kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Denborak ez zuen nora / Joan Mari Irigoien / Erein, 1991

Gogoak ez zuen nora Patziku Perurena / Euskaldunon Egunkaria, 1992-06-12

Esaten baitut nik. Ereineko neska horrek bezalakorik ez dela munduan. Bi liburu bidali dizkidate orain ere. Gure xarraren atzen elaberria eta Altzako eme samurraren atzen olerki bilduma. Honi heldu diot nik aurrena, biei batera ezinean.

Atergabeko grina batek bizi du poeta. Betikoz inguratua ikusten du bere burua. Betikoan harritua. Horretxek atzen dio gogoa. Horretxek korapilatzen irudimena mutur bietan. Eta korapilo hori gogoan ezin eskatuz, lehortu egiten zaio bihotza atzenerako.

Betiminaren gartzela itsuan eskribitutako poemak dira gehienak. Denak. Nere irudikoz, autoreak poeta gartzelan paratu du, eta handik mintza arazi gero, lekurik okerrenetik. Poeta, libre ari beharrean, autorearen grina itsu baten esanera ari baita kasik orrialde guzietan.

Poetak, nahinongo eta noiznahikoak, deus egitekotan, antitesiak garaitu, eta argi printza herriak eskaini behar lizkiguke, nere audikoz. Poetak, inork bada eta, bizi indar berriak sortu behar ditu irakurlearen gogoan. Mundua eta mundukoak begiratzeko modu berriak. Nork bere baitako gartzelatik ihes egiteko bide berriak, ametsei segitzeko irudipen berriak.

Joan Mari Irigoienen agindura aritu den poetak, ordea, alderantziz egin duelakoan nago. Itxi egiten du poema. Iheserako argi izpirik gabe uzten ilunpeko irakurle argigosea. Badirudi, lehen baino estuago loturik utzi nahi duela, lasatasun bila datorkion letorea.

Horixe izan dela uste dut, poeta setoso horrek egin duena: sentitzen duen antsialdi guzia, pentsatuz deusezera bildu, hartara betikotzen duelakoan:

“Mundu bat itxi / bestea zabaldu”, “ezerezetik ezerezarako bidean”, “urak biltzen zituen bi zeruak”, “lurraren azkenari / beste lur bat baitzerraion”, “hurran zen urrun / urrun zen hurran”, “gure gana eta gure eguna / gure bizitza eta gure heriotza”, “zeure menpe zenuen orriak / bere menpe zintuen”, “munduak sortu zuela hitza / hitzak mundua berriro sor zezan”, “ez duzu jakingo zuk mundua asmatu / ala munduak zu asmatu ote zaituen”, “Antzinako sumendia / izotz da orain”, “zuk desegin nahi / baina zeu desegiten zintuen”, “negua arnastuz egotziko duzu udalehena”, “Zulo beltzak diren ametsek / darakartzate argiaren burbuilak”, “Urruntasunak eragindako hurbiltasunez”, “kanpo-begiz erantzita zetozen / barne begiz jantzita”, “hutsune bat zu, beste bat ni / behea goi egin zitzaigun”, “eguzkiaren urrezko laranjak / ilargiaren zilarrezko limoiak”, “espazioaren etenean aske / denboraren zorabioan hordi”, “hutsaren izatea / izate hutsa”.

Azkenean “hilartitza” ere, grina berbera buruan duela eskribitzen du, eternidade ezaz eri: “Nigan hil zinelako hil nintzen ni zugan”, “ilunpeak garaitu baitzuen argia / argiak ilunpea garai zezan”.

Harmonia bila dabilanentzako: aproposak poemak. Baina, ni harmonian bizi naiz. Nere gogo geldoa urratuz norabait eraginen dioten poemak eskatzen ditu nere bihotzak. Alde honetatik, nago, harmoniaz azpitik mintzo den poeta gehisko ari ote den ugaltzen euskal poesian. Harmonia urratu eta haren gaindik mintzoko den poeta eske ari da euskara. Azkarrak ernegatuko dituen poesia behar dugu. Ez ahulak goxatuko dituena.

Hala moduzko metafisikak, arrazoi ahulskoak, menpean dauka gaurko poeta. Ez du aski, gauzak beratx sentitze horrekin. Ez du xuri sentitua nolahala arrazoitu arteko onik. Joamarik ere halatsu.

Asko zor dio liburu honen tankerak, Joxan Artzeren atzenekoari. Hura landuagoa, kenduz edertuagoa, eta mistikoagoa da. Hau arintxeagoa, hura haina edertu gabea, eta panteistagoa. Baina, ideiak tankeratze kontuan, elkarren antz haundia dute. Baita mundu ikuskera eta fedean ere..

Beste gaitza. Badirudi, euskara zaindu gabe egin nahi dugula euskal literatura. Joamarik ez dio behintzat, nik uste ainako gradurik eman euskararen ederrari.

Ni benpe, liburuaren izen dotoreak ez nau hartaino engainatu. Eta literaturak deus badu, hizketaren eder hura du aurreneko. Euskarak ere, ez ote du bada, nora ederturik?

Poeta baten gaitzak baizik ez ditut aipatu. Krudela izandu naiz hagitz. Baina finitu, gaitzen atzetik sortutako argi printza eder batekin finituren dut, poetak nere krueldadea suma dezan:

“Izateak baino gehiago lasatzen gaitu ez izateak”.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak