistak. Emakumea izango duk, baina hori bai dela biboteduna. Nere zalantzak 162. orrialdean gauzatu dituk, ez si eta ez no, hiru lerroren barruan gure protagonistak pertsonaia berberaz hitzeginez ahizpa eta arreba ez dizkit bada aitatzen. Beti pentsatu izan diat gizonezkoak emakumezko protagonistak asmatzerakoan gaizki samar ibiltzen zaretela. Hire beste mesanotxikide den Antonio Gala duk kontrakoa erakutsi didan bakanetakoa.

Orain arte deus gutxi lagundu badizut, irakurle, argudio hau Patzikuri doakiolako zuzenean, gaiari dagokioenez, emakumeok gara gai. Emakumeon bizitzaren hausnarketa oparo bezain emaroa Patzikuk eskaintzen diguna: “Ez da egia, orain arte emakumeak libertaterik izan ez duelakoa. Emakume modernoa libertate gehegik hondatu du; emakumeak ez du sekulan jakin izandu bere libertatearekin zer egin… / … animaliarik aspergarriena da emakumea, eta bere buruaz ez aspertzeko norbaiten menpeko izatea da bere ditxa bakarra”. Zer klasetako liburua den asmatzeke, protagonistaren sexoa igerri gabe eta gainera gaiak axaletik ikusita ez du liburuak itxura onik ematen.

Nere iritziz liburua salbatzen duen arrazoi bakarra hizkuntza da. Goitik behera euskara baita. Euskara gozatu nahi duenak badauka mauka Marasmus honetan. Deskuidoan Femeninus baldin bazara ordea, kamamila hartu, tila pizar bat eta animo! Literatura maite duenak ez du ezkurrik aurkituko leitzarraren majaran.

Bukatzeko, gogora ekarriko dut behin Patzikuk esana, “euskaldun berriek euskara txirotu egiten dute”. Agian bai, baina berebiziko garrantzia dute gure hizkuntzaren norrnalizaziorako. Euskal literaturaren izenean liburu asko saltzen dira, izena bera ere merezi ez dutenak, hizkuntza aitzaki bakarra izanik lehendabizko orrialdetik azkeneraino iristeko. Baina liburu horiek ere ezinbesteko garrantzia dute euskal idazkuntza normalizatzeko, nahiz eta oso txarrak izan. Patziku, zabiltzan bideak neurtuko zaitu.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak