« Izadia eta gizadia batzen dituen eleberri poetikoa | Euskaldunaren izate ezinezkoaren adierazgarri »
Zurubi luzea / Pello Zabaleta / CAP, 1980
Zurubi luzea Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-09
Bizitzarik ez odolik gabe, ezta herririk ere hitzik gabe. Baina hitzari negarra dario noizbehinka, eta herriari odola. Minetik jaiotzen dira maiz hitzak. Minetik sortzen da bizitza ere. Eta, askotan, atsekabea eta maitasuna batera doaz, kate berarekin loturik baitaude. Kateak askatzeko eskubidea izateak ez du, ordea, nahitaez askatasuna ziurtatzen. Inoiz ez gara aske, baina askatasunaren mailaketan, batzuk aurrerago daude beste batzuk atzerago egoteari esker. Horrela gertatzen da gainerako esparru guztietan ere. Guztiok eskubide berberak izan arren, denok ez gaude egoera berean. Baldintza guztiak elkar elikatzen dira, aurreak atzea behar duelako bere kokalekuaren abantailaz jabetzeko, eta ezkerrak eskuina behar duelako itxaropena zein norabidetan galdu zen jakiteko.
Herritarren odolak gorriz tindatu zituen herriko ateak, “Plagak plagaren gainean / urtetan izan ditugu, / aingeru hiltzaile gaiztoa / hamaikagarren plagarekin dugu / indarrez azkenean garaitu”; mahatsa bezala zapaldu zituzten, “Baina, / Guk edango dugu gure ardoa / handik mozkortzeraino / botagurea amorruz egiteraino”; tiroz jotzen eta senideak etxetik erauzten, “bizitzak ez du balio gure herrian / pistolaren tiroa baino gehiago”. Minez beteriko garaiak, burdinaren kiratsak eta tiro-hotsak hartutako kaleak. Halandaze, ezin zorionezko hitzik esan. Zezenaren patua herriaren berbera zen: “Euskadiri eman zigorra / nahi diote zigorra / gogorra / zapalduko dutelakoan”. Geroan zegoen jarrita esperantza osoa, egoera noiz hobetuko, herri berri bat noiz sortuko zain. Eta zuhaitz berri horren adarretan esekigo zituzten berriro eskubideak.
Odola dago odol edaleak dauden tokian: “Eta odol edalea dago gainean, / gizon baten odol edalea, / otsoak edaten duen bezala / gizon baten edalea dago gainean”. Eta orduan hasten da fedearen pisua astunagoa bilakatzen, zalantzaren zama nabarmenagoa izaten, galderaren erantzuna mingarriagoa suertatzen. Errealitatearen kontrapisuak sinesmenari irabazten dio, gordinegia delako, bistakoegia akaso, eta hurbilago sumatzen duelako gartzelan dagoen anaiaren mira Jaunaren errukia baino. “Barkatu, Jauna, gaur / galtzen badut itxaropen hondarra / eta fedearen indarra. / Euskal Herriak badu bihotza, / Jauna, / sentitzen du fusilatuaren heriotza”.
Gazteen odolez egin izan dira bizitzak, baina zertarako da odola, “ez bada / beste gizon lagunek / etsaiek / alperrik ixur / eta / xurga dezaten?”. Besarkatzen dugunean, aldiz, azala eta oroitzapenak besarkatzen ditugu, ez odola. Besarkatzen dugunean, ez dugu gorputz soil bat besarkatzen, maitasuna bera baizik. Gurekin ez dagoen senide bat besarkatzeko gurariaren mina agorrezina da. Anaia gartzelan duen poetak olerkiz josten ditu hura besarkatzeko aukerarik eman ez zaion egun eta gau bakoitza. “Ez zekien penaz / zegoenaren minak ez duela / pertsonaren ezina / ehortz haren penetan nekea?”. Zain egotea besterik ez zaio geratzen itxaropena guztiz galdu ez duen jagoleari. Beso banatan izan baitaitezke itxaropena eta tiroa. “Gosea sortu du gizonak / diruak altxa ditu txabolak / farrak ernarazi negarrak”. Anaia besarkatzeko garrasia, finean, abesti bihur daiteke nekearen eraginez, “gure hizkuntza gaurkoa / ibai guztien gaindi / argia / besarka nahi zaitut”.
Odolarekin ordaintzen ez duguna, ostera, izerdiarekin kitatzen dugu. Seme-alaben geroa, esaterako, izerdiarekin ordaintzen dugu goizero lanera joateko jaiki behar garenok. Pobreari aholkua ematen dio legazpiar poetak: “Ez luzatu eskua / pobrea bazara / kenduko dizute / bestela”. Ogia Jesusen gorputza da kristau sinestunarentat; eta, era berean, ogia bizitzeko beharretako bat da familia aurrera atera nahi duen edonorentzat. “Lanaren semeak kantatzen du / tirikitaukitauki / izerdiarekin egoso du labean / bizitzeko behar duen ogia, / semearen jakintza ordaindu / tirikitaukitauki / nekatzen bada, ez daki / nola izerdia lehortu”. Lanaren semeak lanaren zortea baizik ez du ikasiko, ordea.
Lurrak ematen ditu bizigaiak eta mintzoak. Lurrak ematen, halaber, labean ogia egosteko nahiz eskubideak idazteko papera kiskaltzeko sugaia. Ematen duenak kentzeko ahalmena ere badu. Halarik ere, lurrak egiten gaitu gu, hura gabe ezin baikara izan. Lurretik biltzen ditugu negarrak bihurtuko diren farrak. Eta farretik sortzen da zinkurina ere. “Bizia da biziago / ametsetan”. Lurra zenbateraino maite dugun asmatzea ez da auzi makala. Ematen eta kentzen duen lurrak abaroan ditu guztion zoriak, onak eta txarrak. Poetak argi dauka: “Hilobiraino / maite dut lurra / gure lur apurra / odola edan ondoren / asetzeko geratzen den xurra”.
Baina bizitza musika ere bada. Ametsezko doinuz betetzen ditugu goizak eta Chopinen notekin erortzen doazen arratsak; galderez, berriz, gauak. Dantza da pozerako bide bakarra. Sorginak bere kobazuloko atea erakutsiko digu nora goazen galdetuz gero. Kantaz eta dantzaz blaituko gara bihotzean amodioa taupaka hasten denean. Ihesean dabilen egunari argia eskatuko diogu, ez baitago argirik ilunetan, bai, ordea, iluntasun-liparrik argiaren izpi zurixka itsugarrietan.
Zotinka askatuko ditugu samina eta haren arrasto bilakaturiko oroipena gure barrenetik. Amets berria sortzen hasiko gara, ametsean sinesteari uzten ez diogun bitartean. “Txingorrak jo du udaberria, / ibaietan doa hondakin ustela, / sartu da enbor zaharrean zapelatza, / norentzat ekarri duzu amets berria?”. Jakitun gara, hain zuzen, zoriona dagoela maitasuna dagoen toki berean; sua desioarenean.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi