kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Ahardikeriak / Marie Darrieussecq (Joxan Elosegi) / Elkar, 2004

Hitz egiteko modu bat Igor Estankona / Deia, 2005-02-08

“Feministek denek hitz egiten dute berdin”. Matxismo instituzionalak maiz erabiltzen duen makulua da. Hainbeste aldiz entzun dugu, non buelta erraza baitauka: arkeriak bai hitz egiten duela beti berdin. Alde guztietara luzatzen ditu, ordea, erroak, eta zaila da keinu txikiena ere kutsatuta egon daitekeela ohartaraztea. Beste bidetik jota, traza lodiak erabiliz, Marie Darrieussecqek satira erdi-filosofiko bat landu zuen 1996an, ez horregatio sakontasunik gabea, Joxan Elosegik itzuli eta Alberdaniak orain argitaratu duena.

Metamorfosiaren ideia zaharra berrituz, pausotxo bat aurrera ematea lortu du Baionako idazleak. Protagonistaren transformazioak leherketa baten antza dauka, emakume fin eta otzan baten infernurako jauzkera dirudi: lanak lotua, estandarrek martirizatua, gizonek erabilia… gorputza da azkenean errebelatzen zaiona, kontzientzia baino areago, eta gorritu, loditu, ezkurzaletu egiten da. Erdi makera erdi gizaki bihurtzen da. Bortxa eta iluntasuna opatzen dizkigu kontaketak, baina baita umorea eta zorroztasuna ere. Muga puntakoetan dabil “Truismes” arrakastatsu hau, eta nahasmena tresna literario eraginkor bilakatzea da bere lorpenik handiena. Halan da ze, desordenik handienak jotako emakume baten ibilerak baino arean gehiago da “Ahardikeriak”. Ukitu egin daiteke bere fisikotasuna, baina hegan doa irudimena testuaren freskotasunak eramanik. Gutxitan aurkituko ditu irakurleak gizartearen putzu zikinak hain garbi deskribatuak.

Txerri-makera bihurtu den lurrin dendako langilearen kasua erraz sar daiteke “nortasunaren bilaketa” deitu izan zaion horren barruan, baina nago liburu honetan ekonomia, klasismoa eta andra-gizonen harremanak direla aztergai —kanpoko mundua, alegia— protagonista aitzakia harturik. Eta oroz gain arkeria da modu bortitzean eta buru oso argiz deskribatzen zaigun ahardikeria printzipaletako bat. Neurria hartzen die Darrieussecqen lumak munstro guztiei, gainezka egiten die, eta liburuari bitsa dario ia, esan nahi baita deskribatzen duena bezain bortitz hitz eginarazten diola protagonistari ere, xalo baina artez, hizkera ikuspenera egokituz.

Emakumeen gurutzebide sozialaren kritika egiteko balio du giza-ahardi otzan batek, patua matarifearen ahiztoa bezala onartzen duena. Horregatik da hain mikatza jolas sexual baten antzera hasten den txerriboda hau.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak