kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sisifo maite minez / Laura Mintegi / Txalaparta, 2001

Elbarritu emozionalak gara Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-12

Arriskutsua izan daiteke Laura Mintegiren azken lana irakurtzea, Sisifo maite minez eleberriak ez duelako irakurlea liburua esku artean hartu aurretik bezala utziko. Lauraren azterketek eta maitasunaren eta maitemintzearen inguruan hausnartutakoek biziki artegaraziko dute irakurlea: maiteminduta dagoela uste duena tronpatuta dagoela konturatu daiteke, eta bikotearekin konforme dagoena, liburuak, beste erabaki bat hartzera bultza dezake.

Lerro eta pentsamendu askorekin identifikatuko da irakurlea, idazleak maitasun edo eta maitemintze egoera gehienak (denak ez esatearren) deskribatzen dituelako, bai alderdi afektibotik zein ikuspegi etiko, filosofiko eta psikologikotik.

Ane da eleberriko protagonista nagusia. Etxekoandre arrunt bat. Duela sei urte eta erdi, mediku batekin maitemindu eta Nikaraguara alde egin zuen, senarra eta bi alabak utzita. Eleberria Aneren itzuleran kokatzen da, Aneren senarrak, psikoanalista batengana eramaten duenean, emazteari zer gertatzen zaion edo eta etxea zergatik utzi zuen jakiteko. Horixe eleberriaren abiapuntua. Psikoanalistaren analisiarekin batera joango da irakurlea maitemintze prozesu ezberdinak ezagutuz eta aztertuz, eta Aneren izaera eta portaera epaitzeko aukera izango du. Eleberria ez da, hala ere, istorio lineal bakar batean oinarritzen. Esteban izeneko psikoanalistak Karmeleren laguntza izango du Ane beste ikuspuntu batetik ezagutuz joateko. Eta Esteban eta Karmeleren artean ere maitasun istorio bat sortzen da.

Sisifo maite minez eleberria 10 kapituluk osatzen dute, eta bi denbora dira nagusi bertan; duela sei urte eta erdi Anek hartutako erabakiaren ingurukoak eta protagonistaren aurretiko bizipenak kontatzen direnekoa bata, eta oraina edo psikoanalistaren analisi prozesua bestea. Denbora bakoitzari narratzaile bat dagokio, bestalde: Ane batetik eta idazlea bestetik. Anek bere esperientzia kontatuko digu lehenengo pertsonan. Egilea ostera, orojakiletan orojakile, Aneren istorioa ezagutzeaz gain, pertsonaia nagusiaren barne munduan sartuko da, horrela ekintzak bi ikuspuntutik aurkezten dituelarik. Ikuspegi hau hartzeko, Karmelez baliatuko da.

Aneren planoa esperientziarena da, iraganean kokatzen da, eta, beraz, azaldu daitekeen zerbait bezala aukezten zaio irakurleari. Karmele eta Estebanena ordea, orainean kokatua, azalpenik ez duen istorioa da; maitasun istorio gehienek ez duten bezala. Hauxe da, hain zuzen ere, liburua erakargarrien egiten duen aspektua.

Bi ideia kontrajarri lantzen dira, beraz, liburuan: maitasuna eta maitemintzea zer den deskribatzen duena batetik, eta, bestetik, arrazoiz azaldu daitekeenetik irrazionaltasun hutsera nola jauzi egiten dugun azaltzen duena. Egileak puntuz puntu azalduko digu badaudela aspektu batzuk, harremanen inguruan, maitemintze prozesuan eragiten dutenak; hala nola, gabezia, ausentzia, pasioa, zeloak, gurasoengandik jasotako maitasuna, ahizpen arteko harremana, maitalearen jokabidea eta abar; hain zuzen ere, maitasunaren beroaldia sumatzera eta arrazionalki ulertzen ez duguna irrazionalki nahi izatera bultzatzen gaituztenak.

Baldintzarik gabe ematea

“Maitasuna baldintzarik gabe ematea da, eta hori oso gutxik daki egiten”, esaten du momentu batean Mintegik. Hauxe litzateke liburuaren esentzia. Esaldi hauxe, Aneren itzulera justifikatzen duen ideia. Eta ideia hauxe, eleberriaren azken orrialdean datorren Sisiforen irudiaren azalpena: maitatzea eta maitatua izatea geuk aukeratzen dugu, eta ez jainkoek.

Azterketa eta dokumentazio lan izugarria antzematen zaion lan honekin, Laurak maitasunaren eta maitemintzearen prozesu oro aurkeztu nahi izan du, eta ez hori bakarrik, baizik eta maitemintzearen oinarrian dagoen izate ez arrazionala ere aurkeztu nahi izan du. Hortik, tramaren konplexutasuna, pertsonaien arteko korapilatzea, Aneren ahizparen heriotzaren inguruko intriga, Aneren maitaleekiko ikuspegi hotza, eta Esteban eta Karmeleren arteko pasioaren deskribapena.

Kokatze anbiguo baten efektua utziko dio egileak irakurleari, hala ere, liburuaren azkenean. Azterketa luze baten emaitza bezala, maitasuna zer den esango dio eta maitemintze prozesuaren deskribapena egingo. Baina azkenean, ez dagoela den-dena ulertzerik ulertaraziko dio: Estebanen portaera oinarri. Hortik harrapatuko du irakurleak “elbarritu emozionalak gara” sententzia.

Denok ezagutzen dugun baina aski gutxi dakigun gai bat aukeratu du Mintegik honakoan. Eta irakurle ororentzako dauzka ekarpenak: gehiago eta gutxiago dakigunontzat. Maitasuna den-dena jakiterik ez dagoen ikasgaia baita.

Irakurtzearen plazerraz gozatzen dutenentzako, Laura Mintegiren azken liburua “irakurri behar diren horietakoa” da. Estiloz zuzena eta irakurterraza, egitura aldetik landua, eta edukiari dagokionez, aberatsa izateaz gain, ekarpenak oparo dituena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak