kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Kilkerren hotsak / Edorta Jimenez / Susa, 2003

Orainetik oroimenera bidaia Oier Guillan / Gara, 2003-12-27

Ez da edonolakoa Edorta Jimenezek Gerra Zibilera gerturatzeko aukeratu duen bidea: protagonista nagusiak fikziozko pertsonaiak izan arren, egiazko gertakizun eta dokumentuetan oinarritu da. Mallona Mundakako alkate zen faxistek gerra frontea bertaratu zutenean. Gerra ulertzeko modu propioa izan zuen, baina, edonola ere, faxistek atxilotua eta fusilatua izan zen, helegite eta askatzeko saio ugarien ostean. Uriarte narratzaile eta protagonistaren bidez hori guztia jasotzen duten dokumentuen nahiz haiei loturiko oroitzapenen berri izanen du irakurleak.

Gerra Zibilarena itzal luzea duen zauria da askorentzat, hamarkada luzeetan zehar inposatutako isiltasun ofizialak bermatuta. Agian, gero eta gehiago dira Gerra Zibilari loturiko gogoetetan sakontzera bideratutako lanak, idatzi gabeko historiaren hutsunea nolabait osatzera datozenak. Testuingurua erreala izanik, fikziozko lan bat modu sinesgarrian gauzatzea oro har zaila iruditzen bazait, are gehiago izen ezagunak nahiz pasarte errealak fikziozko pertsonaiekin batera agertzen direnean. Liburu honetan Mallonaren inguruko gertaerak argitu nahi dituen bisitari misteriotsuak eta Uriartek daramate narrazioaren hari nagusia. Agian bisitariaren bilakaerak sortzen ahal du zalantza gehien sinesgarritasunaren aldetik, baina, egia esan, atarian aipatu zauriek ezin aurreikusi diren ondorioak ekar ditzakete sarri.

Orohar narrazioa bere urrats guztietan oso ondo lotuta dagoela iruditzen zait. Uriarte pertsonaia gakoa da kontaketan, betiere bisitariaren kontrapuntu egokiarekin: soilik “espioitza zerbitzuetan” edo antzekoetan dabilenak izan lezake horrenbeste egoera eta pertsonaia erreal aurrez aurre ezagutu eta haien inguruan iritzia emateko aukera. Uriarte bera oroimenarekiko saminaren adierazle izan liteke bestetik, Mallonaren ingurukoak kasu ezin izan baititu inolaz ere ezabatu. Oroimenean gordetako horiek askatzeari dagokion garrantzia ematen dio gainera, agian zahartu denaren erritmo pausatu eta metodikoaz.

Irakurtzerakoan suma liteke informazioa eta datuetatik areago joateko asmoaren arteko oreka. Jimenezek erraz menderatzen ditu sinesgarritasunaren mugara gertura litezkeen uneak, besteak beste, Uriarte, lekuko izateaz gain, gerran nahiz gerraren pare abailtzen diren bestelako istorioetan ere parte aktiboa delako. Elenarekin bizi duen harremana kasu, narrazioan unerik aproposenean agertu ohi da eta beste dimentsio bat ematen dio, gerraren gordintasuna lausotu gabe, istorio ederra osatuz, tartean aipagai duen Hemingwayren zenbait lan gogoan.

Bestetik, badira bigarren maila batetik gerrari loturiko pasarte esanguratsu ugari eta aipamen berezia merezi dute kazetaritzari lotutakoek. Lauaxeta eta Robert Capa bezalako kazetari ugarien lana gertutik jarraitzen da eta sarritan aipatzen da errepublikaren baitakoargitalpenen, propagandaren eta amaiera aldera faxismoarekiko konplizitatea agertu zuten komunikabideen izaera ere.

Lan honetan memoriak duen garrantzia gelditzen da agerian, bereziki Gerra Zibila tartean denean. Eleberri gisa gustura irakur daitekeen liburua iruditu zait, fikziozko datuak historikoekiko trebetasun handiz uztartzen dituen lana.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak