kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Lehen amodioa / Askoren artean / Igela, 2000

Nola hazten da amodioa? Joxemari Carrere / Gara, 2001-02-10

Nork ez du gogoan lehenengo amodioa? Uda hura? Herriko festa berezi haiek? Edo ustekabeko elkartze hura? Nork ez du gogoan amodio hark sortarazi zizkigun zirrarak eta ametsak? Baten batek -arima asperturen batek- gutxietsi egingo du sentipenen ate zabala zabaldu zigun elkartze hura. Elkartze agian urrundua, agian ezezaguna, baina aztoramendu txingurritua, biziarazitakoa. Lehengo amodioa, munduaren zabala ezagutu genueneko une ahaztezina. Lehenengo amodioa, laztanen beste dimentsioa ikasi genuenekoa. Lehenengo amodioa, gau goibelen laguntzailea. Nork ez du lehenengoz norbait maite izan erraiak urtzeraino? Gogoa bere onetik irten arte? Errealitatea desiraren galbahetik iragazi? Eta, beharbada, poemarik sentikorrena idatzi. Bai, badakigu, handik urteetara lotsatu egiten gaitu poema txoro horrek; baina berrirakurtzean aspaldiko garaietara garamatzan amets gozoa izango dugu.

Tira, zer esango dizuet, jakin jakingo duzue zuetako bakoitzak zer den lehen amodioa, eta bakoitzak bere esperientzia izango du eta hori trukagaitza da. Eta horretaz ari dira Igela argitaletxeak argitaratu berri duen liburuan. Literatura sailean atzerriko egileen lanak argitaratzen dituen hamabigarren eskaintzan gai hori jorratzen da. Bost idazleren ipuinak ekartzen dizkigu argitaletxe nafarrak, bostak ere literatura unibertsalak eman dituen idazlerik handienetakoak. Dylan Thomas, Cesare Pavese, Gerard de Nerval, Guy de Maupassant eta Samuel Beckett hurrenez hurren izango dira lehen amodioaz istorio zoragarriak kontatuko dizkigutenak. Bildumari ere izenburu hori jarri diote: “Lehen amodioa”.

Estilo ezberdinaz kontatutako istorioak, non idazle bakoitzaren estiloa argi ikus dezakegun. Dylan Thomasek bere jatorrizko Galesko gazte giroa ekarriko digu, lagunartean egindako irteeran gertatutakoa. Pavese italiarrak samurtasunez eta era berean barru kontzientziaz ariko zaigu sentimenduen bide azalezinak erakutsiz. De Nerval frantziarra erromantizismoaren estilo garbienaren erakuslea dugu; eta Maupassantek beldurrezkoa baino ezusteko elkartzeen samurtasuna eta ametsa biziaraziko dizkigu, errealitatearekin alderatzen denean bizitzaren alderik saminena azalduz. Frantsestutako Beckett irlandarrak ipuinen artean estiloan bortitzena eskaintzen digu, bere ohiko estiloari jarraituz. Agian, azken honek erakusten digu ikuspegirik orijinalena eta gure garaietatik hurbilen dagoena, batez ere etorkizunik gabeko bizitzaren isla deskribatzerakoan. Guztiak ederki itzuliak Joseba Urteagaren eskutik, itzultzailearen lana ondo beteaz, hau da, protagonismoa egileari utziz.

Liburu hau esku artean hartzen duen irakurleak literatura unibertsaleko bost idazleren estilo zein istorioekin gozatzeko aukera ederra izango du eta, bide batez, bere lehen amodioa ekarriko du gogora, eta, ziurrenik, guztietan aurkituko du bere burua islatua, esaldi bakar batean besterik ez bada. Azken finean literaturaren helburua hori baita, irakurlearen barruak mugiaraztea, irakurtzen ari den istorioa bere baitan garatzea eta imajinatzea, bere irudiak sortuz idazlearen laguntzaz. Ipuin hauekin irakurleak lehen amodio guztiak ezberdinak direla ikusiko du eta, berdin, denek errotik gauza bere direla, alegia, norberaren bizitzari sentimenduen bide ezezagunen aztoramendua erakusten digutenak.

Zorionekoak gu, halako lanak euskaraz, edizio txukunetan eta itzulpen egokietan eskuratzerik badugulako. Egitekorik badugu oraindik, baina bidea lehenengo urratsarekin hasten da. Amodioa bezala.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak