kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Beñat Dardo / Joxan Oiz / Susa, 2006

Inprimatu gabeko koplak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-12-17

Literatura literaturara bihurritu ohi da maiz. Bihurtze horretan, idazleak ere literaturagai edota literatur pertsonaia bilakatzea nahikoa baliabide erabilia izan da. Dena dela, euskal nobelan ez dira hain ohikoak euskal idazleak literatur pertsonaia bilakatu dituzten lanak. Bai, aspalditxo, literaturaren sortzaile bat edo beste izan zen nobelara eramana; esate baterako, Jon Etxaideren Joanak joan mardul hartan Etxahunen bizipenak fikziora bildu ziren. Bai, azken aldian autofikziorako joera hedatuz doa, baina norbera ez den idazle bat nobelara eramateko saiorik ez da apenas. Salbuespenetariko bat dugu Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadi nobela ederra Lauaxeta poeta fikziora jauzarazi ez ezik, autofikzioaz ere baliatzen dena. Esango nuke, euskal literaturaren tradizioaren haria makal samarra izateak ekarri duela idazleak nobelako pertsonaia bihurtzeko ohiturarik eza.

Horiek horrela, Joxan Oizen Beñat Dardo nobelak euskal literaturan ezohikoa den kontagaia jorratzen du. Nolabait tradizioari heltzeko eta tradizioaren haria sendotzeko asmorik badu, baina, era berean, tradizio horri prisma berriez begiratzeko proposamena da.

Nobela honek Bernat Etxepare idazlea fikziozko pertsonaia bihurtzen du, eta are zehatzago, Etxepareren bizitzaren aldi jakin baten nobelaratzea da. Hain zuzen ere, Donapauleko kartzelaldian abiatzen da narrazioa, 1538. urtean, eta Linguae Vasconum Primitiae liburuaren argitalpenarekin itxi, 1545. urtean. Bi une hauen arteko lotura bi hari nagusiren bitartez egiten da: batetik, Martin Bereau borreroaren eta Etxepareren arteko harremanaren haria dago; bestetik, Etxepareren koplen idazte eta inprimatzea jorratzen dituen haria dago.

Lehen hariarekin abiatzen da nobela, eta borreroaren begietatik emango zaigu preso dagoen Etxepareren berri. Abiapuntu honek irakurlearengan interesa biziarazteko modu eraginkorra dela iruditzen zait; izan ere, borreroak presoarekiko duen jakin-min eta harreman horretatik Etxeparerengan hurbiltzean, irakurleari idazle garaztarraren irudiari bestelako ikuspegitik hurbiltzeko egokiera zabaltzen dio. Halaber, Martin Bereau borreroaren aurkezpena bera maisuki egina da, eta irakurlearen arreta biziarazteko indarra duena. Bestalde, borreroaren eta Etxepareren arteko solasaldietan Etxepareren gaztaroaren berri izango dugu, eta baita haren pentsamoldearen berri ere. Lehen atalean borreroaren eta Etxepareren artean gorpuzten den harreman horretan asmatu dela iruditzen zait, interesa bizirik iraunarazteaz gain, pertsonaien ezaugarri eta zertzeladen tantakatzeari ere neurria hartu zaiolako. Dena den, bigarren ataletik aurrera nik neuk izan dut penarik, hasiera batean harrapatu nauen borreroaren pertsonaia horrek nobelaren amaieran indarra galdu duelakoan bainago, eta zenbait pasartetan hasieran liluratu nauen pertsonaia horren erakargarritasun eta sinesgarritasuna leundu delakoan.

Bigarren hariak, esan bezala, Etxepareren sormenaz hitz egiten du: kartzelaldian idazketa eta irudimenaren uneak kontatzen dira, eta kartzelatik atera ondoren, idatzirikoak paper tindatuan ikusi ahal izateko igarotako nekeak eta minak kontatzen dira. Hari honetan, beraz, Etxepareren hainbat kopla tartekatzen dira, eta nobelaren mamia ezagun ditugun kopla horiekin gurutzatuz doa, Etxepare idazlearen irudia zabalaraziz.

Azken buruan, Beñat Dardo nobelak euskal literaturaren historian Bernat Etxeparez sortu den irudira hurbiltzeko beste ertz asko zabaltzen dizkio irakurleari. Hartara, “inprimaturiko lehen liburuaren egilea”-ren goiburu herstu horretatik urruntzeko gogoa nabari da. Horra hor nobelaren izenburua bera, Etxeparek lagunartean izan bide zuen goitizenez bataiatua.

Baina, are garrantzitsuago dena, nobelaren unibertso literarioak bere hartan badu xarmarik, tenkarik eta erakarpenik, harien korapiloak taxuz lotu direlako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak