kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Enarak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2025

Izaki materialen gainean Paloma Rodriguez-Miñambres / El Correo, 2025-12-06

Bernardo Atxagak “Etxeak eta hilobiak” (2019) bere azken eleberria izango zela iragarri arren, “Enarak” kaleratu du aurten. Sinetsi dakieke, beraz, idazle kontsakratuei nobela gehiago argitaratuko ez dutela esaten dutenean? Iragarki horiek errespetu eta eszeptizismo osasuntsu batez hartu beharra dago, badakigulako literatura-bokazioa adierazpen publikoak baino indartsuagoa dela (behar ontologikoa, akaso).

“Enarak” Urtain boxeolariaren hiletarekin hasten da, lau aingeru soldaduk behatu bitartean. Horietatik Uzariel izenekoak, nagusiki, kontatzen ditu gurutzatzen diren istorioak, hiru hildakoen eta haien hiletara doazenenak, bizitza eta heriotza prozesu natural beraren zati banaezinean.

Narrazioaren berezitasunen artean: izaki ez materialak izendatzen dira gizakiak liburuan eta narratzaileak ez du ahotsik, horren ordez klaribidentziaren ahalmena (batzuetan huts egiten diona, alabaina) baliatzen du, batetik, gertatuko dena aurreikusteko —izaki materialen bizitzetako sekretuak— eta, bestetik, informazio osagarria —xehetasun bitxiak— emateko. Horrek guztiak kontatzen zaigunarekiko arroztasun-sentsazioa eragiten du, baita une dibertigarriak ere.

Atxagak estiman izan ohi dituen gaiek aberastu eta ñabartu egiten dute eleberri hau: oroimena —indibiduala zein kolektiboa—, naturarekiko harremana, artearen garrantzia, maskarak eta identitatea, literaturari buruzko gogoeta. Horiei gailentzen zaie adiskidetasuna, “Enarak”en maiz agertzen diren bakardadearen eta inkomunikazioaren ifrentzua eratzen duena.

Baliabideei dagokienez, muin errealista eta kutsu fantastikoa elkartzen dira egitura zatikatuan (hiru atal, baina horien barruan gidoi moduko episodio anitzez osatuak), zenbaitetan irakurleari ahalegina eskatzen diona; kultua eta herrikoia etengabe konbinatzen dituen erregistroen nahasketa, eta, azkenik, giza esperientzien konplexutasuna erakusle, kontrapuntu gisa funtzionatzen duten umorezko eta ironiazko elementuak, adibidez, onomatopeiak pertsonaia zehatz batzuk karakterizatzeko, portzentajeak adieraztea pertsonaien keinuen benetakotasuna neurtzeko, koloreen izen asmatuak…

Laburbilduz, bere lehen nobelatik (“Ziutateaz”, 1976) narrazio-corpus berezi bat eraiki du Atxagak, esperimentazio formala, sakontasun tematikoa eta euskal hizkuntzarekiko eta kulturarekiko konpromisoa uztartu dituena. “Enarak”en abangoardiarako joera hura antzematen dugu berriz. Hizkuntzaren gaineko arreta, irudien zehaztasuna eta arkitektura narratiboa zaintzen ditu, tradizioaren eta modernitatearen, ahozkoaren eta idatzizkoaren, tokikoaren eta unibertsalaren arteko tentsioa ongi irudikaturik baitaude liburu honetan.

Irakurleoi pazientzia izatea dagokigu bere azken eleberria gure eskuetan dugun jakiteko. Ordurarte, goza dezakegu aingeru erorien kontaketekin irribarre bihurria gure aurpegian zirriborratzen den bitartean.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak